Amnesty Internationalek salatu du Libanok iheslari siriarrak torturatu dituela

«Terrorismoa» egotzita atxilotutako 26 siriarren kasuak jaso ditu erakundeak. Atxilotuetako lau 18 urtetik beherakoak ziren

arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Siriako gerratik ihesi joandako herritarretatik batzuk «oinarri sendorik gabe» atxilotu eta torturatzea egotzi zien atzo AI Amnesty International erakundeak Libanoko informazio zerbitzuei. Giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak txosten batean jaso ditu «terrorismoa» egotzita atxilotu eta torturatutako 26 siriarren kasuak, tartean atxilotuak izan ziren unean 18 urte baino gutxiago zituzten lau gazterenak. Atxiloketak armadako informazio zerbitzuek egin zituzten, 2014. eta 2021. urteen artean, eta deskarga elektrikoak eta kolpeak salatu zituzten atxilotuek, besteak beste.

«Militarrek edozein aitzakia baliatzen dute errefuxiatu guneetan atxiloketak egiteko, hasi informatzaile batek esandakoetatik eta sakelako telefono batean aurkitu duten datu bateraino», dio txostenak. Bertan jasotakoaren arabera, Defentsa Ministerioak Beiruten duen espetxera eraman zituzten lehenik, eta auzitegi militar baten aurrera ondoren. Atxilotu zituztenetik auzitegira eraman zituzten arte, hilabete baino gehiago igaro zen ia kasu guztietan. Erakundeak zabaldu duenez, gainera, iheslariei ez zieten atxiloketaren zergatiaren inguruko azalpenik eman, ez eta abokatu bati deitzeko eskubidea zutenik azaldu ere.

«Pertsona horiek gerratik eta torturetatik ihesi atera dira Siriatik, eta, Libanon sartu eta berehala, egoera berean daudela aurkitzen dira. Libanok azalpenak eman behar ditu giza eskubideen urraketa horien inguruan. Justiziari barre egiten ari dira», gaitzetsi zuen AIko ikerlari Marie Forestierrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.