SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Turkiak orain dela bi aste Siriaren menpeko Kurdistanen hasitako aire erasoak erabaki bat hartzera bultzatu ditu SDF Siriako Indar Demokratikoak. Koalizio horrek YPG (Herriaren Babes Unitateak) milizia kurduak dauzka indar nagusitzat, eta AEBen laguntza militarra jasotzen du, eta, jakinarazi duenez, eten egin ditu indarrean dauden EI Estatu Islamikoko zelulen kontra Pentagonoarekin egiten ari zen operazioak.

SDFk aspalditik ohartarazia zuen Turkiak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zutela. Horrek esan nahi du, horrenbestez, baliabide gutxiago eduki dituztela bai EIko kideak hartzen dituen kartzela bat zaintzeko, bai muturreko talde islamista horren ekintzen kontra borrokatzeko. Koalizioaren bozeramaile Aram Hennak atzo jakinarazi zuen eten egin dituztela «terrorismoaren aurkako operazio bateratuak eta horien koordinazioa».

Ankarak duela bi aste hasi zuen erasoaldia; hain zuzen, Istanbulen sei hildako eta 81 zauritu eragin zituen atentatu bat gertatu eta astebetera. Turkiako Gobernuak milizia kurduei eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiari egozten die hura egin izana, nahiz eta haiek ukatu.

Horiek horrela, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak telefonoz hitz egin zuen Turkiako bere homologo Hulusi Akarrekin asteazkenean, eta adierazi zion Ankara Siriaren menpeko Kurdistanen egiten ari den erasoaren kontra dagoela Washington, «irmoki». Hori esan zuen herenegun Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek. Gainera, Turkiako armadak lurretik egin asmo duen erasoari buruz mintzatu ziren. Izan ere, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak azaroaren 22an baieztatu zuen lurreko eraso bat ere egingo dutela.

Agerraldi horretan, Ryderrek adierazi zuen AEBek YPGrekin egiten dituen patruilatze lanak murriztu behar izan dituztela, milizia kurduek beren patruilak murriztu dituztelako. Ez zuen ezer esan, ordea, operazio bateratuak eteteaz. Hori bai, ez du «alferrik galtzen utzi» nahi 2017az geroztik SDFrekin EIren kontra egindako «ahalegina».

Siriaren menpeko Kurdistango administrazio autonomoko barne desplazatuen bulegoaren burua da Xeikhmous Ahmed, eta Reuters berri agentziari esan dio Al-Hol desplazatuen kanpalekuan operazio humanitarioak eten dituztela azkeneko asteotan. Ohartarazi du, bide batez, horren ondorioz handik alde egiten ahalegindu direla EIra afiliatutako adingabe batzuk.

70 bat hildako

SDFren buru Mazlum Abdi jeneralak aste honen hasieran azaldu zion Reuters berri agentziari Washingtonen «mezu indartsuago bat» espero duela: «Urduri gaude oraindik. Adierazpen sendoagoak behar ditugu. Turkiakiragarri du zer asmo duen, eta aurrera egiten ari da. Beste herrialde batzuek hartzen duten posizioari buruz egiten ari den azterketak erabakiko du inbasioa hasiko duen edo ez».

Azaroaren 20az geroztik izan diren bonbardaketetan, gutxienez 70 pertsona hil dituzte. Hildakoen artean daude milizia kurduetako kideak, Siriako armadako soldaduak, eta baita zibilak ere. Turkiari bonbardaketak bertan behera utz ditzan eskatzeko, manifestazio ugari eta jendetsuak egin dituzte azkeneko bi asteotan Deir ez-Zor, Kobani eta Qamixli hirietan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.