Europako Parlamentuak giza trafikoaren kontrako neurriak gogortuko ditu

Ganberak delitu gisa tipifikatuko du giza trafikoaren biktimen sexu zerbitzuak kontsumitzea. Biktimen %92 andreak eta haurrak dira

Giza trafikoaren aurkako protesta bat, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Atzo goizean egindako saioan, giza trafikoaren kontrako neurriak gogortzeko erabakia hartu zuen Europako Parlamentuak. Bertzeak bertze, sexu esplotazioaren aurkako neurriak gogortuko ditu, giza trafikoaren biktimen sexu zerbitzuak kontsumitzea delitu gisa tipifikatuz. Legedi berriaren bidez, sexu zerbitzuen erabiltzaileak zigortzeko asmoa du parlamentuak. Aldeko 571 boto jaso zituen proposamenak; aurkako 61 boto, eta 59 abstentzio.

Hain zuzen ere, aurten betetzen dira hamar urte Europako Parlamentuak giza trafikoaren biktimen prebentziorako eta babeserako legea onartu zuenetik. Egun, Europako Batasuneko giza trafikoaren biktimen %92 andreak edota adingabekoak dira, eta delitu horiek egiten dituztenen %75, berriz, gizonak. Halaber, parlamentuak nabarmendu zuen migratzaileentzako bide seguruen faltak horien zaurgarritasuna eta giza trafikoaren biktima izateko arriskua areagotzen zuela.

Europako Parlamentuak giza trafikoaren biktimen prebentziorako eta babeserako legea onartu zuenetik hamar urte bete diren arren, parlamentuak atzo egindako saioan onartu zuen 2011ko legea ez dela behar bezala bete. Juan Fernando Lopez parlamentaria sozialistaren hitzetan, giza trafikoaren negozioa tamaina«estratosferikoa» izatera iritsi da egun, azken urteetako krisi ekonomikoak eta Interneten hedapenak hauspotuta.

Gainera, Lopezek nabarmendu zuen araua ez dela behar bezala bete orain arte, eta estatu bakoitzak egindako legearen interpretazioan jarri zuen horren ardura. Lopezen hitzetan, hemendik aitzinera 27 estatuetan lege bakarra izateak erraztasunak sortuko ditu legea betearazteko orduan.

Giza trafikoaren inguruan egindako 2020ko azken txostenak argi utzi du handitu egin dela giza trafikoko biktimen kopurua, baita trafikatzaileek lortzen duten diru kopurua ere. Azken datuen arabera, munduan, urtean 30 mila miloi eurotik gorako irabaziak lortzen dituzte trafikatzaileek giza trafikoari esker. Europan, berriz, giza tratuak utzitako diru kopurua 2.700 miloi euro ingurukoa da.

Azken urteetako datu zehatzik ez badago ere, 2018an egindako azken zenbaketaren arabera, Europako Batasunean giza trafikoaren 1.415 biktima zeuden; horietatik ia denak europarrak ziren. Europako Parlamentuak uste du, ordea, egungo biktima kopurua askoz ere handiagoa dela, oraindik ere zailtasunak daudelako horietako asko erregistratzeko. Biktima horien %60 sexu esplotaziora behartzen dituzte, eta %15, behartutako lanetara; gainontzekoak, berriz, delituak eta lapurretak egitera eta aurretiaz adostutako ezkontzetara. Biktima horien laurdenak adin txikikoak dira.

COVID-19ak sortutako osasun eta ekonomia krisiak giza trafikoan izan dezakeen eraginaz ohartarazi zuen atzo legebiltzarrak. Izan ere, parlamentuak egindako txostenean adierazi dutenaren arabera, trafikatzaileak koronabirusak eragindako abagunea aprobetxatzen ari dira beren jarduna areagotzeko.

Giza trafikoaren inguruan egindako txostenean argi utzi dute trafikatzaileek gero eta gehiago jotzen dutela Internetera beren biktimak erakutsi eta saltzeko. Gainera, txostenean adierazi dutenez, trafiko sareek profesionaltasun eta esperientzia maila handiko sareak dituzte. Horietako anitzek nazioartean dihardute, eta, kasu batzuetan, mugaz gaindiko harreman sareak ere badituzte. Horregatik, giza trafikoa eragozteko neurrien artean zehaztu dute arreta berezia jartzea biktima horiek identifikatzeko prozesuei.

Halaber, giza trafikoak Interneten duen presentziaz jabeturik,horiek eragozteko neurriak hartzeko deia egin zuen Ylva Johansson Europako Barne komisarioak. 27 estatuetako Poliziei «elkarlanean» aritzeko deia egin zien komisarioak, eta argi utzi zuen giza trafikoa eragozteko ezinbertzekoa dela sexu zerbitzuen eskaria ere gutxitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.