Macronek konpromisoa eskatu die alderdiei blokeo politikoa saihesteko

Oposizioari galdegin dio datozen 48 orduetan argitzea «noraino iristeko prest» dagoen. Adierazi du aliantza zabaltzeko lan egingo duela

Emmanuel Macron, atzo, herritarrei egindako hitzaldian. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak lehen adierazpenak egin zituen atzo bere koalizioak gehiengo osoa galdu zuenetik Asanblea Nazionalean, joan den igandeko bozetan. Herritarrei egindako diskurtso baten bidez eman zituen lehen mezuak hauteskundeek utzi duten agertoki politiko berriari buruz. Helburu argi bat ezarri zuen: blokeo politikoa saihestea. Horretarako, konpromisoa eskatu zien oposizioko alderdiei. «Ikasi behar dugu beste era batera gobernatzen eta legeak egiten».

Macronen iritziz, alderdien arteko akordioak ezinbestekoak izango dira «geldialdia» eragozteko. Hori dela eta, oposizioko alderdiei galdegin die argitu dezatela «noraino iristeko prest» dauden, eta argitu dezatela hurrengo 48 orduetan. Jakinarazi du bera gehiengoa zabaltzeko aliantzak lortzen ahaleginduko dela datozen asteetan.

Presidenteak aurreratu du oposizioa gertu dagoela presidentearekin elkarlanean aritzeko gai «garrantzitsuenetan», eta inflazioari, klima larrialdiari eta langabeziari aurre egiteko neurriak hitzeman ditu udararako.

Macronek bilera sorta bat egin zuen, herenegun eta atzo, oposizioko buruzagiekin, aliantza berri bat lortzeko, baina ez du babesik bildu, lehen zituen aliatuetatik harago. Beraz, oraingoz, proiektuz proiektu bilatu beharko ditu horiek aurrera ateratzeko beharko dituen botoak.

Testuinguru horretan, akordio posibleei buruzko iritzi kontrajarriak azaleratu dituzte presidentearen aliatuek: Macronen ministro batzuk irmo mintzatu dira RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiarekin elkarlanean aritzearen kontra —oposizioko lehen indarra da—. «Utz iezadazue guztiz argia izaten. Ezin da inolako elkarlanik egon, ezta behin-behinekoa bada ere, Batasun Nazionalarekin. Ez dugu ideia komunik Batasun Nazionalarekin», adierazi zuen atzo Clement Beaune Europako Gaietarako ministroak Europe 1 irratian. Aldiz, François Bayrou Justizia ministro ohiak ez dio atea itxi eskuin muturrarekin akordioak egiteari. «Harmonia lortu behar dugu sentsibilitate guztiak demokraziaren sinfonian sar daitezen», adierazi zion France Inter irratiari.

Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruzagiak gaitzetsi egin du Macronen hitzaldia, eta Elisabeth Borne lehen ministroari eskatu dio aurkez dezala gobernuaren bide orria parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.