Kongon ehundik goiti herritar hil dituzte hauteskundeen atarian

Kinshasa hiriburuan kanpaina eten dute. Igandean dira bozak, eta Kabilaren ondorengoa aukeratuko dute hamazazpi urteren ondoren

Kongon ehundik goiti herritar hil dituzte hauteskundeen atarian.
mikel rodriguez
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan mugarri izanen diren hauteskundeak dituzte hurrengo igandean. 1965etik, Mobutu Sese Sekok eta haren etsai ziren Kabila aita-semeek baino ez dute agindu herrialdean. Azken hamazazpi urteotako presidentea, Joseph Kabila, ezin izan da aurkeztu bozetara, oposizioarekin egindako akordio batek hori onartzera behartuta. Gatazka zibil ireki bat eragoztea izan zuen helburu akordio horrek, Kabilaren agintaldiak 2016an bukatu behar baitzuen, eta ezin baitzen berriz aurkeztu, baina botereari eutsi zion. Hauteskunde eguna hurbildu ahala, ordea, inoiz desagertu ez den gatazka giroa areagotu egin da. Mendebaldeko Mai-Ndombe probintzian, errate baterako, ehundik goiti herritar hil dituzte azken egunotan etnien arteko borroketan, eta Kinshasa hiriburuan, berriz, liskarrak piztu dira hauteskunde kanpaina eteteko aginduaren ondoren.

Afrikan biztanle gehien duten herrialdeen artean laugarrena da Kongoko Errepublika Demokratikoa, eta azaleraz, berriz, bigarrena. Munduko herrialde aberatsenetako bat da baliabide naturalei dagokienez —kobalto ekoizle handiena da, gailu elektronikoak egiteko ezinbertzeko materiala—, baina biztanleak munduko pobreenetakoen artean daude. Munduko herrialde aberatsenek, multinazionalek eta inguruko estatu batzuek interes handiak dituzte Kongon, eta etengabe esku hartu dute herrialdean Belgikatik independentzia lortu zuenetik (1960).

Kongoko Bigarren Gerra 2003an bukatu bazen ere—II. Mundu Gerraz geroztik biktima gehien eragin duen gatazka—, ipar-ekialdeko probintzietan hagitz gatazka larria bizi dute oraindik ere. Horri gehitu behar zaio historiako ebola izurriterik larrienetan bigarrena eremu horretan zabaldu dela —300 hildako inguru kontatu ditu Osasunaren Munduko Erakundeak—. Horrez gain, gainera, azken egunotan mendebaldean piztu da indarkeria. «120 hildako identifikatu ditugu, eta bertze 71 zaurituta daude ospitalean», adierazi dio Jules Bango izeneko ekintzaile batek Reuters agentziari. Iturri horren arabera, batende eta banunu etnien artean sortu dira liskarrak. Lider banunu baten hileta egiteko tokiari buruzko eztabaidak hasi zuen borroka, eta hauteskundeen atarian gaiztotu egin da, batendeen buruzagiek Kabilaren aldeko hautagaia babestu baitute, eta banunuenek, berriz, oposiziokoak.

Kinshasarekin muga egiten du Mai-Ndombek, eta Andre Kimbuta hiriburuko gobernadoreak atzo debekatu egin zituen bozen kanpainako ekitaldiak. «Daukagun informazioaren arabera, presidentetzarako hautagai nagusi guztien aldekoek, estremistek, asmoa dute kanpainako ekitaldietan Kinshasako karriketan liskarrak sortzeko».

Kabilaren «rola»

Kabilak ordezkotzat aukeratu zuen Emmanuel Ramazani Shadary Barne ministro izandakoa. EB Europako Batasunak haren aurka zigorrak ezarriak ditu iaztik —EBra bidaiatzeko debekua, eta diru kontuen blokeoa—, «giza eskubideen urraketa larriak prestatu, zuzendu eta egin» dituelakoan. Igandean Shadaryk irabaziz gero, espero da Kabilak eragin handia izango duela aurrerantzean ere. «Nire rola izanen da bermatzea Kongo ez dela bueltatuko hasierako atalera: hau da, duela 22 urte zegoen tokira», adierazi dio Reuters agentziari aste honetan, Mobuturen erregimena bota zuten urtea aipatuz. Shadaryri aurre egiteko aukera gehien duen hautagaia Felix Tshisekedi da, Etienne Tshisekedi politikari historiko eta 2011n presidentegai izan zenaren semea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.