Eider Rodriguezek eta Lander Garrok lortu dute Etxepare itzulpen saria

Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuaren gaztelaniarako itzulpenagatik saritu dituzte. Random House etxeak eman du itzulpena

Eider Rodriguez idazlea eta Bingen Zupiria Kultura sailburua. M. DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) eta Lander Garrok (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) irabazi dute EtxepareLaboral Kutxa itzulpengintza sariaren seigarren edizioa. Rodriguezek berak idatzitako Bihotz Handiegia (Susa, 2017) liburuaren gaztelaniazko itzulpena saritu du epaimahaiak. Bartzelonako Random House argitaletxeak argitaratu du itzulpena Un corazón demasiado grande izenpean.

Epaimahaikideek itzulpenaren kalitateaz gaindi, itzulpena jatorrizko obrarekiko leiala dela nabarmendu dute: «Itzulpena ona da, eta, hein batean, autoitzulpena izanagatik ere, idazleak ez du aukera aprobetxatu beste bertsio bat egiteko». Gainera, argitaletxeak egin duen sustapen lana ere goraipatu dute, «aberatsa» eta «trinkoa» izateagatik.

Inaxio Garro Laboral Kutxako Euskara arduradunak, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendariak, Koldo Biguri EHUko irakasle eta EIZIEko kideak, Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak, Kizkitza Galartza Etxepare Euskal Institutuko Literatura teknikariak eta Lide Hernando Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio teknikariak osatu dute epaimahaia. 4.000 euroko saria jasoko dute sarituek; erdia beraientzat eta erdia argitaletxearentzat, sustapenean segitzeko.

2015ean sortu zuen Etxepare Euskal Institutuak itzulpen saria, eta, geroztik, galegorako, japonierarako, ukrainerarako, ingeleserako eta katalanerako itzulpenak saritu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.