KRITIKA. Artea

Uztartzearen beharrak

Nafarroako Museoan ikusgai dagoen erakusketa. IÑIGO URIZ / FOKU.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

'Aukeratzea bada oraina, piezaka eraikitzen dugu'

Sortzaileak: Myriam Cameros, Irati Fernandez Gabarain, Andrea Ganuza, Liebana Goñi, Cristina Jimenez, Aizpea Lasa, Iratxe Lopez de Muniain, Itziar Reparaz, Leire Urbeltz eta Natalia Zaratiegi.Non: Nafarroako Museoan, Iruñean. Noiz arte: 2023ko otsailaren 26ra arte.

Zer da egunerokotasuna, eta zer ez da? Egun bat hasi eta amaitu bitartean behin eta berriz errepikatzen diren nolakotasunen bilketa? Monotoniarekin lotu genitzakeen gertakizun homogeneoak? Bizitzak aurrera egin ahala egunero errepikatzen ditugun ekintza kopuruak? Egunerokotasuna orainaren oroitzapen bat al da? Oraina behin eta berriz bizitzen ari zaren nolabaiteko froga, lagina, arrastoa? Kontzeptu horrekiko dauden ikuskerak, definizioak pluralak direla ondorioztatu genezake. Argi izan dezakeguna baita egunerokotasuna testuinguruak baldintzatzen duela, besteak beste.

Hausnarketa prozesu horretan barneratzeko gonbita egin zien Susana Ramosek Aukeratzea bada oraina, piezaka eraikitzen dugu erakusketaren partaide diren artistei. Egunerokotasuna kristaltzen duten testigantzak sortu baitituzte erakusketan parte hartu duten hamar emakume ilustratzaileek: Myriam Cameros, Irati Fernandez Gabarain, Andrea Ganuza, Liebana Goñi, Cristina Jimenez, Aizpea Lasa, Iratxe Lopez de Muniain, Itziar Reparaz, Leire Urbeltz eta Natalia Zaratiegi. Artista bakoitzak bere ikuskerak, irizpide estetikoak eta kontakizun propioak azaleratzen ditu, egunerokotasuna esperientzia estetiko baten itzulpen bisuala bilakatuz.

Mostra Nafarroako Museoaren lehenengo solairuan egituratzen da, espazio bakarrean, eta bertan aurkeztutako piezak museoaren bildumaren parte bihurtuko dira. Nolabait ere, ilustratzaileek beren jarduna adierazpen artistiko bezala legitimatzea helburu izanik, erakusketak ilustrazioaren gaitasun estetiko autonomoa ikusarazi nahi du.

Espazioan barneratzen garen momentuan hormak kolorez blaitzen dituzten hamar zirkulu handik hartuko gaituzte: beltza, gorria, laranja, marroia... tamaina eta forma berekoak. Eta zirkuluetara gerturatzen garen heinean, bakoitzak artista zehatz baten lana biltzen duela sumatuko dugu.

Halatan, ilustrazioak normalean testuekin uztartu badira ere, oraingoan hauek erakusteko beste modu bat aurkezteko apustua egiten du komisarioak, eta hori erakusten da erakusketaren diseinuaren bitartez. Izan ere, mostrak espazioaren egituratze estetikoarekiko zaintza landu, garbi eta interaktiboa aurkezten du jada lehenengo begi kolpean.

Esan bezala, marrazki serie guztien abiapuntua kontzeptu bera da. Honela, erakusketa konposatzen duten adierazpen estetikoek egunerokotasunaren, orainaren, egunez egunekoaren ikuskera anitz azaleratzen dizkigute.

Egunerokotasuna eta betikotasuna elkarrekin ehuntzen dituzten aurreiritziak deseraiki, berreraiki, zalantzan jarri eta estutu egiten dituzte mostra konposatzen duten piezek: batzuetan zoriontsuak gara, beste batzuetan ez; batzuetan gorputza goitik behera kitzikatzen diguten bizipenen biktimak gara, eta, beste batzuetan, ezagutzen ez dugun esperientzia berri baten amildegian kokatzen gaitu bizitzak; edo norbere gorputzarekiko bestelako pertzepzio bat eskuratzen dugu, orain arte oinarritzat hartzen genuena barreiatuz; edo bat-batean mundua gelditzen da guztiz...

Irudiek, zertzeladek, koloreek, ingeradek eta formek publikoa kitzikatu eta buruari pare bat buelta emanarazteko gaitasuna dutela ukaezina da. Baina, espazioan sortzen diren mikro-espazioak artista bakoitzaren mikro-erakusketa propioen eran ulertzen dira zenbaitetan.

Hari horretatik tiraka, hausnarketa bera abiapuntu duten hamar serieen arteko elkarrizketak zailtzen direla sumatzen da. Artista bakoitzaren espazioak bertan biltzen dituen artelanei erreferentzia zuzena egiten baitie, gune zehatzetan zentratuz eta aurrean edo alboan dauden espazioekin harremanak sortzeko aukerak murriztuz. Alabaina, zer-nolako zaporea izanen genukeen pieza, hausnarketa eta adierazpen estetiko horiek guztiak elkarren artean uztartuko balira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.