KRITIKA. Artea

Tentsioan

Mar de Dios artistaren lanetako batzuk, Donostiako Tabakaleran, Batzuk erakusketan. JON URBE / FOKU.
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun

Mar de Dios. 'Batzuk'

Non: Donostiako Tabakaleran.Noiz arte: Apirilaren 16ra arte.

Azkenaldian Tabakaleran artista gazteen presentzia handitzen ari da. Orain dela gutxi, Eremuak-en hirugarren erakusketa kolektiboa izan da erakusgai, eta Harriak programaren barruan parte hartu duten zenbait artistaren lanak bildu dituzte bertan. Orain, berriz, espazio nagusiaren alboan kokatzen den beste gelaxka xumeagoan, artista eta komisario gazteen arteko elkarketa bat proposatu dute, freskotasun eta gaurkotasun beraren ildotik jarraitzen duena. Batzuk du izena erakusketak, eta haren barruan biltzen dira Mar de Dios artistaren lanak eta Ane Lekuona komisarioaren eginak.

Artista bakarreko erakusketak izaten direnetan, komisarioaren eta artistaren arteko elkarlana are estuagoa bilakatzen da. Buruz buruko lana izaten da; batek esandakoari besteak erantzun, eta eztabaidak, elkarrizketak, ideiak eta erantzun posibleak sortzen dira. Ondoren, haietatik egokienak bilatu, aurkitu eta aukeratu beharra dago. Elkarlana izaten da; bidea batera eraikitzea eta egitea. Elkarri eskutik, oinetik, ileetatik edota gerritik helduz. Bideak ez baitira beti errazak izaten. Hamaika faktore sartzen dira tartean, ustekabekoak, trabak, zailtasunak eta hesiak. Eta haiek gainditzeko, eta beti eskertzen da esku bat, oin bat, ile bat edo gerri bat ondoan izatea heltzeko eta eusteko moduan. Erakusketa honetan sentitu eta sumatu egiten da elkarrekin taxututako ibilbidea: erakusketaren kontzeptualizazioan, piezen instalazioan.

Oso lan bereziak dira De Diosen piezak. Zeramikazko nukleoa dute, hezurdura eta giharreria; gainazalek, ordea, zeramikaren estetika eta izaera zalantzan ipintzen dute. Formen, koloreen eta ehunduren arteko josketa bereziak sortzen ditu artistak, zeramikaren tradiziozko izaerarekiko sedukziozko eta tentsiozko jolas moduko batean jardunez. Oso kolore biziko piezak dira batzuk, deigarriak: laranjak, gorriak, horiak, arrosak eta berde fosforeszenteak. Gehienak mateak dira, baina beste batzuk distira itsugarriz hornituta daude. Formak ere, erabat identifikagarriak ez diren arren, ezagunak dira, gertukoak, edo hala diren irudipena sorrarazten dute behintzat; dekoraziozko elementuetara garamatzate batzuek, eta besteek, berriz, egunerokoan erabiltzen ditugunetara, edalontzi eta edukiontzietara. Izan ere, eskuen tamainara doitutako piezak dira, maneiatzeko eta erabiltzeko errazak diruditenak. Artistak lan egiteko dituen moduei eta tresnei lotutako ezaugarria izan daiteke hori, edo nahita bilatutakoa agian; diseinuaren estetikara hurbiltzeko eta harekin elkarrizketan aritzeko hautua.

Aurreko ezaugarriei lotuta, piezen ehundura da, hala ere, zeramikaren izaera tradizionalarekin eta funtzionalarekin erabat apurtu, eta bisitarien eta lanen arteko erabateko tentsioa, harridura, egonezina eta zalantza sorrarazten dituena. Itxura izurtsua dute askok, latza, burbuila ahurrak dituzte batzuek, ilargiaren gainazalaren antzekoak, krater txikiz beteak egongo balira bezala. Belaki naturalak gogorarazten dituzte; agian, piezen forma identifikagarri edo ezagunek, haren gainazalarekin ere, garuna jolas berberean sarrarazten dutelako. Dena dela, obren ezaugarri horrek haien izaera haptikoa sustatu eta indartzen du, haien izaera funtzionala zalantzan jartzen duten neurri berean. Norbere eskuekin ukitzeko eta ziurtatzeko beharra sentitzen du bisitariak: benetan zeramikazkoak dira piezak? Lekurik ezkutuenean gordetako instintu enpiriko bakoitza pizteko ahalmena dute, zalantzarik gabe.

Eta orduantxe sorrarazten dira tentsioa eta egonezina: erakusketa aretoan egonik, erakusgai dauden piezak ezin baitira ukitu; ez genituzke ukitu behar, behintzat. Jokabide sozial hori gogorarazten duten txarteltxoak ere gehitu dituzte, badaezpada ere: «Ez ukitu, mesedez». Lanen instalazioak, berriz, honako hau iradokitzen du: piezak lurretik 40 bat zentimetrora altxatutako gainazal zabaletan daudenez, makurtu eta hartzeko aukera egon daitekeela. Ez dago inolako muga fisikorik gorputzen eta lanen artean. Eta tentsioa areagotuz doa, gainazalen inguruan paseatzen den bitartean.

Azkenerako, erakusketa zertxobait monotonoa bilakatzen da, lanak antzekoak direlako, eta haien instalaziorako erabilitako gainazalek ere —tamaina berdintsukoak gehienak— izaera hori are gehiago azpimarratzen dutelako. Hala eta guztiz ere, aretoko atetik ateratzean, ezpainetan irribarrea marrazten duten erakusketa horietako bat da. Horretan ere ez da zalantzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.