Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Ukitu txikien aterpe

Gari Aranbarriren erakusketa Koldo Mitxelena kulturunean dago ikusgai, Donostian.
Gari Aranbarriren erakusketa Koldo Mitxelena kulturunean dago ikusgai, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Elena Olave -

2022ko maiatzak 31

'Tentsioak eta bestelako paisaia emozional batzuk'

Artista: Gari Aranbarri. Non: Koldo Mitxelena kulturunean, Donostian. Noiz arte: Ekainaren 11 arte.

Beso bat luzatu gura eta ezin. Gorputz bat desiratu eta desira hori gorpuzteko keinuen xerka jardun. Nolakoak dira intimitatean soilik ager daitekeen lengoaiaren arrastoak? Nolakoak beharko lukete intimitatea osatzen duten keinuen formek, materialek? Afektu hauek modu askotara ager eta isla daitezke, eta, zehazki, hauen grafiaz mintzatzen da Gari Aranbarri bere bakarkako erakusketa honetan.

Halatan, afektuak gorde eta antolatzeko kontzeptuetatik abiatuta, hainbat emaitza estetiko biltzen dira erakusketa aretoan. Pieza hauen bidez, eta Ainara Martin komisarioaren laguntzaz, tentsio afektiboek antolatzen duten ibilbide kronologiko bat proposatzen da. Mostraren izaera kronologikoaz aparte, pieza batetik bestera sortzen diren arrasto-zubietan arreta jarriz gero, ikerketa eta ekoizpen artistikoaren zantzu progresiboaz ere jabetu gaitezke.

Proposatzen den ibilbidearen lehendabiziko pieza pareta urdin batean iltzatuta kokatzen den ipuina da, gazteleraz, frantsesez eta euskaraz idatzitakoa, Apego Ansioso izenburupean. Ipuinak 1985. urtean bikote marika euskaldun batek Frantziara egindako bidaia kontatzen du, eta bi pertsonen arteko harremanean sortzen diren tentsio, keinu baldar eta inkomunikazio egoerak azpimarratzen ditu. Istorio bera alboan kokaturiko bideoan ere kontatzen da, azpitituluen bidez.

Testuaren albo batera, ezkerraldeko paretan ageri den pantaila batean, Christo artistak Parisen 1985-1990 urteen artean egindako estaltze-performance baten grabazioa erakusten da. Bertan, oihal batera egokitzen diren eskalatzaile eta langileen gorputzak ikusten dira, gerora etengabe agertuko zaizkigun gorpuzkerak izango direnak. Gorputz jarrera horiek alboan kokaturiko marrazki batean agertzen zaizkigu, gorputzen keinu eta heltzeko moduak harrapatzeko ariketa gisa.

Eskaladaren ideiarekin jarraituz, hiru grabazio ikus daitezke. Aretoaren erdialdean proiektore bat kokatzen da lurrera bideratuta, eta proiektaturiko irudien gainean eskaladako kordelak lurrean jarrita zein sabaitik eskegita ikus daitezke, zenbait tututan lotuta eta kiribilduta. Hala, aretoan agertzen diren material eta objektuen bidez instalazio bat sortzen da, bi dimentsiotako lanen luzapen gisa agertzen dena.

Beste grabazioetako bat Super8-an grabaturiko Ite deu pieza litzateke, Azpeitia eta Azkoitia arteko harrobi bat eta paisaia erakusten dituena. Azkenik, ezkerraldeko paretan bi grabazio aldi berean agertzen dituen pieza bat ikus daiteke; behealdean rokodromo bateko eskalatzaileen gorputzak ikus daitezke, eta goialdean artistaren eta beste pertsona baten gorputzak elkarri eusten eta heltzen. Proiekzioaren bukaeran, ausaz, goi eta behealdeko bideoetako gorputzek keinu antzeko bat egiten dute, sinkronian; goialdean gorputz batek bestearen gorputza heltzeko, eta behealdean eskalatzaileak rokodromoaren paretari eusteko. Heldu eta eusteko keinu hori izan daiteke afektua agertzen duen mugimendu horietako bat.

Aranbarri bera gorputzen arteko distantziak murrizteko moduaz mintzo da Eremuak 8 aldizkarirako idatzitako artikuluan, zeina proiekzioaren alboko euskarri batean aurki daitekeen. Bestalde, aldizkarien alboan topatuko dugun eskultura piezak trantsizio moduko bat iradokitzen du, eskalatzaileen mugimendu eta gorputz keinuen irudietatik objektu eta materialetara lekualdatze bat proposatuz. Izan ere, paisaia pertsonal eta emozionalen materialak nabarmentzen dira erakusketaren azken zatian, desiren eta afektuen inguruan objektuen eta materialen bitartez pentsatzeko saiakeran.

Aldaketa horren adibide dira, esaterako, paretan ikus daitezkeen bi oihal gainjarriak. Goxotasuna eta berotasuna iradokitzen duen tonu eta ukieradun lan horrek intimitatearekin lotzen diren materialak erakusten ditu. Materialari lotutako hautu hau ez da arraroa suertatzen, asko baitira material bigun eta organikoak hautatu dituzten artistak intimitatea eta haren izaera zaurgarriaz hausnartze aldera. Bestetik, Ite deu piezaren alboko marrazki eta egurrezko obrak objektu eta materialetara gauzatutako bira horren adibide ere badira.

Beraz, esan daiteke, era batera edo bestera, mostra osatzen duten lan anitzek sorkuntzarako abiapuntu antzekoa partekatzen dutela, paisaia emozionalen eta intimitatearen nolakotasunaren esploraziorako nahia, alegia. Horretarako, oso interesgarria da artistak proposatzen duen lengoaia eta material ezberdinen erabilera, zeinak inguruarekiko afektu eta desiretan pentsatzeko eta hauen berri ematen duten paisaia intimoak konposatzeko baliatzen baititu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost puntuko aldearekin

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...