Perezek bere duintasunari eraso egin izana salatu du

joxerra senar
Iruñea
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Laura Perezek isiltasuna hautsi nahi izan du. Nafarroako Ahal Dugu-k kanporatu egin zuen otsailean, eta Podemosek berretsi egin zuen erabakia maiatzaren 3an. Atzo, Perezek ukatu egin zituen bere aurka eginiko akusazioak, eta boto emaileek emandako agindua bete duela nabarmendu zuen une oro. «Berriro egingo nuke», esan zuen irmo. Haren hitzetan, laukoarekiko leial jokatu du, eta, era berean, zorrotza izan da akordio programatikoa betetzeko orduan. «Deserosoa izatea bada ordaindu beharreko prezioa, nire gain hartzen dut». Horregatik kaleratu dutela uste du Perezek.

Hilabeteotan haren izen ona auzitan jarri dela-eta, bere jarduera politikoa defenditu du agerraldi batean, Carlos Couso eta Ruben Velasco parlamentariak alboan zituela. Ahal Dugu-k kode etikoa urratu izana egotzi zion, baina Perezek bere egin du akusazio hori. «Ez nuke nik Ahal Dugu-tik kanpo egon behar, kanporatu nauen zuzendaritzak baizik». Haren ustez, alderdiak «politika zaharraren jarrera okerrenak» normalizatu ditu orain. «Ustelkeria ez da soilik dirua ebastea, alderdikide bati duintasuna kentzea ere bada ustelkeria».

Perezen ustez, jazarpen kanpaina jasan du 2015ean idazkari nagusi izendatu zutenetik: «Eraso matxistak, barne oztopoak, nire gainetik pasatu nahi izatea, irainak, konspirazioak... Eleberri beltz bat idatz nezake». Iazko maiatzean, Eduardo Santosek ozta-ozta irabazi zituen primarioak, eta, 2019ko bozetako zerrendak osatzeari begira, Perezek iradoki du Santosek galtzeko beldurra izan dezakeela. «Asko kostatu zaie ni gainetik kentzea».

Perezen defentsa

Uztailean, Perez kendu egin zuten parlamentuko eledun kargutik, eta Mikel Buil izendatu. Erabaki hori auzitan jartzea egotzi zion zuzendaritzak. Berak oroitarazi du hainbat aholkulari ere kaleratu zituztela, eta dena parlamentuko taldearen iritzia «aintzat hartu gabe» egin zela. Orduan, Perezek idatzi bat aurkeztu zuen parlamentuan, eta zerbitzu juridikoek arrazoi eman zioten, baina berandu. Haren ustez, Ainhoa Aznarez parlamentuko presidente den arren, «ez du araudia ezagutzen» —Ahal Dugu-ko kide da Aznarez—.

Parlamentari funtzioa bete ez izana ere egotzi zioten Perezi. Adibidez, irailaren 21eko kontrol saiora ez joatea. Perezek azaldu du Kataluniako Gobernuko kideen aurkako operazioa salatzeko ekintza izan zela: «Protesta adierazpenekin bat egin nuen, eta, gure araudiak jasotzen duen bezala, nire kontzientzia askatasuna baliatu nahi izan nuen, eta egoitzan geratu nintzen lanean».

Interes pertsonalagatik, behin-behineko irakasleei lizentzia zehatz bat ateratzeko betebeharra atzeratzearen alde bozkatzea ere egotzi zioten. Perezek ukatu egin du hori, eta arrazoitu titulu hori ateratzeko ikastaroan izena emana zuela aurretik, 2016ko urtarrilean. Azaldu du urrutiko zentro batean ikasi zuela, eta alderdikideek «bost aldiz» ordezkatu zutela parlamentuan, praktikak egiten ari zela. «Aurretik lan eginez zein ondoren beste batzordeetara joanez konpentsatu nuen».

Horiek denak kontuan hartuta, legebiltzar taldea arriskuan jartzea eta «gobernuaren egonkortasuna» kolokan jartzea aurpegiratu dio zuzendaritzari. Aurrera begira, proposatu du egitarau politikoa zehaztea Ahal Dugu-ren oinarriekin zein aldaketaren aldeko sektoreekin. «Kosta ahala kosta eragotzi behar da Ahal Dugu-k bete duen eremu hori hutsik geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.