Hekimenek begirunea eskatu du

Euskarazko hedabide ez-publikoen sektoreak lankidetzarako eskaintza egin dio Jaurlaritzari

Iban Arantzabal, Alberto Barandiaran eta Iban Arregi, legebiltzarreko agerraldiaren aurretik. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabideen egoera eskasa dela azaldu du Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideak biltzen dituen elkarteak. Horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «errespetatzeko eta onartzeko» sektoreak orain arte egin duena, sortutako egitura, hedabideek ekoizten dutena, eta hori egiteko modua ere iradoki du: babesa ematea.

Hekimenek euskarazko hedabideentzako diru laguntzen deialdiari buruz hitz egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, Kultura eta Euskara Batzordean, EH Bilduk eskatuta. Laguntza deialdiak sektorean «nahasmena» eragin duela azaldu zuen Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak. Nahasmendua bi aldaketen bitartez heldu dela gaineratu zuen: dirua banatzeko, hedabideen multzoak aldatu dituzte, baita irizpideak ere.

«Administrazioarena da irizpideak ezartzeko ardura eta eskumena, baina, gure ikuspuntutik, tamainako aldaketak bestelako lanketa bat behar zuen», adierazi du Barandiaranek. Hain zuzen ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sektoreari asmoak «iragarri» bazizkion ere, ez zituen aldaketa horiek eztabaidatu.

Multzokatze aldaketak egitean,eguneroko informazioa lantzen duten hedabideak bateratu ditu Jaurlaritzak: nazionalak eta tokikoak. Aldaketaren ondorioz, egunkari nazionalentzako diru laguntza urritu egin da. EAJko legebiltzarkide Garbiñe Mendizabalek esan du horri esker tokiko hedabide askoren laguntza handitu dela, baina Barandiaranek hedabide guztien garrantzia nabarmendu du: «Bakoitzak du bere lekua; nazionalak eta tokikoak, biak dira zaindu eta sustatu beharrekoak».

Hekimeneko zuzendariak gaineratu du gaiaren muina ez dela diru banaketa nola egin, hedabideen sarea babestea baizik. «Banaketa batek azpisektore bati kalte egiten badio, kasu honetan prentsa nazionalari, sektorea bera ahultzen du». Barandiaranek proposatu du eztabaida beste maila batean kokatzea: «Goazen ikustera nola babesten dugun gaur egun osatu dena».

Irismena helburu

Barandiaranek gaineratu du konpartitzen dutela Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lehenetsitako irizpidea, irismena; zehaztu du hedabide guztien helburua dela beren eragin eremuan ahalik eta hartzaile potentzial gehienengana heltzea. «Baldintza berberen aurrean pertsona gehiagorengana heltzen den hedabideak zerbait ondo egin du». Irizpide gisa ere, abiapuntu bainoago helburu izan beharko luke irismenak, haren ustez: «Gogoeta sakona behar du horrek, ponderazio zehatzak eta arrazoiak: banaketa, irakurleak, tirada... kontuan hartu behar dira».

Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du euskarazko hedabideek duten garrantzia. «Hedabiderik ez duen hizkuntza ahuldu egiten da». Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabilitako irizpideek euskarazko egunkari nazional bakarrean, BERRIAn, eragin duten kaltea nabarmendu du. Gaia konpontzeko adostasunaren bidetik jo behar dela gogorarazi die Isasik batzordean bildutako alderdiei: EAJ eta PSE-EE; PP eta UPD ez dira egon.

Barandiaranek ere akordioak lortzeko deia egin die legebiltzar taldeei, baita lankidetzarakoa ere. Bide batez, zehaztu du eskaintza hori bera Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikari egin diotela: «Espero dezagun laster urratsak egitea».

Sektorea, lanean

Barandiaranek azaldu du euskarazko herri ekimeneko hedabideen sektoreak berak zenbait lan ildo abiarazi dituela. Lehenik, «autoebaluazio orokor eta sendoa» egiteko asmoa agertu du: irismenaren eta kontsumoaren eboluzioa, kalitatea, berrikuntza, bezeroen asebetetze maila...

Etorkizunera begirako lan ildoetan, finantzaketa publikoa da Hekimenen kezka nagusietako bat. Finantzaketa hori «zabaldu» beharko litzatekeela azaldu du, baita zenbait proposamen egin ere: industria eta berrikuntzarako diru laguntzen bidea urratzea, laguntzok abiarazitako inbertsioetara bideratzea, euskarazko publizitatearen eraginkortasuna handitzea...

Ildo horretan, Barandiaranek publizitate instituzionalaren gaia jarri du mahai gainean. 2013an Jaurlaritzak jarritako publizitatearen %2 baino ez zen heldu euskarazko herri ekimeneko hedabideetara. Egoerari «buelta ematea» proposatu du Hekimenek legebiltzarrean: «Eskaintza bateratua lantzen ari gara, baina horrek Eusko Jaurlaritzaren beste konpromiso bat eskatzen duela iruditzen zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.