Koronabirusa

Foru ogasunen bilketaren gainbehera azkartu egin da, eta %22 ingurukoa da

Ekonomiaren geldialdia argi islatzen du bilketa apalak. Tapiak ohartarazi du egungo jarduerarekin ez dela enplegua sortuko

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ogasun diputatuak, otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluan. J. RUIZ / FOKU.
xabier martin
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Okerrena ez da iritsi oraindik; ekonomista asko ematen ari dira abisua, baina koronabirusaren kolpe ekonomikoa oso argia da jadanik hainbat neurgailutan, eta berebiziko garrantzia duen horietako batek egoeraren larritasuna islatu du oso argi: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunen bilketa bateratua %21,8 apaldu da maiatzera arte, iazko epe berarekin alderatuta. Hau da, ogasunek 4.197 milioi euro bildu dituzte urteko lehen bost hilabeteetan, iaz baino 1.170 gutxiago. Nafarroan ere erakutsi du aurpegia COVID-19aren eraginak bilketan, eta hango ogasunak iaz hil honetan zituen baino 800 milioi euro gutxiago ditu.

Martxorako jadanik sumatu zituzten ogasuneko arduradunek osasun krisiaren ondorioak bilketan, %7,19 artekoa izan baitzen erorikoa. Urteko lehen bi hilabeteetan ez zen arazorik izan, baina martxoaren 14tik aurrera indarrean jarritako alarma egoerak martxoko bigarren hamabostaldiari eragin zion, eta zenbakiak ilundu zituen. Apirilean, berriz, ilun hori beltz bihurtu zen. Konfinamenduak jarduera ekonomikoa izoztu zuen, eta apirilera arteko bilketa %16,8 uzkurtu zen. Bada, erorikoaren abiadura azkartuz joan da azken hilabetean, eta maiatzean %21,8an dago jada aurten eta iaz bildutakoaren aldea. Urte bukaeran ez du kopuru askoz txukunagorik espero Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak. Sailburuaren lan hipotesia da diru bilketa %18 inguru txikituko dela, hots, 2.000 milioi euro gutxiago bilduko direla.

Enpleguak sortzea, noizko?

Gutxika atzean geratzen ari da itxialdia, baina ikusteko dago zenbateraino aktibatzen den ekonomia uda honetan, koronabirusaren osasun arazoa hor baitago oraindik ere. Batetik, turismoa eta, oro har, barne kontsumoa dago, eta, bestetik, industria. Atzerriko merkatuak normalizatzen ez diren bitartean, zaila ematen du euskal industria esportazioak handitzen hasteak.

Egoera horrek biziki kezkatzen du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria sektorea jardueraren % 55-60an dago, eta horrek ez du enplegua sortzen, Tapiak esan duenez. Ostalaritza, kultura eta turismoa «erabat itxita» egon dira, eta haien egoera «beste batzuena baino askoz kritikoagoa» dela uste du. Baina nabarmendu du industriaren egoerak «bereziki kezkatzen» duela, BPGan duen pisuagatik. «Industria indartsu batek eramango du gure ekonomia aurrera, eta modu bizi, azkar eta eraginkorrean babestu behar dugu, eta berehala suspertu».

Jaurlaritzak aurreikusi du aurten lanaldi osoko 68.000 enplegu galduko direla (-%7). Espero du 48.000 enplegu sortuko direla hurrengo urtean (+%5). Hala, langabezia tasa asko urrunduko da Lakuak finkatu zuen %10eko helburutik. Urtea %13,7ko langabezia tasarekin itxiko dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Eta 2021eko tasa murriztu egingo da, %12,2ko batezbestekora.

Francisco Javier Azpiazu Cebek Bizkaiko patronaleko idazkari nagusiak eman zuen atzo esperantzarako mezu bakarra: susperraldia «martxan» dagoela esan zuen, oraingo irudia «itsusia eta txarra» den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.