Espainia. Pedro Sanchez presidente

Aurpegirik gabeko gizona

PSOEren idazkaritzarako egin zuen bezala, egoerak eskatzen zuen maskara izan du soinean Espainiako presidente kargua lortzeko. Ikusteko dago, ordea, zer maskara hautatuko duen boterean.

ZIPI / EFE.
ander perez zala
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Mundu osoan sona handia izan duen Game of Thrones telesailean, bada pertsonaia misteriotsu bat, zirrara eta jakin-min handia sortu zituena pantailan agertu zen lehen alditik. Jaqen H'ghar da. Hasieran informazio gutxi izan arren, telesailak eta denboraldiek aurrera egin ahala hari buruzko informazio gehiago iristen zaie ikusleei: Hainbat Aurpegiko Jainkoa gurtzen du, eta Aurpegirik Gabeko Gizonak hiltzaile taldeko kidea da. Zuribeltzeko Etxea da haien egoitza, eta areto nagusian haien biktimen aurpegiak dituzte; hil ondoren erauzten diete azala, eta, egoeraren eta hurrengo biktimaren arabera, soinean eramaten dute maskara horietako bat, haien egiazko nortasuna ezkutatzeko. Politikoki bada ere, Pedro Sanchez Espainiako presidente hautatuak estrategia hori erabili du berriz ere boterera iristeko, alderdiko idazkaritza nagusia berreskuratzeko egin zuen bezala: oraingoan, biktima Mariano Rajoy izan da, atzo arte Espainiako presidente zena, zeina politikoki hil duen. Eta, beharrezko babesak lortzeko, egoerak eskatzen zuen maskara erabili du. Edo egoerak eskatzen zituen maskarak. Sanchezek bilduma zabala du, etaikusteko dago zer maskara erabiliko duen hilabeteotan, boterean dagoenean. Maskara bat, edo maskara bat baino gehiago. Egoeraren arabera izango da.

Duela lau urte, Sanchez Espainiako Kongresuko diputatua zenean, inor gutxik espero zuen gaur egungo egoera. Baina lau urte luze izan dira, eta Espainiako presidenteak ia egoera politiko guztietan ibili da: alderdiko idazkari nagusi izendatua, oposizioko burua, alderdiko idazkari nagusitik kargugabetua, politikoki itzalean, ia hilzorian, eta alderdi barruan berpiztua, berriz ere PSOEko idazkari nagusi izateko. Azkenik, Espainiako presidente. Lanerako jarraikitasuna batzuentzat, egoera bere onurarako baliatzea besteentzat; interpretazioak eta kritikak hainbat izan dira, baina lortu du bere helburua. Hori bai, bozkalekuetatik igaro gabe—bi aldiz igaro da, eta alderdiaren bi emaitza okerrenak izan ditu—.

Boterera iristean ikusten dira politikari baten egiazko izaera eta ideiak, egiazkoak ote ziren kargura iristeko egindako hitzemateak, proposamenak eta kritikak, ala dena estrategia baten parte ote zen. PSOEren idazkaritza nagusirako bigarren lehian, militantziaren hautagaia izan zen, programa ezkertiarra eta nazioaniztasuna oinarri zituela. Eta primarioak irabazi zituen, Susana Diaz haren aurkari nagusiari sekulako zauri politikoa eraginda.

Egoerak eta interesak bultzaturiko maskara zeukan soinean, eta beste maskara bat izan du soinean alderdiko idazkari denetik: primarioetan, Kataluniarako «irtenbide politikoa» aldarrikatzen zuen, eta gero Espainiako Konstituzioko 155. artikulua indarrean jartzearen alde jarri zen.Orain, herenegungo mozioko eztabaidan adierazi zuenez, «elkarrizketa»eskaintzen dio Kataluniako Gobernuari. Beste maskara bat soinean, Kataluniako alderdi independentisten botoa behar zuelako Rajoy kargutik botatzeko. Orain, jakinda 350 diputatuko ganberan 84 soilik dituela, jakinda PPk Espainiako Senatuan gehiengo osoa duela, eta jakinda eskuinak Espainiako Kongresuko Mahaiaren kontrola duela, maskara bat edo bestea beharko du gainontzeko indarrekin adostasunera heltzeko.

Hil honen bukaeran, Europar Kontseiluaren bileran izango da, Espainiako presidente gisa lehena. Baina ez zaio guztiz arrotza egingo: lagun batek aspaldi esan omen zion Bruselara joateko, mundua ezagutu nahi bazuen. Eta erabaki hori hartu zuen: 1997an master bat ikasi zuen Belgikako eta Europako hiriburuan, kontinenteko ekonomia politikoari buruzkoa. Han ikasi zuen ingelesez eta frantsesez hitz egiten, eta horrek asko balio izan dio nazioartean, zalantzarik gabe. Europako Parlamentuan lan egindakoa da, PSE-EEren eurodiputatu Barbara Duhrkopen aholkulari gisa, eta Bosnian ere izan zen, Nazio Batuen Erakundearen Goi Ordezkari Carlos Westendorpen kabinete buru gisa.

Espainiara buelta

Espainiara itzulita, pixkanaka sartu zen politikan, eta pixkanaka egin zuen gora. Madrilgo Udaleko zinegotzi hautatu zuten 2004an, eta, kargu horretan bost urte igaro ostean, hutsik geratu zen eserleku bat eman zioten Kongresuan. Herritarren zuzeneko babesarekin, berriz, 2011ko hauteskundeen ostean sartu zen ganberan.

2014an izendatu zutenPSOEko idazkari nagusi lehenengoz, primarioak Eduardo Madinaren eta Jose Antonio Perez Tapiasen aurka irabazi ostean. Baina kargugabetu egin zuten 2016an, Rajoyren bigarren inbestidura ez ahalbidetzeagatik. Ezezkoari eutsi zion, eta diputatu akta utzi zuen. Duela hogei hilabete izan zen hori. Herenegun eta atzo, duela hogei hilabete utzi zuen eserlekura itzuli zen, Rajoy boteretik kentzeko. Orain, bere ibilbideko erronkarik handiena du, eta maskara egokia(k) beharko d(it)u.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.