Berdinketa hautsi beharrez

Agirre, Lizaso, Iguaran eta Artolak egin dute aurrera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta Mendizabal kanpoan geratu da, Artolarekin berdindu arren.

Beñat Lizaso —ezkerrean—, Unai Agirreri zorionak ematen, Eskoriatzako saioaren ondoren. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Beñat Z. Akizu
Eskoriatza
2015eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Aho zapore «gazi-gozoa» zuten Oihana Iguaranek eta Mikel Artolak, igande gauean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdena bukatu berritan. Bertsotan elkarrekin aritzen ziren hiru lagun egokitu ziren oholtzan, eta Unai Mendizabal kidea finalaurrekoetarako txartelik gabe gelditu zen Eskoriatzan, Artolarekin berdindu ondoren: berdinketa hausteanaurretik zen Artola. Egindako saioarekin «gustura» zen Artola, baina penarekin ere bai: «Aldez aurretik esan izango baligute bi pasatuko ginela gustura, baina arantzarekin nago». Azkenaldian bertsolaritzari lotutako hainbat kontutan elkarrekin dabiltza Artola eta Mendizabal.

Ustez kaltetuak, aitzitik, ez zuen batere penarik. «Hemen denak pena dela esaka ari zaizkit, baina, egia esan, nire barrenean ez daukat batere penarik. Badakit nik bertsotan zenbat egiten dakidan, eta uste dut gaur egiten dakidana egin dudala», zioen Mendizabalek. Helburuak beterik zen: «Gaur etorri naiz gehienbat bertsotan nola egiten dudan erakutsi, eta ahal zen heinean bertsoaz gozatzera. Uste dut jarritako helburu horiek guztiak beteta noala etxera».Plazako jarrerarekin jardun zuen, propio jarrera horrekin joanda. «Nire hutsuneetako bat bada esanahiz kargatutako bertsoak ez botatzea, eta sakontasun horretara ez iristea. Erraztasun handiagoa daukat umore aldetik edo arinetik bertsoak kantatzen», azaldu zuen. Azaldu zuen hori erakutsi zuen, 500 inguru lagunek bete zuten kiroldegian.

Iguaran eta Artolarekin batera, Unai Agirre saioko irabazleak eta Beñat Lizaso bigarren sailkatuak ere eskuratu zuten finalaurrekotarako txartela. Txartelengandik urrunago,seigarren sailkatu zen Manu Goiogana. Azken saiotik lau bertsolari sailkatuta, txapelketa hasi aurreko pronostikoen kontra, finalaurrekoetatik kanpo geratu dira Jokin Uranga, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jexux Mari Irazu.

«Gorabeheratsu» sentitu zuen bere burua Agirrek saioan zehar, baina txapelketako aurreneko saioa izateko «ondo»: «Horrelako saioetara lan egitera etorri behar da». Iguaranek «arrastaka» sumatu zuen bere burua hasieran, eta Artola «despistatu» egiten zela ohartzen zen.Zintzo juzgatu zuen bere burua: «Gaur oso ondo ikusten nuen neure burua, batzuetan despistatu egiten nintzela soilik. Nik uste dut bertsotan hau baino hobeto ez dugula egiten. Horrela egiten dugu». Azken final-laurdena aurrekoak baino apalago zihoan sentipena eragin zuen guztien saioak gorabeheratsu joan izanak.

Anestesiak, esnatu

Hamarreko txikian etorri zen bertsoaldi oso bakarrenetakoa. «Zozketa egiterakoan Mendizabalekin egokitu zaidala ikusi dugunean, oso garbi eduki dugu biok jolastera aterako ginela. Dudarik gabe gehien gozatu dudan saioa hori izan da», balioztatu zuen ofizioa Iguaranek. Mendizabalekin osatu zuen ofizio hori rol banarekin, eta entzuleak esnatu zituen lana izan zen, ofiziorik beteena. «Oihana bertsokidea dut, bertso-eskolan eta batera aritzen gara», argitu zuen Mendizabalek, eta harreman estu hori antzeman zen bertsoaldian.

Iban Narbaiza aurkezleak rolak zehaztuta, anestesista izan zen Mendizabal eta gaixoa Iguaran. «Jarrikoizut sei eunen / lo hartzeko aina», bota zuen lehen bertsoan Mendizabalek, eta honela erantzun zion Iguaranek: «Sobran ez zait inporta / ez dadila falta». Proposamenak bata bestearen atzetik ekarri zituzten gero. Iguaran izan zen aurrenekoa proposamen probokatzailea kantatzen: «…baina beldur pixka bat/ daukat eta aizu/ sehaska kantaren bat/ abestu zaidazu». Proposamenari beste proposamen zirikatzaile batekin erantzun zion Mendizabalek: «Len zinan balientia/ ausardian jabe/ ta esperientzi gogorren/ egarriz bazaude/ probatu dezakegu/ anestesi gabe».

Azken ofizioa izan zen Iguaran eta Mendizabalena, eta ondoren bakarka arituziren kartzelako ariketan. «Ahalegina egiten duzun arren, sekula ez dago konforme egiten duzunarekin», egokitu zitzaien kartzelako gaia.

«Kartzelara joan naizenean ikusi dut eutsiz gero aurrera egiteko moduan nintzela, eta ez dut gehiago arriskatu», aitortu zuen Agirrek. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken ekitaldian bezala, txapelketa honetarako ere doinu bat sor ziezaion eskatu zion Imanol Kamio musikagileari, eta igandean plazaratu zuen Kamiok sortutako doinua. Entzuleak errepikapenetan kantuan jarri zituen doinu berriak. Langilearen eta enpresariaren arteko tirabiraz eraiki zuen bakarkakoa Agirrek. Hau da kontakizunean kantatu zuen azken bertsoa: «Lanez betea dugu enpresa/ baina baloretan hutsa./ Estutzea da azken urtetan/ ipiniten diguten funtsa/ ta nagusiak entenditzen du/ hitz eiten dedan hizkuntza./ 20 urtekin etorri nintzan/ gazte-gaztia honuntza/ nik ahal dedana eingo det, baina/ gehio ez zaidazu bultza/ gauza berdina ez baidittugu/ lana eta esklabutza». Ez zuen gehiegi arriskatu igandean, baina finalaurrekoetara «erabat arriskatzera» joango da: «Finalaren bila, beste tenple batekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.