Francisco Sanchez Rodriguez. Zuzenbidean doktorea

«Gobernuak etorkina bera dauka jomugan, eta ez krisi orokorra»

Francisco Sanchez Rodriguez zuzenbide adituak dio Immigrazioari buruzko gogoeta orokorra falta dela. Salatu du neurriek ez dutela egoera konponduko, eta ondorioak izango dituela errefuxiatuentzat

SYLVAIN SENCRISTO

Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko azaroak 7

Frantziako Gobernuak immigrazioa «kudeatzeko» hogei neurri aurkeztu zituen atzo. Francisco Rodriguez Sanchez zuzenbide doktorea da, immigrazioan eta mugetan aditua. Abokatu ikaslea da orain, eta luzaz CIMADE elkartean aritu da laguntzaile.

Zer analisi egiten duzu zuk neurri hauei buruz?

Frantziako Gobernuak aurkeztu dituen neurri guztiak funtzionalak dira, praktikoak. Neurri horiek ez dute segurtatuko harrera garbirik, eta ez dute konponduko errefuxiatuen krisia. Gertatzen dena da 1945etik lege bat bestearen gainean jartzen ari direla, baina ez dute immigrazioari buruzko gogoeta globalik egiten. Iragarri berri dituzten neurriek ez dute migrazio jarioaren jatorria ulertzen, ondorioak baizik.

Zer testuingurutan gertatu da deklarazio hau?

Iduri du lege honen helburu bakarra iritzi publikoa lasaitzea dela. Edo, bederen, iritzi publikoaren araberakoa dela. Baina legediak ez du horrela funtzionatu behar. Horren adierazle da Frantziako Gobernuak ez duela identifikatu egiazki nor diren errefuxiatuak. Errefuxiatuak, gaur egun, beraien herritik beharturik ihes egiten duten pertsonak dira. Eta, neurri horiekin, Frantziako Gobernuak errefuxiatua bera dauka jomugan, eta ez krisi orokorra.

Neurri berriak segida batean kokatzen dituzu, ala bihurgune bat markatzen dute?

Uste dut neurri sorta hau joera luze baten segida besterik ez dela. Orain arteko legedietan bezalaxe, neurri sorta honek kanporatzea du ardatz, eta ez harrera. Gobernuak ez du ulertu egituratu behar dena harrera dela, eta ez kanporatzea. Inklusioa da egiazko erronka. Schengen espazioaren barruan dira Frantziako Estatuan diren errefuxiatuak. Hor daude; beraz, kudeatzen hasi behar da harrera nola egin. Egokitu eta harrera duina egitea da erronka.

Zuzeneko zer ondorio izango dituzte neurriok errefuxiatu eta migranteengan?

Esan bezala, neurri sortak kanporaketa egituratzen du. Beraz, errefuxiatuengan eragin zuzena dauka.

Adibidez, hiru atxikitze zentro irekiko ditu Frantziako Gobernuak. Baina ez dauka zentzurik: gaur egun, atxikitze zentroetan diren errefuxiatu gehienak handik ateratzea lortzen dugu, prozeduretan akatsak daudelako maiz. Bestalde, asiloa eskatzen dutenentzat ere arazoak sortuko ditu. Eta, gainera, neurri sorta horrek Europan dauden kontraerranak agerian jartzen ditu. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak salatu du kanpo mugak zituzten herrietan asilo eskubideak urratzen direla. Orain Frantziak dio ezingo dela asiloa eskatu Frantzian, beste herri batean jadanik eskatua delarik... Hori guztia, nahiz eta jakin herri batzuetan eskubide urraketak badaudela. Europako Batasuneko herriek ez dituzte errespetatzen beren betebehar propioak.

Frantziako Gobernuaren migrazio politikaren adierazle dira legeak?

Kanporatze logika batean dira. Jadanik prekaritatean bizi den jendea are prekarioago bilakaraziko du gobernuak. Aski da hori erratearekin.

Orokorkiago, erakusten du gobernuak ez duela errealitatea ezagutzen. Beraz, noski, ezin du ulertu. Hala, neurri praktiko txiki batzuk eraikitzen ditu, krisiaren jatorrietan murgildu gabe. Horren ifrentzua da errefuxiatuek pairatuko dituztela ondorioak.

Neurri sortak giza eskubideak urratzen ditu?

Esan daiteke giza eskubideen kontra doala, bai. Frantziako Gobernuak gaizki ulertu du. Arazoa ez da errefuxiatua. Arazoa errefuxiatua heldu den herriko politikariena da. Frantziako Gobernuak itsuki jokatzen duela erran daiteke.

Frantziak gogortu egin ditu migrazio politikak, osasun zerbitzua mugatuz>>

Iruzurgileak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna