Urkulluk eskua luzatu die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi, «akordiorako»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogor egin du bi horien aurka, eta eskatu die uzteko PPrekin batera gobernuaren «kontra» aritzeari

Erredakzioa
Gasteiz
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzek utzi duten egoera politikoari buruz itaundu zuten atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Hauteskunde horien osteko lehen kontrol saioa egin zuten legebiltzarrean, eta Maddalen Iriartek eta Lander Martinezek oso antzeko bi galdera egin zizkioten Urkulluri. Finean, erantzun zien hauteskunde horiek agerian utzi dutela EAJren eta PSEren arrakasta, hartzeko kontuan hori, eta aldatzeko euren jarrera legebiltzarrean. Kanpainan asko aipatu dutela «elkarrizketa» Madrilen, baina ez dutela berdin jokatzen Gasteizen. Gogor aritu zen Urkullu biekin, baina gero esan zien «atea zabalik» dutela, ireki dadin hilabete batzuetako epean «elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordiorako» denbora bat.

Hauteskundeen emaitzak aztertzean, joan den asteartean Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ateratako ondorioa izan zen emaitzek «indartu» eta «onetsi» egiten dutela Jaurlaritzaren jarduna. Horregatik, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek lehendakariari leporatu zion bozen «irakurketa sinplea» egitea, eta gogorarazi zion azken hilabeteetan gobernuak alde batera utzi duela autogobernu lantaldearen txostenari buruzko akordioen inguruko eztabaida. «Hori da aurrean dugun dinosauroari aurre egiteko modu bakarra». Hauteskundeen emaitzei buruz, Iriartek adierazi zuen «Espainiaren arazo estrukturalak» bere horretan jarraitzen duela. «Sinetsarazi nahi digute eskerrak eman behar ditugula PSOEren garaipenarengatik».

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak nabarmendu zuen euskal gizarteak aukera «aurrerakoien alde» bozkatu zuela joan den igandean, eta Jaurlaritzaren politika ekonomikoak eta industrialak «porrot» egin dutela. Hori dela eta, lehendakariari eskatu zion «ezkerrera bira» ditzala bere gobernu politikak.

Urkulluk «harriduraz» hartu zituen bi horien hitzartzeak, oso jarrera ezberdinak ei dituztelako Espainiako Kongresuan eta Eusko Legebiltzarrean. «Hemen elkarrizketarako atea zabalik dago. Baina EH Bilduk 130 aldiz bozkatu du PPrekin batera; ia astean behin. Aldiz, Espainiako Kongresuan malgutasunaren eta akordioen alde egiten dute».

Transferentzien balioaz

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei buruz, berriz, Urkulluk nabarmendu zuen «Euskadiren nortasun nazionala eta aniztasuna errespetatzeko beharra» dagoela, eta emaitzek elkarrizketarako tartea ahalbidetu beharko luketela. Dena den, ohartarazi zuen ikusteko dagoela nola osatuko den Espainiako hurrengo gobernua. Urkulluren esanetan, «aitortutako autogobernua» defendatzeko Jaurlaritzaren konpromisoak «balio handiagoa» hartu du hauteskundeen ostean. «Eskumenen tranferentziarako egutegi bat daukagu, eta hauteskundeen emaitzen ostean balio handiagoa hartzen du», nabarmendu zuen Urkulluk.

Eta Lander Martinez Elkarrekin Podemosekoaren galderari beste galdera batekin erantzun zion, esanez zein den haiek hauteskundeen emaitzei buruz egiten duten «irakurketa osoa», eta ea baduten «borondaterik» irakurketa hori Eusko Legebiltzarrera ere eraman eta «PPren alboan» duten jarrera aldatzeko. «Akordioen bidea irekita dago, nahi baduzue bertara gehitu. Madrilen elkarrekin konpontzeko gai bagara, ez dakit Euskadin zergatik ez, gizarte kohesionatuagoa eta solidarioagoa izanda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.