Egunean 600 migratzaile hartzeko bitartekoak prest

Eusko Jaurlaritzak plan bat egin du igarotzekoak direnei «laguntza humanitarioa» emateko. Egoeren arabera plazak gehituko lituzkete

Migratzaile talde bat Irungo eguneko zentroan, iazko abuztuan. G. RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Iazko udan bezala, migratzaile ugari espero ditu Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetarako, eta horiei «giza laguntza» emateko plan bat egin du, Gurutze Gorriarekin eta Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo (Gipuzkoa) udalekin elkarlanean. 2018ko datuak kontuan hartuta, egunero 250-500 pertsona helduko direla uste du gobernuak, eta horiek hartzeko azpiegitura prest du jada. Zerbitzu hauek emango dizkie: osasun azterketak eta botikak, senitartekoekin harremanetan jartzeko bideak, otorduak, eta gehienez zazpi egunez lo egiteko oheak, besteak beste.

Hiru egoera aurreikusi dira planean. Jaurlaritzaren arabera, «litekeena» da egun berean 250 pertsona artatzea. Kasu horretarako, prest dituzte lau aterpe: Bilbokoa (100 ohe), Irungoa (60), Donostiakoa (25) eta Gasteizkoa (65). Horrez gain, beharrezkoa izango balitz, beste 50 lagunentzako tokia prestatuko lukete Berrizen (Bizkaia) eta Oñatin (Gipuzkoa). Iazko udan izandako ohe kopuru antzekoa izango litzateke hori. Hamabi gehiago Bilbon, berdin Irunen, bost gutxiago Donostian, eta 10 gehiago Gasteizen.

Bostehun migratzaile helduko balira, Bilboko eta Donostiako aterpeak 150 pertsonarentzat handituko lituzkete, eta Gasteizkoa eta Irungoa, 100 pertsonarentzat. Jaurlaritzaren arabera, «salbuespenekoa» litzateke 600 baino gehiago heltzea egun berean; kasu horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aterpe bihurtuko lituzkete beste zazpi kokaleku. Eraikin horiek gauez egongo dira zabalik, 20:00etatik 09:00etara. Egunez, Bilboko eta Irungo eguneko zentroetan artatuko dituzte migratzaileak. Gurutze Gorriko langileak arduratuko dira horretaz.

Europara bidean

Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, 2018ko ekainetik 2019ko martxora, 8.662 migratzailek jaso zuten arreta: %60 Bizkaian, %36 Gipuzkoan eta %4 Araban. Horietatik %95ek bost egun igaro aurretik jo zuten beste herrialde batzuetara.

«Bidean dauden migratzaileei» zuzenduta dago Jaurlaritzaren plana, baina laguntza emango lieke asiloa edo nazioarteko babesa nahi dutenei eta egoera zaurgarrian daudenei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.