Ikus-entzunezkoen Legeak kuota «eskasak» dituela salatu dute

Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoen Lege proiektuari egindako zuzenketak «eskasak» dira, eta ez dute bermatzen «hizkuntza guztien berdintasuna». Hala salatu zuten hizkuntza gutxituen eskubideen alde jarduten duten hainbat eragilek; tartean, Euskalgintzaren Kontseilua. Haien arabera, legeak ez die «inolako aipamenik edo aitorpenik» egiten gaztelera ez beste hizkuntzei. «Hori dela eta, haurrei, gazteei eta, oro har, ikusleei galarazi die beren hizkuntzan gozatzea telebista saioen, telesailen eta filmen eskaintza zabalaz».

Eragileok proposamenak aurkeztu zizkieten Espainiako Gobernuari eta alderdiei, bai lege aurreproiektuari helegiteak egiteko prozesuan eta baita lege proiektuaren eztabaidan ere, «lege berriak hizkuntza aniztasuna oinarrizko printzipio gisa onar zezan». Ikus-entzunezkoen plataformetan eta TVEren emankizunetan eta finantzaketan hizkuntza guztientzat «gutxienekoak» ezartzen saiatu direla azaldu zuten, eta, presio politikoa eta soziala «erabakigarria» izan dela. Alta, onartutako aldaketak «erabat eskasak eta testimonialak» direla salatu zuten, «osotasunaren %0,35 eta %2,55 artean kokatzen baitira».

Eragileen arabera, testimonialak izango dira, halaber, «hizkuntza aniztasuna bermatzeko asmoz ezarriko diren kuotak». Lege proiektuaren arabera, streaming plataforma handiek estatuan lortutako diru sarreren %5 Europako ikus-entzunezko lanak sustatzeko erabili beharko dituzte, eta portzentaje horren %70 izango da estatu bakoitzeko hizkuntzetan eginiko lanentzat. Hala ere, zenbateko horren barruan, legeak %15 baino ez die bermatuko euskarari, katalanari eta galegoari.

Kuota horrek ez die eragingo egoitza Espainiako Estatutik kanpo duten enpresei. Horiek erantzukizun konpromiso bat zehaztu beharko dute gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialen presentzia bermatzeko, baina ez dute derrigortasunik izango. Eragileek elkarretaratzea egingo dute kongresuaren atarian, heldu den ostegunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.