Gerra Ukrainan

G7koek ez dituzte aitortuko Errusiaren inbasioaren ondorio diren mugak

Munduko herrialde industrializatuenek «behar beste denboraz» lagunduko dute Ukraina militarki. Putin: «Finlandiaren segurtasuna ez dago kolokan»

Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroa, atzo, G7koen bileran. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
G7koek mezu bat helarazi diote Errusiari. Munduko herrialde industrializatuenen taldeak ohar bat onartu zuen atzo, azpimarratuz inoiz ez dituela aitortuko Errusiak «eraso militarraren bidez» aldatu nahi dituen mugak. Hiru eguneko goi bilera egin zuten Weissenhausen, Alemania iparraldean, eta ondoren Kanadak, Frantziak, Italiak, Japoniak, Erresuma Batuak, AEBek eta Alemaniak adierazi zuten jarraituko dutela, gainera, bai Kremlini zigor ekonomiko gehiago ezartzen, baita «behar beste denboraz» Ukrainari laguntza militarra ematen ere.

Oharrean ez diote aipamenik egin, baina azken egunotan Errusiaren eta Mendebaldearen arteko harremanak are gehiago gaiztotu ditu Suediak eta Finlandiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko erakutsitako erabakitasunak. Okerrik ezean, datozen asteetan erregistratuko dituzte eskaerak, eta aliantza militarrak beso zabalik hartuko ditu Eskandinaviako bi herrialdeak, nahiz eta Turkiak iradoki duen horien sarrerari betoa jartzeko prest dagoela. Ekainaren 29an eta 30ean egingo du NATOk hurrengo goi bilera, Madrilen (Espainia).

Hain zuzen, Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak Vladimir Putin Errusiakoarekin telefonoz hitz egin zuen atzo, eta, Helsinkik ohar batean adierazi zuenez, jakinarazi dio Mendebaldeko aliantza militarreko kide izateko eskatuko dutela, Errusiaren azken mugimenduek eta Ukrainaren inbasioak «Finlandiaren segurtasun ingurunea nahastu dutelako». Kremlinek bileraz kaleratutako oharraren arabera, Putinek erantzun zion erabakia «okerra» dela, «ez baitago Finlandiaren segurtasuna kolokan jar dezakeen mehatxurik». Finlandiako lehen ministro Sanna Marin buru duen SDP Alderdi Sozialdemokratak atzo iragarri zuen NATOn sartzeko ideia babesten duela.

Horren harira, Errusiako Atzerri ministrorde Aleksandr Gruxkok atzo ohartarazi zuen litekeena dela NATOk arma nuklearrak hedatzea Suedian eta Finlandian, bi herrialdeak aliantzako kide bihurtuz gero. «Hori gertatuko balitz, prebentzio neurriak hartu beharko genituzke», jaso zuen RIA Errusiako albiste agentziak. Errusiak eta Finlandiak 1.300 kilometroko muga dute elkarrekin.

Kharkivetik alde egiten

Gerra frontean, atzo Igor Terekhov Kharkiveko alkateak BBC hedabideari esan zion Errusiako tropak hiriaren aldirietatik alde egiten ari direla. Ukrainako hiririk handienetan bigarrenak kokagune estrategikoa du, Errusiako mugatik 40 bat kilometrora baitago, eta ekialdeko frontetik, Donbasskotik, gertu.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, bestalde, Mariupol setiatutako hiriko Azovstal altzairutegian eusten dioten «defendatzaileez» mintzatu zen atzo, Ukrainako hainbat hedabiderekin izandako solasaldi birtual batean. Batik bat, Azov batailoi paramilitarreko kideak daude han—eskuin muturreko talde armatu bat—. «Gure esku dagoen guztia egiten ari gara haiek ebakuatzeko, baina negoziazioak zailak izaten ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.