Utikan, behingoz, eskola segregazioa

Amelia Barquin.
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hamaikagarren aldiz esatea bada oraindik derrigorrezkoa, zoritxarrez: euskal hezkuntza sistemak ikasleak segregatzen ditu. Errenta eta jatorriaren arabera. Hori gu guztion begien aurrean gertatzen ari da, eta hezkuntza arduradunek ez dute hartu orain arte neurri eraginkorrik. Errealitate horrek ez du oso ondo hitz egiten gure gizartearen inguruan, ezta gure arduradun politikoez, ezta?

Segregazioa aspaldidanik dago detektatuta eta salatuta: azkeneko 15 urteotan zenbat denuntzia, kexa, adierazpen… komunikabideetan eta kolore desberdineko administrazioen aurrean. Gaiak Gasteizen egin zuen eztanda joan den ikasturtean, eta Hezkuntza Sailak onartu behar izan zuen, azkenik, arazo bat zegoela. Mobilizazioa izan da motorea: Gasteizko Eskola Publikoko familiengandik sortu den mugimenduak indartsu jarraitzen du, neurriak behingoz har daitezen lortzeko. Hainbat herritatik eta hiritatik ere azaleratu da egoera bera.

Datuek argi hitz egiten dute. Eskola publikoaren eta itunpekoaren arteko desoreka nabarmena da, eta publikoak jasotzen ditu ikasle pobre eta atzerritar jatorriko gehienak, nahiz eta sareen barruan desberdintasunak badauden ikastetxeen artean, publikoetan zein itunpekoetan. Sare itunpekoaren barruan, bestalde, ikastetxe kristauek (ez denek) ikasle gehiago hartzen dituzte ikastolek (ez denek) baino.

Administraziotik denetariko azalpenak jaso ditugu hamabost urte hauetan: neurri batzuk hartzen ari zirela eta beste batzuk inplementatuko zirela, familiek ikastetxea aukeratzeko eskubideak lehentasuna zuela (pobreek eta atzerritarrek aukeratzeko ahalmena benetan balute bezala)… Baina zenbakiek argi hitz egiten dute, eta, edonola ere, desorekak gero eta handiagoak dira. Bitartean, hor daude benetako erronkak, heldu gabe: ikastetxe ugarik familiak hautatzeko erabiltzen dituzten estrategiak (batzuk informalak, administrazioak ez ikusiarena egiten duen bitartean) eta kuoten ordainketa (oinarrizko selekzio ekonomikoa dakarrena eta hainbat ikastetxetan geruza sozial osoak kanpoan uzten dituena). Epez kanpoko matrikularen kudeaketa urte hauetan guztietan negargarria izan da eskualde batzuetan.

Segregazioaren ondorioak ezagunak dira, Save the Children eta ELGE bezain desberdinak diren organismoek ere behin eta berriro aurkeztuak. Gizarte kohesioari begira, izugarrizko galera da ezaugarri sozial desberdinetako familiak eta umeak banatzea. Ikasle segregatuen emaitzak, gainera, okerragoak dira ikastetxe ghettizatuetan.

Behin eta berriro entzuten dugu gure artean immigrazioaren fenomenoa erlatiboki berria dela, eta garaiz gaudela alboko herrialdeetatik ikasteko (Frantziaren eredutik aldentzeko, besteak beste); hemen egoera hobean gaudela egoera egoki kudeatzeko. Bada, urteak pasatzen dira, eta ez dirudi diskurtso hori gauzatzeko hezkuntza politikarik egin denik. Gasteizen bertan, hiriaren lotsarako, badaude eskola batzuk, non ia soilik etorkinak eskolatzen diren, duela hamabost urte bezala!

Asko dago jokoan. Justizia, ekitatea eta gizarte kohesioa dira gakoak. Printzipio horiek ezin dira aldarrikatu etorkinik eta errenta txikiko ikaslerik gabeko eskoletan. Ezta etorkinak eta errenta txikiko ikasleak baino eskolatzen ez dituzten ikastetxeetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.