ERRESISTENTZIA KUTXA (XIII)

Hau dena baino lehen

Ondarroan (Bizkaia) jaio zen, 1970ean. Lizardi eta erotismoa (Alberdania) saiakera argitaratu zuen lehenik, 1996an, baina Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) poesia liburuarekin egin zen ezaguna batez ere. Urte berean argitaratu zuten Bar Puerto diskoko hitzak ere bereak dira; baita Zaharregia, txikiegia agian (2003) diskokoak ere —biak Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin kaleratuak—. 2008an argitaratu zuen lehen eleberria: Bilbao-New York-Bilbao (Elkar) saritua. Haren ondotik, beste bi nobela eman zituen argitara: Mussche (Susa, 2012) eta Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016). Tartean haur eta gazte literatur lanak ere idatzi ditu. Iaz plazaratu zuen orain arteko azken liburua, 17 segundo (Susa), zeinean azken hamazazpi urteotan idatzitako olerkiak jaso zituen.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Kirmen Uribe.
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ospitalek ezin zioten gaitzari eutsi,
erizainak gaixotzen ziren
eta beharrezko tresneria falta zen.

Hau dena baino lehen
biztanleen ehuneko 2ak zuen
aberastasunaren ehuneko 98a.

Hau dena baino lehen gizonezkoek
emakumezkoak hiltzen zituzten etxean,
bai, beraien etxean.

Hau dena baino lehen
umeak kolpatzen genituen
eta gailuz betetzen, gu bakean uzteko.

Hau dena baino lehen
animaliak abeltegietan pilatu
eta gero jan egiten genituen.

Hau dena baino lehen
basoak eta ozeanoak
hustu egiten genituen.

Hau dena baino lehen
espezieak desagertzen ziren
eta hizkuntzak hil.

Hau dena baino lehen agintari publikoek
denona zen dirua
lapurtzen zuten.

Hau dena baino lehen langileak
hiltzen ziren lanean,
bai lanean.

Hau dena baino lehen
emakumezko batek beste bat maite zuelako
baztertu edo hil egiten genuen.

Edo gizonezko batek
beste gizonezko bat.
Soilik maitatzearren, bai.

Hau dena baino lehen
ez genion uzten mutil bati neska izaten,
edo alderantziz. Edo tarteko zerbait, edo biak.

Hau dena baino lehen
lanera zetorrenari mugak ixten genizkion.
Edo gerratik ihesi zetorrenari.

Baina, pentsatzen jarrita, ez duzu jakingo
zer zen gerra ere.
Zaila zait azaltzen.

Hau dena baino lehen
ez genekien balioesten
elkar besarkatzea zeinen goxoa den.

Hori izan zen
hau dena baino lehen.
Ez sinestekoa da, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.