Aurrekontuen proposamena «egokitzeko» eskatu dio EAJk EH Bilduri

Jeltzaleek eta EH Bilduk bilera egin dute Bilbon aurrekontuen inguruan. Gorospek uste du EH Bilduren proposamenak ez duela «lekurik». Otegik, berriz, «lorgarria» dela dio

EAJren eta EH Bilduren ordezkaritzak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
EAJk eta EH Bilduk bilera egin dute Bilbon, Sabin Etxean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuez eztabaidatzeko, eta, zehazki, EH Bilduk oraindik orain aurkezturiko proposamena—pentsiorik apalenak osatzeko 350 milioi euro inbertitzea eta enplegu politiketarako beste 70 milioi euro bideratzea— izan dute mintzagai. Bilera «giro onean» egin dute, baina bi indarren arteko desadostasunak agerian gelditu dira berriro, eta EAJk proposamen hori «egokitzeko» eskatu dio EH Bilduri. Berriro biltzekotan lotu dira indar biak.

EAJren aldetik, Andoni Ortuzar, Joseba Aurrekoetxea eta Josune Gorospe egon dira bileran. EH Bilduren ordezkaritza, berriz, Arnaldo Otegik, Maddalen Iriartek eta Nerea Kortajarenak osatu dute. Ordu eta erdi inguru iraun du batzarrak, eta, horren ostean, koalizio subiranistaren jarreraren berri eman du Otegik.

EH Bilduren koordinatzaile nagusiak aurten Euskal Herriko kaleak astindu dituen «olatu soziala» aipatu du. Emakumeen, pentsiodunen, gazteen eta beste sektore batzuen mobilizazioak izan ditu hizpide, eta esan du aurrekontuek ezin diotela errealitate horri «bizkarra» eman. «Guk proposamen bat egin dugu gizarte beharrizan horiei erantzuten hasteko», erantsi du.

Otegik esan du ez dela «ohikoa» oposizioaren lehen indarra aurrekontuak aurrera ateratzeko ahaleginetan aritzea hauteskundeak egiteko zortzi hilabete falta direnean. «Guretzat, askoz errazagoa litzateke ahaleginik ez egitea eta gai hau erabiltzea Jaurlaritza higatzeko», ohartarazi du. Bestela jokatzen ari dira «nazio mailako akordioak» lehenesten dituztelako, Otegiren esanetan.

EH Bilduren ustez, egin duten proposamena «lorgarria» da: «Gakoa da erabakitzea dirua zertan gastatu nahi dugun», esan du. Gogorarazi du Jaurlaritzak urtero 500 milioi euro eman dituela Espainiako Armada finantzatzeko, eta 239 milioi euro emango dituela zorra kitatzeko, «hau [Euskal Autonomia Erkidegoa] zorrik txikiena duen erkidegoa izan arren». Horregatik, bideragarri ikusten du eskatzen duten dirua «jendearen beharrizan sozialak betetzeko» erabiltzea.

Handik gutxira iritsi da EAJren balorazioa bileraren inguruan. Josune Gorospe legebiltzarkideak azaldu du EAJk «kontuak adosteko borondate irmoa» duela eta ez diola «marra gorririk» jarri Eusko Legebiltzarreko inongo talderi, baina uste du EH Bilduren proposamenak ez duela «lekurik» aurrekontuetan, «ez alderdi ekonomikoan, ez eskuduntzen alorrean». Horregatik, proposamena «egokitzeko» eta «aurrekontuen esparrura moldatzeko» eskatu diete.

Gorospek esan duenez, 420 milioi euroren gastuen multzoak gainditu egiten du Europako Batasunak ezarritako gastu muga. Horren arabera, Eusko Jaurlaritzak 371 milioi baino ezin ditu gastatu. Eskuduntzei dagokienez, EH Bilduk pentsiorik apalenak osatzea proposatzen du, eta, Gorospek azaldu duenez, «ezaguna da pentsioena [Espainiako] Estatuko Gobernuaren eskuduntza esklusiboa dela». Gorosperen ustez, «aurrekontuen bidez pentsioak arautzeak segurtasun juridikoaren gabezia larria ekar lezake».

«Olatu sozialari erantzun beharraz» Arnaldo Otegik egindako adierazpenei erantzunez, Gorospek esan du Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenaren %80 inguru «babes sozialeko politikak diruz hornitzeko» bideratuta dagoela. Hortaz, politika horiek iraultzea «ez da posible», jeltzaleen ustez.

Bilera egin aurretik, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazu Radio Euskadin egon da, eta han egindako elkarrizketan ez du bileraz iritzirik eman nahi izan, «alderdiei» dagokien esparrua delako, baina esan du EH Bilduren proposamena «bideraezina» iruditzen zaiola.

Azpiazuren ustez, aurrekontuetan pentsioen inguruko erabakiren bat hartuko balute, Espainiako Gobernuak helegitea jarriko lieke aurrekontu horiei. Beraz, pentsatzen du onuragarriagoa dela «gai horretan ez sartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.