Osakidetzaren egoera larria dela esan dute sindikatuek legebiltzarrean

Sindikatuek salatu dute sistema publikoak profesionalak falta dituela eta pribatura jotzeko joera handitzen ari dela. Euren arabera, baldintza kaskarrak dira arazo iturri

Osakidetzako langileen mobilizazioa. JUANAN RUIZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Osakidetzaren egoera larria da. Hala adierazi zuten zazpi sindikatuk atzo Eusko Legebiltzarrean. Lehenik, egoeraren diagnostikoa egin zuten, eta, jarraian, legebiltzarreko kideek euren iradokizun eta galderak egin zituzten. Sindikatu guztiek nabarmendu zuten osasun arloko profesionalen beharra.

EH Bilduk joan den martxoan eskatu zuen bilera, orduan egindako greba eta mobilizazioen harira. Alderdiak azpimarratu zuen egoera ez dela pandemiak eragindakoa, lehenagotik dagoen «arazo estrukturala» baizik. Adierazi zuen, gainera, Osakidetzako zerbitzuen kalitatea «profesionalen gainesfortzuaren pean» dagoela.

ELA sindikatuak Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzak ekarri zituen gogora. Agintariaren erranetan, Osakidetzak ez du kalitaterik galdu. Sindikatuak ez du ideia horrekin bat egiten, egoera «larria» dela erran baitzuen. ELAk adierazi zuen egoerari aurre egiteko erabaki politikoak behar direla, baina orain arte jarrera aldaketarik ez duela ikusi nabarmendu zuen. Izan ere, udan osasun etxe andana itxi dira, eta lehen arretako medikuen falta izan da. «Langileak erakarri beharrean, aldendu egiten ditu Osakidetzak», adierazi zuen sindikatuak.

SATSE sindikatua ados agertu zen. Nabarmendu zuen sektorean «prekaritatea» dagoela eta «ukaezina» dela langileak falta direla. Hortaz, zenbait neurri proposatu zituen sindikatuak. Hala nola sistema publikoan lan egiten duten erizainen eta emaginen kopurua handitzea, lan baldintza duinak eskaintzea, fisioterapia zerbitzua sistema publikoaren parte izatea eta ikastetxeetan erizaina egotea.

SME sindikatuak adierazi zuen egoera «kezkagarria» dela, eta beharrezkoa dela Osakidetzaren administrazioa «aldatzea». Arlo hauetan gabeziak daudela nabarmendu zuen sindikatuak: planifikazioan, negoziazioan eta akordioen epeak betetzean. Gainera, mediku falta dagoela azpimarratu zuen, eta nabarmendu zuen lan baldintzek «profesionalen ihesa» laguntzen dutela.

Langile faltarekin lotuta, ratioen inguruan aritu zen LAB sindikatua. «Ratio lege bat behar dugu, integrala eta globala izan behar dena», adierazi zuen. Pribatizazio estrategiaz ere mintzatu zen sindikatua, eta adierazi zuen gora egin duela aseguru pribatuen kontratazioak, eta horren zergatia sistema publikoaren kalitatearen galera dela.

Aurreko sindikatuek errandakoarekin bat etorri zen CCOO. Egoera «kritikoa» dela erran zuen, eta «aurreko akatsez ikasi» behar dela. «Behin-behinekotasunak arazo larria da oraindik ere», nabarmendu zuen.

UGTk honela definitu zuen egoera:«kritikoa, kronikoa eta agonikoa». Aurreko sindikatuen modura, langile finkoen beharra aldarrikatu zuen. Osakidetzaren jarrera kritikatu zuen sindikatuak, bereziki bi arlo nabarmenduz. Batetik, Osakidetzak bere interesekoak soilik diren gaien inguruan solastatzen delako sindikatuekin. Bertzetik, akordioen betetzearen inguruan duen jarreragatik.

ESK sindikatuak, berriz, adierazi zuen beharrezkoa dela barne eta kanpo funtzionamenduaren «demokratizazioa». Horretarako, pertsonak osasun arretaren erdigunean jarri behar direla nabarmendu zuen.

Iradokizunak

Legebiltzarkideek zenbait auzi planteatu zituzten. PPkoak, erraterako, euskararen gaiari heldu zion bertze behin. Haren erranetan, Osakidetzan lan egiteko euskarazjakin behar izateak profesional andanari bertan lan egiteko aukera kentzen die. ELAk horrela erantzun zion planteamendu horri: «Ezin dugu esan arazoaren oinarrian euskara dagoenik». Horrekin batera, SMEk nabarmendu zuen herritarren eskubidea dela euskaraz arreta jasotzea. Eta proposatu zuen profesionalei euskaraz ikasteko «formakuntza» saioak eskaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.