Koronabirusa

«Tristura, pena eta amorrua»

Txertaketa irregularren harira, Urkulluk dio ez dela «interes pertsonalak» lehenesteko garaia, eta hitzeman du «gardentasunez» jokatuko duela. Sagarduik ohartarazi du ospitaleetako presioa oso azkar handitzen ari dela

Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, lehendakaritzan egindako agerraldian. IREKIA-EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Tristura, pena eta amorrua» sorrarazi dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari COVID-19aren aurkako txertaketa protokoloa hautsita eta txanda izan gabe txertoa hartu duten Osakidetzako buruen jarrerak. Eusko Jaurlaritzako gobernu bileran mahai gainean izan zuten atzo Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtu eta Santa Marinako ospitaleetako buru ohien auzia, eta ondorengo agerraldian, gobernuaren izenean atsekabea agertu zuen lehendakariak. Haren ustez, azken egunetako gertakariek «mugarri bat» ezarri dute, eta Jaurlaritzak ahalik eta «zorroztasun» eta «gardentasun» handienarekin kudeatuko du gertatutakoa. «Uste dut ez dela unea interes pertsonalak kolektiboaren gainetik jartzeko, ezta pertsonalismoak guztion erronkaren aurretik lehenesteko ere».

Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Javier Hurtado Turismo sailburua alboan zituela agertu zen komunikabideen aitzinera lehendakaria. Hiru gai izan zituzten hizpide prentsaurrekoan: osasun larrialdia, turismorako diru laguntza lerro berriak eta bezperan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin Madrilen izandako bileraren nondik norakoak. Baina hiru arlo horiez landa, txertaketan izandako irregulartasunak ere hizpide hartu zituen lehendakariak bere hitzaldian. Espresuki ez zuen aipatu Maiz eta Sabasen auzia, baina lerro artean ulertu zen haiei buruz ari zela adierazi zuenean pertsonalki eta lehendakari gisa «pena, mina, tristura eta amorrua» sentitzen dituela jarrera «insolidarioekin», areago «auzolanerako jarera eraikitzaileak» agertzea inoiz baino garrantzitsuagoa denean.

Gaiari buruz zuen iritzia galdetu zioten gero kazetariek, eta ideia berbera azpimarratu zuen. Gogorarazi zuen identifikatuta daudela txertoa eman behar zaien lehentasunezko kolektiboak,«argiak» direla Osakidetzan jarraitu beharreko protokoloak, eta horietan ez direla zuzendaritza karguak sartzen.Txertaketa prozesuaren kudeaketan «guztiz gardenak eta zintzoak» izatea beharrezkoa dela esan zuen, eta «atsekabea eta amorrua» sortzen diotela identifikatuta dauden talde horietatik eta ezarri diren protokoloetatik aldentzen direnek. Hala ere, ez zuen argitu Basurtuko eta Santa Marinako kasuez aparte besterik ote dagoen, edota beste erietxeetan antzeko irregulartasun gehiago atzeman dituzten.

Osasun sailburuak ere ez zuen argibiderik eman nahi izan. Gaur emango ditu azalpenak Eusko Legebiltzarrean, eta dudak gaurko agerraldian argituko dituela zehaztu zuen. Irregulartasunei buruzko zalantza bakarra argitu zuen Sagarduik, kazetarien galderei erantzunez: bigarren dosia emango zaiela protokoloa hautsita txertoa hartu dutenei ere: «Lehen dosia hartu duten pertsonek, abian dugun estrategiaren barruan, bigarren dosi bat bermatua dute, txerto mota bakoitzerako ezarritako jarraibide teknikoei jarraituz, 21 egunean Pfizer bada eta 28 egunean Moderna bada».

Bien bitartean, txertaketari buruzko zalaparta ez da apaldu, eta LAB sindikatuak salaketa aurkeztu zuen atzo Bilboko epaitegian,Santa Marina eta Basurtuko gerente ohiek egindako txertaketa irregularrak direla-eta. Sindikatuak ohar batean jakinarazi zuen salaketa Sebas eta Maizen kasuetara mugatzen dela, baina beste kasu batzuk ezagutuko balira, zabaldu egingo litzatekeela. Erantzukizun politikoak ez ezik, zigor arlokoak ere argitu beharko liratekeela uste dute sindikatuko ordezkariek, eta ikerketa inpartziala galdegin dute.

Ikertzeko eta erantzukizunak zuritzeko eskaerarekin bat egin du SATSE sindikatuak ere. Ohar batean salatu du txertaketa kanpainari buruzko gardentasunik eza «akuilu» dela irregulartasunak egoteko. Oposiziotik ere kritikak egin zizkioten Jaurlaritzari.Urkulluren azalpenak entzunda, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak deitoratu zuen «amorrua» adieraztea ez dela nahikoa, eta etxe barruan begiratzeko eskatu zion lehendakariari, «arazoa barruan duelako».

Egoera «kezkagarria»

Beste alde batetik, Sagarduik atzoko agerraldia baliatu zuen COVID-19aren azken egunetako kutsatzeei buruzko balorazioa egiteko, eta onartu zuen egoera «larria» eta «kezkagarria» dela. Azaldu zuenez, ospitaleetako presioa aurreko olatuan baino «azkarrago» ari da handitzen, eta aldagai guztiek erakusten dute kutsatzeak igo egingo direla datozen egunetan, eta horrek eragin zuzena izango du erietxeen gaineko presioan ere. Sagarduiren esanetan, ospitaleetan «geroz eta tentsio» gehiago dago, ospitaleratzeak, ZIUetako ospitaleratzeak eta lehen mailako arretako sintomak dituzten pertsonen kopuruak gora egin dutelako. Bost agertoki ezartzen dituen ZIUen kontingentzia plan bat dauka Osakidetzak, eta orain, hirugarren agertokian daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUak, Sagarduik azaldu zuenez. Egoeraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dituzte Galdakaon, Basurtun eta Txagorritxun arratsaldeko ebakuntza zenbait.

Birusaren bilakaera ikusita, neurri murriztaile gehiago hartzearen aldekoa da Jaurlaritza, tartean, etxeratze ordua aurreratzea. Asteleheneko bileran, Urkulluk berriro eskatu zion Sanchezi erkidegoek ordua aurreratzeko modua izatea, baina ez zuen haren oniritzia jaso, Urkulluk atzo azaldu zuenez. Haren esanetan, «berme juridikoekin» soilik hartuko dituzte horrelako neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.