Argitasuna «erakundetzen»

Asteotan EAJk eta Sortuk prestatutako txostenek aditzera ematen dute burujabetzari buruzko eztabaidan marko partekatu bat dagoela: 'argitasun' mekanismo baten eta erabaki eskubidea «instituzionalizatzearen» beharra

Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatua (pantailetan) eta Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentaria (erdian), caucusaren aurkezpenean, aurtengo urtarrilaren 20an. BERRIA.
jon olano
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Paperean, behintzat, ados. COVID-19aren izurriaren protagonismoak bigarren mailan utzi du burujabetzari eta Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko eztabaida azken hilabeteetan, baina hilabeteotan eragile politiko eta sozialen barruan landutako gogoetek erakusten dute badagoela sintonia edo, behintzat, adostasun terminologiko bat estatus politikoaren eztabaidaren parametroetan. Nagusiki, argitasun mekanismo bat ezartzeko beharraz mintzo dira, nazioarteko kontzeptua etxeratuta. Horrek, gainera, adierazpide propioa hartzen du euskal eragileen ahotan: «Erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa». Ez dira esapide berriak, baina bai gaur egungo marko diskurtsiboetan nagusitzen ari direnak.

Zehaztasun bat. Argitasun printzipioak erreferentzia egiten dio Quebeceko aldebakarreko bi sezesio erreferendumen ostean Kanadak sezesio prozesu baten baldintzak zehazteko eta argitzeko mekanismoari. Nolabait, Quebecek Kanadatik banantzeko bete beharko lituzkeen baldintzak legez arautzean datza Argitasun Legea.

Erabakitzeko eskubidea «erakundetzeko» ideia EAJk darabil joan den larunbatean aurkeztutako diagnostikoan, azken urteetako ildoari jarraituta. VIII. Kongresuari begira, jeltzaleek ez dute txosten politikorik prestatu. Edonola ere, Euzkadi Buru Batzarrak abiapuntuko diagnostiko bat osatu du, bere kideei eta alderdiko kide izan gabe zale izan daitezkeenei helarazteko. Diagnostiko horrek ematen ditu pista batzuk. Honela dio: «Autogobernua eguneratzeko prozesuak Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzera zuzenduta egon behar du, eta euskal herritarrek askatasunez eta demokratikoki adierazitako borondateari bide eman».

EBBren arabera, «bere nortasuna eta izaera nazionala aitortuta, Euskal Herria da erabakitzeko eskubidearen eta eskubide hori baliatzeko erregulazioaren titularra. Eskubide demokratikoa da, aitortu beharrekoa, eta eskubide horren egikaritza arautu eta itundu egin behar da».

Norabide berean doa Sortu ere Herrigaia txosten politikoan. «Europako estaturik gabeko nazioen elkarlanari dagokionez, indarra egin nahi dugu Europan erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta estaturik gabeko nazioen estatus aldaketa, independentzia barne, ahalbidetu eta legezko bilakatuko lituzkeen argitasun lege bat artikulatzeko», diote agirian. Sorturen kongresuan, botoa eman dutenen %71k babestu dute Herrigaia.

Espainian erabakitzeko eskubidea arautzeko pausoak ematen ez diren bitartean, partida Europako joko zelaian jokatu nahian ari dira EAJ eta EH Bildu, termino berberetan. Europako Etorkizunari Buruzko Konferentziaren eztabaida zabalik delarik, bi indar politikoak bat eginda ari dira Autodeterminazioaren Aldeko Caucusaren barruan, «Argitasunerako Mekanismo Europar Demokratiko» bat jaso dadin Europako Batasunaren legerian.

Joan den astean zabaldutako gutun batean, caucusak herritarrei dei egin zien Europako konferentzian parte hartzera. «Argitasun mekanismo baten sorrera bultzatzen laguntzea eskatzen dugu, prozesu horiei buruzko eztabaidak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzeko helburuarekin», zioen gutunak. Urriaren 23an, konferentziaren bigarren osoko bilkuran, Josune Gorospe EAJko diputatuak eta Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentariak hartu zuten hitza, «EBn subiranotasunari lotutako lurralde gatazkak konpontzeko tresna instituzionala» defendatzeko.

Alor politikoan, eta Euskal Herrira itzulita, Ahal Dugu-k ere idatziz adierazi izan du argitasun mekanismo baten egokitasunaren aldeko iritzia. 2017an, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean estatus politiko berria definitze aldera aurkeztutako Guztion ituna dokumentuan, Ahal Dugu-k proposatu zuen burujabetzari buruzko kontsultarako araudia eta estatutua berritzeko prozesua bereiztea.

Batetik, «Euskadiren nazio izaera, euskal gizartearen pluraltasuna eta kultura, politika eta gizarte esparruan inguruko beste lurraldeekiko loturak jasotzen dituen Estatutua». Bestetik, «[Espainiako] Diputatuen Kongresuan aurkezten den euskal alderdi politikoen arteko Argitasun Ituna, Kanadan bezala, eskubide hori gauzatzeko bide juridiko, aldebiko eta adostutako bideak artikulatzen dituen Argitasun Lege bat egin dadin, eta herritarrek eskatzen dituzten aukera guztien presentzia: autonomia, federalismoa, estatu independentea...».

Lankidetza akademikoa

Maila akademikoan ere eman dira pausoak, Eusko Ikaskuntzaren eta Ikerketa Katalanen Institutuaren ekimenez eta nazioarteko dozenaka aditu saretuta. Iazko azaroan eginiko Burujabetza gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak jardunaldien barruan, subiranotasunaren lurralde gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat prestatzeko oinarriak aurkeztu zituzten; nazioarteko 70 adituk baino gehiagok taxututako txostena.

Azkenik, dinamika sozialean, sintonian mintzo da Gure Esku azken urteetan, antzeko esamoldeekin. 2018ko ekainaren 10eko giza katean, esaterako, «erabakitzeko eskubidea legeztatzeko» gogoa eraman zuen plataformak Eusko Legebiltzarreko atarira, baina 2019an herri dinamikaren barruan ziklo berri bat abiatu ondoren ere ildo horri eutsi dio; horren ondorio da, besteak beste, urte amaieran bukatuko den sinadura bilketak Eusko Legebiltzarrari egin dion eskaera: «Erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.