Barkosek ez du «betorik» onartuko PSNren eta EH Bilduren artean

Lehen indarrak gobernatzea nahi du Navarra Sumak. Pedro Sanchez Iruñean izango da gaur zortzi, PSNren kanpainako ekitaldi nagusian

Uxue Barkos, joan den asteartean eginiko agerraldi batean. JESUS DIGES / EFE.
jon olano
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari eta Geroa Baiko lehendakarigaiak ez du «inola ere» betorik onartuko gobernua osatzeko orduan: ez PSNk EH Bilduri ezarri nahi diona, ezta «kontrakoa ere». «Zalantzarik gabe», maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean laukoaren formula «errepikatzearen» aldekoa da Barkos, baina eskua luzatu die sozialistei ere: «PSNk aldaketarekin bat egin nahi badu, ongi etorria izango da».

Ikusteke dago zeintzuk izango diren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeek gobernabiderako ematen dituzten aukerak, baina Nafarroako indar politikoak aliantza posibleak zedarritzen ari dira kanpainan. PSNko presidentegai Maria Txibitek Nafarroa «foral, berritzaile eta berdinzale» bat osatzeko «gobernu programa» aurkeztu zuen herenegun, horren inguruan «gehiengo aurrerakoi bat» biltzeko asmoz. Testuinguru horretan,Txibitek esan zuen bi lerro gorri jarriko dituela gehiengo hori osatzeko negoziazioetarako: PP eta EH Bildu. Koalizio subiranistaren posizioa ere agerian utzi zuen herenegun Bakartxo Ruiz lehendakarigaiak: uste du PSNren botoek «eskuinei» egingo dietela mesede: «Ez dira fidatzekoak».

Hori horrela, Barkosek ez du «betoak ezartzen dituen gobernu batean egon nahi», baina kritiko mintzatu zen PSNrekiko: «Legealdiaren lehen egunetik, PSNk aukera bikaina galdu du oposiziotik beren militantziari eta boto emaileei zor dien bide bat igarotzeko». Sozialisten zuzendaritzak, ordea, ez du «norabidea aldatu» urteotan, Barkosen arabera: «PSNk 2015ean jarraitzen du, eta uste du aldaketa bat egoteko aukera dagoela. Baina jada egon da aldaketaren gobernu bat; bat egin nahi badu, ongi etorria izango da».

Ruizek herenegun eginiko beste oharretako bat izan zen Nafarroako Gobernuak koaliziokoa izan behar duela. Barkosen iritziz, «botere kuotak» banatzea bada kontua, ez du formula horren alde lan egingo, baina bai, ordea, «ardurak banatu nahi badira».

«Alternatiba bakarra»

2015ean, UPN izan zen Nafarroan boto eta parlamentari gehien eskuratu zituen indar politikoa. Hamabost ordezkari izan ditu parlamentuan; hurrengo indarrak—Geroa Baik— baino sei gehiago, baina gehiengo absolututik 11 eserlekura. Egoera hori errepikatzeko aukeraren aurrean, Javier Esparza Navarra Sumako zerrendaburuak atzo esan zuen «zentzuzkoa» litzatekeela «lehen indarrak» gobernatzea: «Logikoa da Pedro Sanchezek Madrilen gobernatzea, PSOEk irabazi dituelako hauteskundeak». Nafarroan gauza bera egitea nahi du Esparzak, eta PSNren jarrera kritikatu du: «Ez da koherentea Madrilen gobernatzen utz diezaiotela eskatzea eta Nafarroan ezeren lidergoa hartu nahi izatea».

Duela lau urte, bananduta aurkeztu ziren UPN, PP eta Ciudadanos, eta hirurek bat egin dute orain Navarra Suma hautagaitzan. Atzo, Esparzak garrantzia eman zion «boto bat ere» ez galtzeari, harena delakoan «gobernu nazionalista baten alternatiba bakarra». Ildo horretan, Esparzak PSNri botoa eman diezaioketenen artean egin nahi izan zuen arrantzan: «PSNk esana du euskal nazionalismoarekin akordioa egin nahi dutela, eta akatsa da hori. Boto emaile sozialista askok ez dute hori nahi. Ez dute nahi Nafarroan euskal nazionalismoa indartu eta inposatzen ari diren hizkuntza politika».

PSNri bultzada emateko, berriz, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea Iruñean izango da gaur zortzi, sozialistek kanpainan zehar egingo duten ekitaldi nagusian. Txibitek esan du Sanchez «kontziente» dela «jokoan dagoenaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.