Ortuzarrek «akordioa» eskatu dio oposizioari, «daukaguna babesteko»

EAJko buruzagiak uste du Espainian hauteskundeak aurreratzen badira oposizioko alderdiek ez dituztela negoziatu nahiko Jaurlaritzaren kontuak

Ortuzar, joan den astean Madrilen, Sanchezekin bildu ostean. KIKO HUESCA / EFE.
gotzon hermosilla
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
EAJk uste du Espainian Gobernua osatzen ez bada eta hauteskundeak aurreratzen badira, horrek eragin zuzena izango lukeela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; adibidez, aurrekontuak negoziatzerakoan. Horregatik, «gutxieneko akordioa» eskatu die Andoni Ortuzar EAJren EBBren lehendakariak oposizioa osatzen duten alderdiei, egoera hori gainditu eta «daukaguna babesteko».

Ortuzarrek zail ikusten du oposizioko indarrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuen inguruko negoziazioari ekitea hauteskunde giroa nagusitzen bada; Espainian hauteskundeak aurreratzeak «Euskadin ere esparrua murriztu» egiten du, Radio Euskadiri emandako elkarrizketan azaldu duenez.

Horregatik, eta arlo ekonomikoan Europa aldetik «laino beltzak» datozelakoan, «gutxieneko akordioa» eskatu die euskal indar politikoei.

EAJren beste burukide batzuk ere mintzatu dira horren inguruan. BBBko lehendakari Itxaso Atutxak, esaterako, azaldu du jelkideek «hiru aukera» dituztela aurrekontuak aurrera atera ahal izateko: EH Bildurekin hitzarmena egitea, Elkarrekin Podemosekin edo PPrekin. Baina ETB1ek egindako elkarrizketa batean esan du EH Bilduren aukera ez duela «ikusten». «Urte osoa daramate hauteskundeei begira, eta ez dut uste orain aldatuko direnik», esan du.

Gainerakoen inguruan ere zalantzak ditu Atutxak. Elkarrekin Podemosi buruz esan du ez dakiela zer-nolako jarrera hartuko duten, baina gogora ekarri du iaz haiei esker onartu zirela aurrekontuak aurrera atera ahal izateko neurri bereziak. PPri dagokionez, haien batzarra egin arte itxaron behar dela uste du Atutxak: «Ikusiko dugu zer jarrera politiko hartuko duten horren ostean».

Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen eledunak ez ditu EAEko aurrekontuak aipatu, baina Espainiako hauteskundeak berriro egiteko aukeraz «ezkor» agertu da: «Honaino iritsita, oso zaila da biak irabazle suertatzea». PSOEri eta Unidas Podemosi eskatu die «lehenbailehen esateko», akordioa ezinezkoa dela aurreikusten badute.

«Goizegi», Martinezen ustez

Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen eledun Lander Martinezek uste du «goizegi» dela aurrekontuen inguruan hartuko duten jarreraz berba egiteko, Jaurlaritzak ez duelako oraindik aurrekontu egitasmorik aurkeztu.

Hala ere, Martinezek gogorarazi du Elkarrekin Podemosek finkaturik dituela haien ustez aurrekontuetan agertu beharko liratekeen neurriak: «herrialdeen arteko arrakala» txikitzea, zerbitzu publikoetan eta gizarte politiketan inbertsioak egitea, berdintasun politikak sustatzea eta balizko krisi ekonomiko baten aurrean neurriak hartzea.

Espainian gobernua osatzeko aukeren inguruan, Martinezek berretsi du «gaur egun» koalizio gobernua dela UP Unidas Podemosek egiten duen proposamena, baina «lehentasuna» hauteskundeak berriro ez egitea dela. Hortaz, ez du baztertu hori lortzeko beste proposamen bat egiteko aukera: «Erabaki hori hartu beharko balitz, Unidas Podemosi legokioke horren inguruan gogoeta egitea», esan du.

Edonola ere, Martinezek uste du orain «mahai gainean dagoen proposamenaren inguruan» lan egin behar dela, eta oraindik badagoela akordioa lortzeko aukera. «Denbora badago; astebete baino gehiago gelditzen da», erantsi du.

Martinezen aburuz, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren hautagai denari dagokio «lehen urratsa» egitea. Hala ere, uste du eragile guztiek «ahaleginak» egin behar dituztela hauteskundeak errepika ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.