Sendagileek adierazi dute Jaurlaritzak ez diela erantzun beren deiei

Elkarretaratzea egin dute Donostia ospitaleko atarian. Urkulluk uste du aferan «beste interes batzuk» egon daitezkeela. Oposizioak gogor kritikatu du egoera

Sendagileek Donostia ospitalearen aurrean egindako protesta, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Arantxa Iraola - Gotzon Hermosilla
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Astebete igaro da Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko zuzendari kudeatzailea, Itziar Perez, eta zuzendari medikoa, Idoia Gurrutxaga, kargugabetu zituztenetik, eta egoera ez da oraindik baretu. Sendagileek elkarretaratzea egin dute berriro Donostia ospitaleko eskaileretan, eta kexu agertu dira, esan dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ez dietelako erantzun elkarrizketarako eginiko deiei. «Hurbiltzeko borondaterik» ez diote ikusten Osakidetzaren zuzendaritzari.

Elkarretaratze laburra izan zen Donostia ospitaleko atariko eskaileretan atzo egin zutena. Donostialdeko ESIko arduradun bi kargutik kendu zituztela jakin zutenean egin zuten lehena, erietxeko zenbait zerbitzuburuk deituta, erabakiengatik protestan. Hamarnaka izan ziren atzo batutakoak protesta hasi berritan; ehundik gora ziren amaitu zenerako. Txalo zaparrada luze batekin amaitu zuten protesta.

Sendagileen izenean, Adolfo Lopez de Muniain eledunak hartu zuen hitza. Plazaratu dituzten aldarriak hedatzen jarraitu nahi dutela esan zuen, baina eragozpenak argiak dituztela; esaterako,erietxe barruan bilerak egiteko trabak jartzen hasi zaizkiela orain: «Arazoren bat dago, ea bideratzea lortzen den».

Gainera, Osakidetzako zuzendaritzara eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera elkarrizketak hasteko asmoz egin dituzten deiek ez dute erantzunik izan. «Astebete pasatu denez, harritzekoa da», azaldu zuen. «Ez dugu haien partetik hurbiltzeko borondaterik ikusten».

Aldarriak erietxeko kudeatzaile berriari aurkezteko asmotan dabiltza sendagileak, haren bulegoan. «Geratzen zaigun bide bakarra hori da», azaldu du Lopez de Muniainek. Hortik ere oraindik ez dute jaso, ordea, elkarrizketarako deirik; zerbitzuburu bakan batzuk deitu dituzte, eta, jakinarazi duenez, bilera horiek «hotzak» izan dira, eta «tentsioa» egon da. Baina jarraitu egin nahi dute ahaleginean.

Aldarri asko «osasun erakunde osoari» dagozkiola gogoratu du Lopez de Muniainek, «orokorrak» direla, erietxeko goi kargudunek konpondu ezinak, baina harreman joriak behar dituzte ospitaleko buruekin, laneko martxa onerako.

Goizero 08:15ean elkarretaratzeak egiten jarraitzeko asmoa dute. Osasun erakundeko talde gero eta gehiagoren atxikimendua lortzen ari direla esan du medikuen ordezkariak. Lopez de Muniain bera zerbitzuburua da Neurologian. Beste langile batzuentzat «lehen lerroan» jartzea zailagoa dela onartu du, «errepresalien» beldur direla, eta nahigabea erakutsi du horregatik. Zerbitzuburuek hasi zuten protesta, baina gero eta langile talde gehiago ari dira bat egiten.

Lasaitasunerako deia

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «lasaitasunerako deia» egin die herritarrei, Donostialdeko ESIan pizturiko gatazkaren inguruan: «Helburu bera dugu; hau da, osasun arreta, horren kalitatea eta azpiegituren antolaketa hobetzea. Horretan ados gaude; beraz, ez dut aparteko kezkarik».

Gogorarazi du Osasun Saila eta Osakidetza plan estrategiko bat lantzen ari direla, eta Donostialdeko ESIko arduradunak arazoak konpontzen saiatzen ari direla: «Uste dut egoera azkenean bideratuko dela; badut konfiantza», adierazi du.

Hala ere, Urkulluk iradoki du afera honetan «beste interes eta helburu batzuk» egon daitezkeela, eta, Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatzen duten adierazpenen inguruan, erantzun du horrelako eskaerak «maiz» egiten direla.

Oposizioko alderdiek oso bestela ikusten dute afera, eta hala erakutsi dute aurrekontuen inguruan Eusko Legebiltzarrean egindako bilkuran. EH Bilduko Nerea Kortajarenak esan du Osakidetza «amiltzen» ari dela, eta Sagarduiren kudeaketak gatazkak baino ez dituela sortzen: «Osakidetza ezin da beti eduki polemikaren erdian; Osakidetzak lasaitasuna, bakea eta irtenbideak behar ditu. Eta, batez ere, elkarrizketa eta profesionalei entzutea».

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik, berriz, osasunaren kudeaketa «etengabeko gatazka» bilakatu izana leporatu dio Jaurlaritzari: «Oraingo krisia bezalakorik ez da izan lehenago. Beharrezkoa da etorkizuna planifikatzea eta langileak kontratatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.