Albistea entzun

Lan Saila ez dago ados Emakundek proposatutako jaiegunarekin

2024ko azaroaren 5a jai izatea proposatu du Emakundek, Euskal Herrian andreek botoa eman zuten lehen egunagatik. Lan Sailak dio epez kanpo egin dela proposamena
Emakunderen Aholku batzordeak bilkura berezia egin zuen atzo, emakumeen hainbat elkarterekin.
Emakunderen Aholku batzordeak bilkura berezia egin zuen atzo, emakumeen hainbat elkarterekin. IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva Rodrigo - Maite Asensio Lozano -

2023ko apirilak 1

Eusko Jaurlaritzaren barruan ez dira ados jarri datorren urteko jaiegunaren inguruan. Behin betiko proposamena egin zuen atzo goizean Emakundek: azaroaren 5a, gogoan hartzeko 1933ko egun hartan emakumeek aurrenekoz bozkatu zutela Euskal Herrian. Arratsaldean, ordea, kontra mintzatu zen Lan Saila: ohar bidez jakinarazi zuen ez duela aintzat hartuko proposamen hori, «epez kanpo» dagoelako; gainera, Emakunderi aurpegiratu zion Martxoaren 8ko aukera «argudiorik gabe» baztertzea.

Hain zuzen, Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan sailburuak jarri zuen mahai gainean 2024an efemeride feminista bat jaiegun izateko aukera, otsailean. Hark proposatu zuen Martxoaren 8a, «sentsibilizazio ahaleginetan» beste urrats bat izan zitekeelakoan. Horren harira, Eusko Legebiltzarrak Emakunderi eskatu zion egun hori jaiegun bilakatzearen egokitasuna aztertzeko. Emakumearen Euskal Institutuak joan den astean baztertu egin zuen Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a jaiegun izendatzea, «helburu feministak geldiarazteko arriskua» ekar lezakeelakoan, «bultzatu baino gehiago».

Hala, efemeride feministen zerrenda bat landu du Emakundek, eta aholku batzordera eraman zuten atzo Miren Elgarresta zuzendariak eta Nerea Melgosa Berdintasun sailburuak, emakumeen hainbat elkarteren iritzia jasotzeko. «Aho batez» ebatzi zuten azaroaren 5a proposatzea.

Emakundek atzo adierazi zuen «berehala» emango ziola erabakiaren berri Lan Sailari, apirilaren erdialdera arte ezarritako alegazio epearen barruan. Baina Idoia Mendiaren taldetik erantzun zuten berandu dela: egutegia zehazteko prozesuaren hasieran egin behar direla halako proposamenak, otsaila amaitu baino lehen, ondoren eragileei kontsulta egiteko, eta irail amaierarako egutegia prest izateko; ez dago horretarako astirik orain, Lan Sailaren arabera. Erantsi zuen Emakunderen iritzia ez dela «loteslea», eta haren argudioak «zehaztugabeak» direla, efemeride feministei buruzko azterlan sakonagoa egitea gomendatu duelako: «Martxoaren 8a argudiorik gabe baztertzea erabaki du Emakundek, eta aitortu du elkarte feministekin egindako hausnarketa ez dela osoa. Hortaz, Lan Zuzendaritzak erabaki du barne bideetatik jarraitzea, eta dekretu proiektua Gobernu Kontseiluari aurkeztea».

Boto eskubidea aldarri

Guztira hamalau data izan dituzte eztabaidagai Emakunderen aholku batzordean, baina azaroaren 5aren alde egin dute. 1933ko egun hartan, andreek lehen aldiz eman zuten botoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, autonomia estatutua bozkatzeko. Nafarroan ere urte hartan bozkatu zuten aurrenekoz, bi aste geroago, Espainiako hauteskundeetan. Emakumeen boto eskubidea Espainiako II. Errepublikak onartu zuen gorteetan, 1931n. Ipar Euskal Herrian, berriz, 1945eko apirilaren 25eko herriko etxeetako bozetan eman ahal izan zuten lehen aldiz botoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zaldibarko zabortegiko egituratze eta egonkortze lanak, 2021ean. ©BERRIA

Zaldibarko Zabortegiaren gainean industrialde bat eraiki zitekeen aztertzeko eskatu zuen Jaurlaritzak

Imanol Magro Eizmendi

Txostenak ez eraikitzea aholkatu du, askotariko arrazoiengatik, baina haien artean ez dago Joaquin Beltranen gorpuak bertan dirauela. Sprilur agentziaren bitartez egin zuen eskaera

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Lehen azterketen arabera, Donostian ospitaleraturiko andreak ez du ebolarik

Edurne Begiristain Arantxa Iraola

Eria ondo dagoela eta herritarrentzako arriskurik ez dela esan du Xabier Zubeldia medikuak. Gaitz tropikaletarako protokoloa martxan dute
Nekane Arratibel irakasle eta ikertzaileak <em>Zer behar dute gazteek?</em> jardunaldietan parte hartu zuen atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Euskara, gazteen ikuspegitik

Olatz Silva Rodrigo

Lehen mailako ikasleen profil linguistikoa ezagutzeko ikerketa egin du Mondragon Unibertsitateak. Azterlanaren arabera, testuinguruak eragina dauka gazteen hizkuntza ohituretan eta hautuetan
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Periferia maiz deserosoa da, eta injustizia ere bada»

Gotzon Hermosilla

Euskarari eta euskal kulturari dagokionez periferian dauden gazteek «euren zentroak» sortzen dituztela azaldu du Jauregizuriak, eta hori «balioetsi» behar delakoan dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...