Mendekotasuna zuten 2.235 herritar hil dira arreta jaso gabe Hegoaldean

2021ean behera egin du arreta jaso duten herritarren kopuruak, Mendekotasunaren Espainiako Behatokiaren arabera

Adineko bat gurbil aulkian, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Mendekotasunaren Espainiako Behatokiaren arabera, 2.386 pertsona hil ziren iaz Hego Euskal Herrian eginak zituzten mendekotasun eskaerak partzialki edo guztiz artatu gabe; horietarik 2.235 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontatu dituzte, eta beste 151 Nafarroan. Txostenak Mendekotasun Sistema Hobetzeko Espainiako Txoke Planak erkidego autonomoetan izan duen eragina aztertu du, eta toki bakoitzean arreta eskatu zutenen eta jaso dutenen kopuruak alderatu ditu.

Hego Euskal Herriari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoari 4,2 milioi egokitu zitzaizkion Espainiako Estatuko programatik. Hala ere, artatutako pertsonen kopurua murriztu du aurreko urteko datuekin alderatuta, txostenak erakutsi duenez. 2020an 65.757 herritarrek jaso zuten mendekotasun arreta; 2021ean 65.741 izan dira. Horrek esan nahi du %0,02ko murrizketa izan dela. Izan ere, ikerketaren ondorio nagusietako bat da 2021ean mendekotasun sistema «berriro gelditu» egin zela Euskal Autonomia Erkidegoan, «2020ko jarduera dramatikoaren antzeko balioetan», eta, beraz, iazko urtean ez zela berreskuratu «2019an zegoen arreta maila». Gaur egun, batez bestean 6.861 euro bideratzen dira EAEn mendeko pertsona bakoitzeko.

Nafarroari dagokionez, 0,9 milioi euroko laguntza jaso zuten Espainiako Estatuko programa horretatik. Mendekotasunaren Espainiako Behatokiak zabaldutako datuen arabera, iaz baino 503 pertsona gehiago artatu dituzte eta 351 lanpostu berri sortu dituzte. Hala ere, itxarote zerrenda ere handitu dela nabarmendu dute txostenean; iaz baino 218 pertsona gehiago daude zain. Ikerketaren arabera, egungo erritmoari jarraituko baliote, 6,1 urte baino gehiago beharko lituzkete oraindik prestazio bat jasotzeko zain dauden 1.019 mendeko pertsonen itxaron zerrenda murriztu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.