Albistea entzun

Euskararen normalizazioa urrun dagoela onartuta abiatu da Ollo

Nafarroako Gobernuak «alderdikerietatik urrundu» nahi du euskara, aurrerapausoak emateko. Rozalejo izango da Memoriaren Institutuaren egoitza 2025. urtetik aurrera
Ana Ollo kontseilariaren agerraldia, atzo, Nafarroako Parlamentuan.
Ana Ollo kontseilariaren agerraldia, atzo, Nafarroako Parlamentuan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko irailak 15

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok aitortu du euskararen alorrean ezadostasunak daudela gobernua osatzen duten alderdien artean, baina «eztabaida alderdikoitik urrunduta» aurrerapausoak ematea espero du legegintzaldi honetan: «Baldintzak betetzen dira, bai foru mailan, bai estatu mailan, eta baita Europan ere, legealdi honi aukera gisa aurre egiteko».

Bere sailaren lan ildoak azaltzeko Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, Ollok gogoratu du Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak nabarmendu egin dituela 2015etik Nafarroan egon diren «hobekuntzak», baina kontseilariak «argi» dauka «oraindik asko» dela hobetzeko «euskarari emandako tratamenduan, normalizaziora iritsi nahi badugu». Ollo «erabilera alderdikoietatik ihes» egiten duen akordio politiko baten alde dago, zorroztasun teknikotik abiatuta eta prestigio handiko erakunde eta instituzioen laguntzarekin».

Edonola ere, gobernua osatzen duten indar politikoak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) ez dira ados jarri euskara sustatzeko funtsezkoak diren arloetan; adibidez, zonifikazioan. Euskara kontseilariak, ordea, ukatu egin du egungo gobernu akordioa 2019koa baino apalagoa dela euskarari begira. «Euskararen Plan Estrategikoa baliabide baliotsua da gaur egun ere, eta lanean jarraituko dugu».

EH Bilduren kezkak

EH Bilduko parlamentari Eneka Maizek «kezkak» helarazi ditu Olloren sailak izango dituen «muga gaindiezinak» direla eta. Salatu du gobernuak «liskarrarekin lotuta» erreparatzen diola euskarari; haren ustez, zenbait taldek «talkarekin lotu dute euskara urte askoan», eta ikuspegi hori jasotzen ei du gobernuak euskararen arloaz aritzean. «Nafarroan pluralak gara, eta eleaniztunak, eta euskara baztertua dago». EH Bilduren arabera, hori da abiapuntua euskararen alorrean egin behar den lanketa egiteko. Horregatik, «politika ausartagoak» eskatu dizkio Ollori, eta galdetu dio ea zer egingo duen eremu mistoan sartu nahi duten udalerriekin, Mañerurekin, esaterako.

Memoriaren arloari dagokionez, Ollo kontseilariak esan du «1936an eta frankismo garaian gaur egun arte askatasunaren eta demokraziaren balioak defendatu zituztenen historia berreskuratzen» jarraituko duela gobernuak. Helarazi du hilobien mapak eguneratzen jarraituko duela gobernuak, desobiratzeak eta identifikazioak egiten, 36ko gerran eta frankismoan hil zituzten desagertuak aurkitzeko. Frankismoaren ikurren zerrendatzeak ere aurrera egingo du, «ikur horiek desagerrarazteko Nafarroako gune publikotik». Era berean, San Cristobal gotorlekua memoriarako gune izateko ekinbideak aurrera egingo du, eta Espainiako Gobernuarekin batzartuko da aurki, proiektu horri bultzada bat emateko.

Biktimei buruz luze eta zabal aritu da Ollo: «Gure lanaren protagonistak izango dira aurrerantzean ere». Gobernuaren itun politikoak bermatu egingo ditu ETAren biktimentzako «babesa eta elkartasuna», baina baita «beste talde terrorista batzuen» biktimentzakoa ere. Terrorismoaren Biktimen Foru Legearen erreforma bati ekingo dio gobernuak, «ahalik eta kontsentsu handiena lortzeko asmoz».

Era berean, gobernuak aurrera egingo du funtzionarioen eta eskuin muturreko motibazio politikoaren ekintzen biktimak aitortzeko eta erreparazioa jasotzeko lanean. «Luze gabe» lehen aitortzak iritsiko direla ere iragarri du Ollok.

Horrez gain, Rozalejoren jauregia izango da memoriaren eta bizikidetzaren arloko politika publikoen egoitza. «Apustu garrantzitsua da Memoriaren Institutuari eta Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiari egoitza finko eta sinbolikoa ematea», esan du Ollok. 2025. urtearen hasieran prest egongo dela aurreikusi dute. Halaber, Memoria kontseilariak azpimarratu du Erorien Monumentuaren etorkizuna argitzeko «lanean» hasiko dela bere saila, Iruñeko Udalarekin lankidetzan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Baionako bestetako bortizkeriaren kontrako elkarretaratzea, abuztuan. ©Guillaume Fauveau

Sei gizon atxilotu dituzte Baionako bestetako hilketarekin zerikusia dutelakoan

Oihana Teyseyre Koskarat

21 eta 27 urte artekoak dira atxilotutakoak; hiru Bretainian atxilotu dituzte, eta beste hiru Essonnen, Paris ondoan.

Eraso matxisten aurkako elkarretaratze bat Iruñean ©Jagoba Manterola/ Foku

22 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bi adingaberi sexu abusuak egiteagatik

Berria

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, biktimek jasandako sexu eraso jarraituan larderia egon zen, etxean jasandako «zapalkuntzagatik». Aurrez epaitegiek ezarritako zigorra urtebete eta hiru hilabete handitu dio.

ELAk eta LABek gaur goizean egindako agerraldia, Gasteizen. ©Endika Portillo/FOKU

Zortzi greba egunera deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan

Maixa Utrera Puelles

ELA eta LAB sindikatuek deitu dute lanuzteetara: urrian, azaroan eta abenduan izango dira. Araban «hitzarmen duin» bat ezartzea dute helburu, langileen lan baldintzak eta soldatak hobetu daitezen.

Lizarrako Garcia Orcoyen ospitalea. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estellerriko osasun publikoa «desegiten» ari direla salatu du LABek

Ion Orzaiz

Sindikatuaren ustez, Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi izanak agerian utzi du arduradunen «utzikeria»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...