Erabakitzeko eskubideari eta errepublikari bide emateko eskatu dute

EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoei esker, errepublikaren bidea irekitzea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea babestu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako proposamen batetik abiatuta, errepublikari eta erabakitzeko eskubideari bide emango dion Espainiako Konstituzioaren erreforma bat eskatu zuten hiru taldeek, erdibideko testu batean. Bi paragrafo labur baino ez ditu onartutako testuak, baina esanahi politiko handikoak dira. Batetik, estatuaren egitura aldatuta, errepublikaren bidea irekitzea proposatu dute. Bestetik, estatuaren nazio aniztasuna oinarri, erabakitzeko eskubidea aitortzea galdegin dute.
Ez da lehen aldia Eusko Legebiltzarrak erabakitzeko eskubidearen alde egiten duena, baina ez du inoiz hainbesteko babesarekin egin. Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoak jasota, inoizko babes zabalenarekin onetsi zuten proposamena: 75 legebiltzarkideetatik 57k bozkatu zuten erabakitzeko eskubidearen alde: Eusko Legebiltzarraren %77k, hain zuzen ere. PSE-EEk, PP+C's-ek eta Voxek aurkako botoa eman zuten: 16 boto, orotara.
Alderdi nagusiak, ados
EP-IUren jatorrizko testuak monarkiaren inguruko erreferendum bat egitea proposatzen zuen, errepublikari bide emateko. Eta horixe izan zuen hizpide Miren Gorrotxategik hitza hartu zuenean: errepublikaren balioen defentsa egin zuen, besteak beste, eskubide sozialak, lurralde antolamenduaren aldaketa eta erabakitzeko eskubidea aitortzeko modua ematen duelako. Estatuak «demokratizazio prozesu» bat behar duela esan zuen, eta Espainiako Konstituzioaren zortzigarren atala aldatzeko eskatu, erabakitzeko eskubidea ordenamendu juridikoan txertatzeko. Alde horretatik, onetsitako testuaren garrantzia azpimarratu zuen: «Urrats bat da estatuaren demokratizazio prozesuan, aukera zabaltzen duelako gure etorkizunaren jabe izateko».
Adostasuna «zabala» izatea nabarmendu zuen Maddalen Iriartek, EH Bilduren izenean: «Herri honek aukera izan nahi du bere etorkizunari buruz erabakitzeko». Iriartek gogora ekarri zuen Gure Esku-k aurtengo otsailean Eusko Legebiltzarraren esku 21.389 sinadura utzi zituela estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz eta instituzioari eztabaida prozesu bat hasteko eskea eginez. EH Bilduko bozeramailearen esanetan, legebiltzarraren akordioak ez ditu eskaera horiek guztiak asetzen, baina urrats garrantzitsua da: «Estatuarekin menpeko ez den beste harreman mota bat behar dugu».
Joseba Egibar bozeramaile jeltzalearen esanetan, berriz, funtsezkoa da estatuaren ereduari buruzko eztabaida irekitzea, egungo eredua «inposiziotik» eraiki baita. Gogoratu zuen Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin sinatutako inbestidura akordioan estatus berri batean aurrera egiteko aukera jaso zela, baina PSOEk oraindik ez duela ireki «ate» hori. «Noizko marra gorri hori kendu eta elkarrizketari atea zabaldu?», galdetu zien sozialistei.
Txarli Prieto sozialistaren iritziz, konstituzioa erreformatzea «zilegi» da, baina autodeterminazio eskubidea ezin da hor txertatu, «ez baita eskubide bat». Gainera, EAJri gogoratu zion koalizio gobernu bat sinatua duela PSE-EErekin, eta erabakitzeko eskubidea ez dagoela bertan jasota.
PP+C's eta Voxen ustez, berriz, eztabaida bera eta onartutako akordioa «hutsalak» dira.
Gure Esku, pozik
Gure Esku-ko hainbat ordezkari gonbidatu gisa izan ziren atzoko eztabaidan. Josu Etxaburu bozeramaileak begi onez jaso zuen akordioa, «erabakitzeko borondateari bide emateko pauso garrantzitsua baita». Esan zuenez, norabide egokian egindako urratsa izanik, da «aski»: «Hasiera baino ez da, eta lanean jarraituko dugu aliantzak ehunduz, gehiengoaren erabakitzeko borondatea gauzatu dadin».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.