Euriteek arazo ugari eragin dituzte, baina ez abenduan bezainbeste

Hainbat errepide itxi dituzte urak gainezka egin duelako eta luiziak izan direlako. Nafarroan larrialdi aurreko egoera ezarri dute, eta Ipar Euskal Herrian, alerta gorria

Arga ibaia indar handiz jaisten, Burlatan. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Berriro ere zeruari eta ibaiei begira. Azken 48 orduetako euriteen ondorioz, Euskal Herriko isurialde atlantikoko hainbat ibaik eta Argak gainezka egin zuten atzo. Hala ere, uraren maila eta isuria ez zen heldu abenduaren 10ekoaren parera, eta, horren ondorioz, kalteak ez ziren hain handiak izan. Dena den, igande gauetik hasita urak gainezka egin zuelako, hainbat errepide itxi behar izan zituzten: hala nola Bergaran (Gipuzkoa); Iruñean, Landabenen; Sakanan, Arruazun eta Arbizun; Irurtzun eta Astrain artean; Endarlatsan, Ultzaman, Iraizotz eta Larraintzar artean (Nafarroa); Uztaritzen (Lapurdi); Bidaxunen eta Labetze-Bizkaikoan (Nafarroa Beherea) eta Barkoxen (Zuberoa).

[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=4Oj5lYc6GVg[/Youtube]

Duela hilabete inguru gertatutakoa gogoan, Nafarroako Gobernuak larrialdi aurreko egoera izendatu zuen. Halaber, Ultzamaren eta Argaren emari handiaren aurrean, bezperan autoak ibai ondoko tokietatik erretiratzeko agindua eman zieten herritarrei Atarrabiako, Uharteko, Burlatako eta Iruñeko udalek. Goizean heldu zen Arga punturik gorenera, 2,5 metroko maila eta segundoko 300 metro kubikoko isuria lortuta; abendukoaren aldean, %40 gutxiago. Hegoalderago, Etxaurin, ibaia ateratzea espero zen, baina, azkenean, ez zuen gainezka egin.

Eraikin bat hustu dute Beran

Arratsaldean, eraikin bat hustu behar izan zuten Beran, eta 24 familia etxebizitzetatik atera zituzten, errekak gainezka egin zuelako. Funesen ere kezka handia zegoen: aurreko uholdeak kalte handia eragin zuen herrian, batik bat ibai ondoko auzoan, eta uholdeei aurre egiteko egiturak oraindik ez dituzte konpondu. Ebroko ur konfederazioak iragarri zuen goraldia «ezohikoa» izango zela, 900 metro kubiko segundokoa. Goia 19:30ean jo zuen.

Beste kezka iturria Zaraitzu eta Eska ibaiak izan ziren. Izan ere, azken egunetako euriteei, Pirinioetako elurraren urtzea gehitzen zaie ibaiotan. Hegoalderago, Ebro ibaian, ez zen «arazo handirik» espero, gobernuaren arabera. Tuteran prest daude zer gertatuko, baina aurreikuspenek diote ohiko tokietan geratuko dela ura.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko ministroarekin Funesera joatekoa zen goizean, abenduko uholdeen ondorioez hitz egiteko, baina bidaia atzeratu zuten atzoko egoera aztertzeko: «Baldintzak ez dira abenduko berak». Duela hilabete bateko uholdeei dagokionez, 133 udali eta orotara 10.000 hektareari kalte egin ziela zehaztu zuen.

Igande arratsaldetik Pirinio Atlantikoko prefeturak alerta gorria ezarri zuen Ipar Euskal Herri osoan, eta atzo gauera arte eutsi zion egoera horri. Euriteei elurraren urtzea gehitu zitzaion, eta Uhaitza erreka indar handiz jaitsi zen Zuberoan barrena. Atharratze inguruan arrisku maila handia zen, prefeturaren erranetan. Haurrak eskolara ez eramateko eskatu zieten gurasoei, eta eskola garraioa ezeztatzea deliberatu zuen. Nafarroa Beherean, Errobik Banka eta Baigorri artean, eta Biduzek Akamarre eta Bidaxune artean arazoak sortu zituzten, eta errepideak itxi egin behar izan zituzten.

Lapurdin, Senperen, hainbat etxe argindarrik gabe geratu ziren. Egun osoan Aturri ibaiak ur emari eta maila handiak izan zituen, eta prefeturak espero zuen arratsalde erdialdean gainezka egitea. Inguruko aparkalekuak itxi ziren, eta Baionatik Peyrehoraderako tren zerbitzua moztu egin zen egun osoz.

Uholdeez harago, euriteek Bizkaian eta Gipuzkoan luiziak eragin zituzten, eta hainbat errepide itxi ziren: Trabakuako mendatea egun osoz; Bergaran, N-626 itxi egin zen, eta gauza bera gertatu zen GI-627an, Leintz-Gatzagan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.