Afrika mendebaldeko estatuek indar militar bat eratuko dute

Ecowasen xedea da egonkortasuna bermatzea estatu kolpeek astindutako eskualde horretan. Maliri, Gineari eta Burkina Fasori eskatu die azkartu dezatela boterea zibilei itzultzeko prozesua

Ecowaseko ordezkariak eta Gineako junta militarrekoak elkarrekin, iazko irailean Konakryn egin zuten bilera batean. STR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Indar militar propioa eratzea erabaki zuen Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak igandean, Abujan (Nigeria) egin zuen urteroko goi bileran. «Agintariek erabakimen osoa dute eskualdeko indar bat ezartzeko, beharrezkoa denean esku hartuko duena, izan segurtasuna bermatzeko, izan terrorismoari aurre egiteko ala herrialde kideetan ordena konstituzionala berrezartzeko», adierazi zuen Omar Alieu Turay Ecowaseko Batzordearen presidenteak.

Estatu kolpeek mendebaldeko Afrika astindu dute azken bi urteetan. Militarrek indarrez hartu dute agintea Malin, Ginean eta Burkina Fason, eta, kasu guztietan esan arren estatua berreraikitzeko trantsizio aldi bat bultzatuko zutela, herrialde horietako boterea ez da itzuli zibilen eskuetara oraindik. Ecowasek blokearen erabakiguneetatik kanpo utzi ditu hiru herrialde horiek.

Jihadismoak ere ezinezkoa egin du eskualdean egonkortasun politikoa lortzea. Muturreko islamismoarekin lotutako talde armatuen presentzia nabarmen handitu da ,Malin eta Burkina Fason ez ezik, baita Nigerren ere, eta, handik hegoaldera, Gineako golkoko beste estatu batzuetan. Herrialde horietako armadek ez dute gaitasunik mugaz gaindi jarduten duten talde horiek kontrolpean hartzeko, eta, beraz, kanpoko eragileekin aritu dira elkarlanean; esaterako, NBE Nazio Batuen Erakundearekin, Frantziarekin eta Errusiarekin.

Ecowaseko estatu kideek elkarrekin armada bat osatzea berritasun bat litzateke ekuazio horretan. Turayren iritziz, bidea emango luke «segurtasun arkitektura berrantolatzeko».

Oraingoz, armada eratzeko erabakia jakinarazi du blokeak, baina ez du xehetasun gehiago eman. Turayk azaldu duenez, blokeko Defentsa agintarien artean erabakiko dute zer-nolako indarra sortuko duten, eta iragarri du 2023ko bigarren erdian landuko dutela armada eredua.

Erabakitzeko dago indar militarra nola finantzatuko duten ere, baina Ecowaseko Batzordearen buruak aurreratu du halako proiektu bat ezin dela utzi borondatezko ekarpenen menpe; hau da, diru iturria ziurtatuta izan behar duela.

Mendebaldeko Afrikako ezegonkortasuna kezkarako arrazoi izan da EB Europako Batasunarentzat, jihadismoak eta diktadurek eragindako indarkeriak eragin zuzena baitute kontinente zaharra helburu duten migrazio fluxuetan. Frantziak, esaterako, Malin esku hartu du 2013az geroztik, herrialdeko gobernuaren eskariz, iparraldeko talde armatu tuareg eta islamisten kontra. Baina egoera erabat aldatu zen Maliko militar talde batek estatu kolpea eman ostean, 2020an. Junta militarrarekin harremanak nabarmen okertu zirela eta, Frantziak bere soldaduak erretiratzea erabaki zuen otsailean.

Presioa, isun bidez

Ecowas arduratuta agertu da Burkina Fason, Ginean eta Malin bizi duten egoerarengatik. Azken estatu horri eskatu dio aske utz ditzala uztailetik atxilotuta dauzkan Boli Kostako 46 militarrak. Urte amaierara arteko epea eman dio horretarako, eta ohartarazi du neurriak hartuko dituela baldin eta Malik soldaduak libre uzten ez baditu. Neurri horiek isun ekonomikoak lirateke, mendebaldeko Afrikako diplomazialari batek AFP albiste agentziari adierazi dionez. Togoko presidente Faure Gnassingbe Mali eta Boli Kostaren artean bitartekari lanetan aritu da, eta Malira bidaiatzekotan da, auziari irtenbide bat bilatzeko.

Ez da lehen aldia Ecowasek Maliri presio egiten diona zigor ekonomikoen bidez. Gauza bera egin zuen Maliko junta militarra hauteskundeak egitera behartzeko. Juntak urte eta erdiko trantsizio aldia hitzeman zuen kolpea eman zuenean, baina, hitzartutakoa bete eta bozak 2024ko martxoan egiten baditu, hiru urte eta erdi egingo ditu boterean.

Boli Kostako soldaduak Bamakoko aireportuan atxilotu zituzten, herrialdera iristean. Estatuaren segurtasuna arriskuan jartzen saiatzea leporatzen die, mertzenarioak direlakoan. Boli Kostaren esanetan, berriz, NBEren bake misio batean parte hartzera joanak ziren, eta legez kanpo atxilotuta daude. Ecowasek ordezkaritza bat bidali du Malira krisia konpontzen saiatzeko, baina ez du lortu aurrerapausorik egitea.

Turayk Gineari galdegin dio alde guztiak engaiatuko dituen elkarrizketa sustatzea. Gineako alderdi politiko nagusiek eta gizarte zibilaren parte handi batek baztertu egin dituzte agintariek orain arte egin dizkieten elkarrizketarako eskaintzak.

Ecowaseko Batzordearen burua kezkatuta agertu da Burkina Fasoko segurtasun egoerarengatik eta giza krisiagatik. Estatu horrek laguntza militarra galdegin zion Frantziari joan den astean, zibilen milizia armaz hornitu dezan, talde jihadisten kontra borrokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.