Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP

Alonso: «Atzo baino indar handiagoa du gaur alderdi popularrak»

Bederatzi hautetsi lortu ditu PPk, aurreko legealdian Bizkaian zuen aulki bat galduta. Bototan emaitzarik txarrena da 1990. urteko bozetatik. Popularrek goraipatu dute Araban bigarren indarra izan direla

Alonso: «Atzo baino indar handiagoa du gaur alderdi popularrak».
Ivan Santamaria.
2016ko irailaren 26a
00:00
Entzun
ESERLEKUAK

9





BOTOAK

107.357





LEGEBILTZARKIDEAK

Araba:Alfonso Alonso, Javier de Andres,Laura Garrido, Carmelo Barrio, Maria Carmen Lopez de Okariz.

Bizkaia: Anton Danborenea, Nerea LLanos.

Gipuzkoa: Borja Senper, Juana Bengoetxea.

«Pozik nago emaitzekin, eutsi diogulako geure lekuari egun zail batean». Hitz horiekin abiatu zuen hitzaldia Alfonso Alonso popularren lehendakarigaiak, Gasteizko hotel batean bildutako alderdikide eta zaleen aurrean. EAEko PP bosgarren indarra izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Bederatzi eserleku lortu ditu, eta 107.309 boto. Orain dela lau urteko emaitzekin alderatuz gero, hautetsi bat gutxiago izango du ganberan, Bizkaian zeukan hirugarrena galduta.

Bozetan emaitza «bikaina» izan dutela ziurtatu zuen Javier de Andres Arabako PPko presidenteak. «Hasi da PPren susperraldia leku guztietan irabazteko», argudiatu zuen. Boto kopuruan PPren emaitzarik eskasena da 1990. urtetik Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan. 2012. urtean baino %17 gutxiago eskuratu dituzte. Hori bai, iazko foru hauteskundeetan baino 6.000 boto gehiago bildu dituzte.

De Andresek azpimarratu zuen PPk berriro ere lortu duela Araban bigarren indarra izatea. Bost eserleku lortu ditu herrialde horretan, nahiz eta duela lau urte baino boto gutxiago lortu, eta ehunekoan ere lau hamarren behera egin. Bizkaian izan du galerarik handiena PPk: botoen %23 galdu ditu. Gipuzkoan botoen %20 inguru galdu ditu. Bi herrialde horietan ordezkaritzaren %10 baino gutxiago lortu dute popularrek.

«Gustura egon gaitezke»

Alonsoren ustez, PPk bete egin du zituen helburuak, eta badituzte gustura egoteko arrazoiak. «Atzo baino indar handiagoa du alderdi popularrak gaur», ziurtatu zuen, zaleen txalo artean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alternatiba konstituziozale bat «martxan jartzeko» emaitza dela uste du, «gora egingo duena».

«Egonkortasun eta aurrerapen bermea» izan nahi du PPk datorren legealdian, eta «Euskadiren eta Espainiaren arteko lotura» sendotu nahi du. Alonsok PSEri eskatu zion kontuan hartzeko izan duen «hondamena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.