Koronabirusa munduan

Afrikarrei neurri baztertzaileak ezartzea leporatu diote Txinari

HRW elkarteak salatu du Txinak egoiliar afrikarrak behartu dituela testak egitera eta beren burua bakartzera. Hainbat etxejabek maizter afrikarrak kaleratu dituzte, birusaren beldur

Bikote afrikar bat, maskarak soinean, Guangzhou hiriko Herrixka Afrikarrean. ALEX PLAVEVSKI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
COVID-19 gaitza hedatzearekin batera, eraso arrazistak areagotu egin dira, xenofobiaren kontrako hainbat elkartek ohartarazi dutenez. Krisiaren hasieran, Txinako herritarrak izan ziren eraso horien jomuga. Eta, koronabirusa mundu osoan zabaldu izanagatik, jatorri asiarreko herritarrei jazartzen eta erasotzen jarraitzen dute hainbat herrialdetan, pandemiaren errudun direlakoan. Txina ere ez dago arrazakeriatik salbu. Muga barruko kutsatzeak kontrolatzea lortu ostean, beste olde baterako arriskua kanpotik etor daitekeen kezka zabaldu da, eta arrisku hori atzerritarrekin lotu dute askok. Bereziki, afrikarrekin. HRW Human Rights Watch elkarteak salatu duenez, Txinako agintariek ere afrikarren kontrako neurri arrazistak bultzatu dituzte azken asteetan.

Txinako Guangzhou hiriko agintariek kontrol kanpaina bat hasi zuten apirilaren hasieran. Txinan komunitate afrikar handiena duen hiria da Guangzhou. HWRek salatu duenez, jatorri afrikarreko herritarrak koronabirus testa egitera eta beren burua egokitutako hoteletan bakartzera behartu dituzte.

Hiriko agintariek ukatu egin dute kanpainak afrikarrak baztertzen dituela, eta nabarmendu dute atzerritar guztiak daudela behartuta «COVID-19aren prebentzio eta euste neurriak» onartzera. HRWek salatu duenez, ordea, afrikarrei ezarri dizkiete soilik. «Txinako agintariek bazterkeriarekiko zero tolerantzia defendatzen dute publikoki, baina afrikarrei Guangzhou hirian egiten ari direna eskuliburuko adibide bat da», adierazi du Yaqiu Wang HRWeko ikerlariak.

Elkarteak azaldu du ez dagoela politika hori oinarritzen duen inolako ebidentzia zientifikorik. Txinara inportatutako koronabirus kasu gehienak atzerritik beren herrialdera itzultzen diren Txinako herritarrak dira. Salatu dute neurriak hartzera behartu dituzten hainbat afrikarrek emaitza negatiboa emana zutela aurretik eginiko testetan, ez zutela berriki bidaiarik egin eta ez direla kutsatutako inorekin kontaktuan izan.

Afrikarrei zuzendutako kanpainaren ondorioz, haienganako mesfidantza handitu egin dela nabarmendu du HRWek, eta, esaterako, etxejabe askok etxegabetu egin dituztela beren maizter afrikarrak. Salatu dute horietako askori kalean lo egitea beste aukerarik ez zaiela gelditu. Horrez gain, nabarmendu dute hotel, denda eta jatetxe ugarik bezero afrikarrik ez dutela onartzen.

Txinako Gobernuak ukatu egin du afrikarrak baztertu izana, eta Mendebaldeari leporatu dio Txinaren eta Afrikako herrialdeen arteko harremanak ozpindu nahi izatea.

Afrikako gobernuei deia

Afrikaren merkataritza harremanetan pisurik handiena duen estatua bihurtu da Txina azken urteetan, eta haren eragin politikoa ere esanguratsua da kontinentean. Hala ere, Pekinen jokabidea ez zuritzeko eskatu diote Txinan bizi diren afrikarrek beren herrialdeetako gobernuei, eta presio egitera dei egin diete. «Nekatuta nago egunero beheratua izateaz, eta buruzagi afrikarrak isilik gelditzen dira Guangzhouko arrazakeriaren aurrean, ez dituztelako elkarrekin egiten ari diren negozioak zapuztu nahi», adierazi du Jean-Claude Micomyza Txinan bizi den Burundiko herritarrak.

Afrikako hainbat gobernu beren herrialdeetako Txinako enbaxadoreekin bildu dira, egoerari buruzko kezka adierazteko. Horien artean, Nigeriako, Ugandako eta Ghanako gobernuak. Hainbat herrialde afrikarrek Txinan dituzten enbaxadoreek ere beren desadostasuna agertu diote Pekini, Txinako Atzerri ministroari zuzendutako eskutitz baten bidez. Behartutako testak, bakartzeak eta «afrikarrei eginiko bestelako tratamendu ankerrak» eteteko eskatu diote Txinako Gobernuari. Giza eskubideen aldeko 300 taldek baino gehiagok eta Afrikako 1.800 ekintzaile inguruk gutun irekia bidali diote Afrikako Batasunari «berehala» esku har dezan.

Afrikarrei ezarritako hainbat neurri malgutzen hasi ziren Txinako agintariak joan den astean, baina egoiliar afrikar askok uste dute afrikarren kontrako bazterketak luze iraungo duela. Michael N. kanadarrak uste du kaltea egina dagoela. «Ezin diozu jendeari egun batean esan beltzek birusa dutela, eta hurrengoan beltzak ez direla horren txarrak. Ezin duzu espero bat-batean jendeak hori barneratzea. Kalean, jendeak ihes egiten du nigandik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.