Nuklearra eta gas naturala taxonomia berdean sartu ditu Bruselak

Batzordeak dio trantsiziorako direla, eta beharrezkoak ikatza baztertzeko. Ukatu egin du taxonomiak sinesgarritasuna galdu duela eta zuriketa berdea erraztu duela

Koala Kollektiv taldeko ekintzaileen urtarrileko protesta bat, Frankfurten (Alemania). RONALD WITTEK / EFE.
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Urtezahar bezperan zabaldutako zirriborroa proposamen ofiziala da jada: Europako Batzordeak onartu egin du energia nuklearra eta gas naturala EBko taxonomian sartzea. Argindarra sortzeko bi jarduera ekonomiko horiek berdetzat hartuko dira orain, inbertsio pribatuak etiketatzeko orduan. Diru pribatua helburu klimatikoetara eta ingurumenera behar bezala eta ahalik eta gardenen bideratzeko tresna izan behar zuenak zuriketa berdeari zirrikitua zabaldu dion kezka agerikoa da gaur. Horrez gain, taxonomia osoaren sinesgarritasuna kolokan gelditu dela ere uste dute askok.

Bruselak erabaki du energia nuklearrean inbertitzea berdetzat har daitekeela baldin eta 2045. urterainoko eraikuntza baimena duten zentral berriek «ingurumenari eta ur baliabideei kalterik ez egiteko irizpideak betetzen badituzte».

Gasari dagokionez, berriz, ikatza ordezkatzeko diren eta kilowatt-ordua ekoizteko atmosferara gehienez 270 gramo karbono dioxido isurtzen duten zentralek behin-behineko etiketa berdea izango dute. Gas planta berri horiek irizpide hori bete beharko dute 2030era artean, eraikuntza baimena izan nahi badute, eta planak izan behar dituzte 2035aren bukaerarako gas berriztagarrietara edo isurketa txikiko gasetara igarotzeko.

Mairead McGuinness Europako Finantza komisarioaren arabera, «estandar horiekin, baldintza zorrotz horiek puntako berrikuntza eta aldaketa sustatuko dute sektore horietan». Deigarria da, hori bai, bere agerraldia ez zuela hasi gasa edo nuklearra aipatuz, ikatza baizik: «Europako Batasunean, oraindik argindar sorkuntzaren %15 hartzen du ikatzak, eta beharrezkoa dugu hori aldatzea».

Presio ugari

Komisarioak ez zuen argitu egintza delegatuaren bozketa nola joan den Batzordearen bilkuran, zer herrialdek egin duen alde eta zeinek kontra. Gai horretan, hori bai, presio politikoak izugarriak izan dira, batez ere gasaren edo nuklearraren menpekotasun handia duten herrialdeena. Eta horiek ez dira nornahi Europako Batasunean. Alde batean, Alemania buru duen blokea egon da (ekialdeko herrialde askorekin batera): gas naturala deskarbonizaziorako trantsizio energia izatearen alde egin du jo eta su. Halaber, Alemania energia nuklearra taxonomian sartzearen kontra zegoen.

Baina beste bloke batek, Frantzia buru, gogor defenditu du energia nuklearra, argudiatuz ez duela isurtzen beroketa globala eragiten duen berotegi gasik, baina kontuan izan gabe, besteak beste, hondakin nuklearren arazoa. Azkenean, herrialde bakoitzaren menpekotasunak idatzi du haien jarrera, baten edo bestearen alde, edota baten edo bestearen kontra.

Eta orain zer?

Batetik, Europako Batzordearen proposamenari, egintza delegatu moduan datorrenez, ezin diote zuzenketarik egin ez Europar Kontseiluak, ezta Europako Parlamentuak ere. Haiek soilik betoa ezar diezaiokete. Horretarako, beharrezkoa da gutxienez Eu ropako Batasuneko herritarren %65 ordezkatzen dituzten hamabost herrialde agertzea kontra. Alemania (gasarengatik) eta Frantzia (nuklearrarengatik) proposatutakoaren alde egongo dira, eta, beraz, hor ez dago jorratzeko bide luzerik. Orain arte, lau herrialde soilik agertu dira proposamenak dioenaren kontra: Austria, Danimarka, Espainia eta Luxenburgo.

Ordea, baliteke bide bat zabaltzea Europako Parlamentuan. Gehiengo sinplea ez da nahikoa, baina 353 botorekin atzera bota dezake Batzordearen proposamena. Boto asko dira, hori bai. Pentsatzekoa da Berdeek eta Europako Ezkerrak betoa ezarri nahiko diotela egintza delegatuari, eta horiek, gutxi gorabehera, 256 boz lirateke. Betoaren kontra leudeke ECRko kontserbadoreak (64) eta eskuin muturrekoak (70). Jarrera zehaztugabeagoa dute, bakoitzaren herrialdearen arabera, eskuineko Europako Alderdi Popularreko parlamentarioek eta Renew Europeko liberalek. Lau hilabeteko epean beta daiteke Europako Batzordearen egintza delegatua, nahiz eta aukera dagoen muga bi hilabetez luzatzeko.

Adituen taldea, kontra

Mairead McGuinness komisarioak birritan izan zuen ahotan Finantza Jasangarrietarako Plataforma; ez da gutxiagorako. Europako Batzordea taxonomiaren gaian aholkatzeko organoa da plataforma hori, eta Ursula Von der Leyenen batzordeak muzin egin dio haren adituen iritziari. Aurretik eta orain, urtarrilaren 21ean Batzordeari helarazitako txostenean, plataformak argi utzi du nuklearra ezin dela berdetzat hartu. Egia da, energia horrek ez du berotegi gasik isurtzen atmosferara, baina kalte esanguratsua egiten die ur eta itsas sistemei, ekonomia zirkularrari, kutsaduraren prebentzioari eta biodibertsitateari eta ekosistemei; hots, ez ditu betetzen jasangarritasun irizpideak.

Gasarekin, berriz, plataformak ulertzen du gasa erabil daitekeela trantsiziorako, baina baldintza oso jakin batzuetan deitu ahalko litzateke berde. Plataformak argi esan du Batzordeak jarritako isuri mailekin gas zentral berriek ez luketela bete ahal izango kalte handirik ez egiteko irizpidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.