Junquerasek adierazi du aldebakarreko bidea ez dela «bideragarria»

ERCko presidenteak esan du Katalunian independentismoak elkarrizketarako prest egon behar duela, «zilegitasuna lortzeko». Indultuek «gatazka arindu» dezaketela dio

Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia, martxoan. SUSANNA SAEZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Behin gobernu akordioa egin eta legealdia hasi ostean, agerikoago egin dira ERC Esquerra Republicana eta JxC Junts per Catalunya alderdien arteko desadostasun estrategikoak, baita ERCk Madrilekiko tentsioa baretzeko duen intentzioa ere. Azkenaldiko irmoen defendatu zuen atzo Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiak aldebiko bidea, La Sexta telebista katearen atarian eta Ara egunkarian publikatutako gutun batean: «Sinesten dugu egiteko modurik onena, beti defendatu izan dugun bezala, Eskoziako bidea dela: adostasunaren eta akordioaren bidea, erreferendum adostuarena. Nazioartean berme eta aitortza gehien sortzen duen bidea da. Badakigu beste bideak ez direla bideragarriak, ezta desiragarriak ere, lortu beharreko helburutik urruntzen gaituztelako».

Gobernu berriaren eraketa baliatu zuen Junquerasek bere gogoeta plazaratzeko: azaldu zuen ERCk «hausnarketa sakon bat» egin duela, 2017ko erreferendumaren ondoko «akatsetan eta ondo egindakoetan» oinarrituta, eta horietatik «irakaspenak» atera dituela. Duela lau urte Espainiako Estatuari emandako erantzuna da horietako bat: «Kontziente izan behar dugu gizartearen zati batek ez zuela gure erantzuna guztiz zilegizkotzat jo». Horregatik, eskua luzatu zien atzo «beren burua baztertuta ikusi ahal izan zuten guztiei», azaldu zuenez, helburua «denak barne hartuko dituen etorkizun bat» sortzea baita.

Independentismoak «alde guztietan» zilegitasuna lortu behar duela azpimarratu zuen Junquerasek, eta, hortaz, inoiz ez diotela uko egingo «ez elkarrizketari, ezta negoziazioari ere». Aitortu zuen elkarrizketa politikoak berehalakoan «emaitza ukigarriak» emango dituela pentsatzea «sineskortasun handikoa» litzatekeela, baina, hala ere, bide hori alboratzea «arduragabea» litzatekeela nabarmendu zuen. «Konpontzen diren gatazka politiko guztiak, lehenago edo beranduago, mahai baten bueltan konpontzen dira, zeinetan alde guztiek libreki beren posizioak azaltzen dituzten». Zentzu horretan, zehaztu zuen independentismoak mahai horretan egin beharreko eskakizunak «herrialdean kontsentsu handia» dutenak izan behar direla: autodeterminazioa eta «errepresioaren» amaiera.

Esan zuen horretara iristeko amnistia dela lehentasuna, eta irtenbide hori, «preso politikoei» eta erbesteratuei ez ezik, gatazka politikoarekin lotutako auzi judizialen bat zabalik duten 3.000 lagunei ere aplikatu behar zaiela. Hala ere,badira «gatazka arindu, errepresioaren mina leundu eta Kataluniako gizartearen mina eta sufrimendua gutxitu ditzaketen keinuak», ERCko presidentearen esanetan, eta «gatazkaren desjudizializazioan» koka daitekeen edozein keinu «lagungarria» dela esan zuen, indultuei buruz.

Junquerasek gutunean esandakoak hizpide hartuta, JxCren bozeramaile Elsa Artadik esan zuen independentismoak «bide guztiak aztertzeko eta bakar bat ere ez baztertzeko betebeharra» duela, eta zehaztu zuen alderdi independentista guztiek partekatzen dutela irakurketa hori. «Errazena litzatekeen bidea negoziazioarena da», erantsi zuen, baina azpimarratu zuen Espainiako Estatua dela «independentismoaren eskubideen aurka» aldebakartasunez ari dena, eta hark erabakitzen duela jorratu beharreko bidea.

Indultuak emateko eta sedizio delituaren erreforma egiteko Espainiako Gobernuaren asmoez ere aritu zen Artadi: «Ongietorriak» liratekeela esan zuen, baina, aldi berean, nabarmendu zuen ez luketela inolako aldaketarik eragingo gatazkaren konponbidean. Gainera, Espainiako Gobernuak halakorik egitekotan, borondate politikoagatik bainoago, Europa egiten ari zaion «presioengatik» egingo du, Artadiren esanetan.

Vilaltaren ñabardura

Gainerako alderdiak ez ezik, berak gidatutakoa ere argibideak ematera behartu zuen Junquerasek. Marta Vilalta ERCko bozeramaileak azaldu zuen ez dutela «inongo biderik» baztertzen Kataluniako gatazka konpontzeko. Hala ere, Junquerasen azalpenak «argiak» direla adierazi zuen, eta bat egin zuen hark independentziara iristeko defendatutako moduarekin; «Eskoziako bidearekin», alegia: «Esaten duen bakarra da hitz egiteko garaia dela, gatazka politikoa konpontzeko».

Elkarrizketarako borondatea agertu izana begi onez hartu zuen Madrilek ere. Jose Luis Abalos Espainiako Garraio eta Mugikortasun ministroak «gobernuak defendatzen duen elkarrizketaren politikarekiko erreakzio» moduan hartu zuen Junquerasen gutuna: «Eskatzen genuen bere garaian independentismoa aldebakartasunez defendatzen zutenen artean egon zitezela ahotsak beren bozkatzaileei ausardiaz zuzenduko zirenak eta errealitatea zein den planteatuko zienak». ERCk «autokritika eta egindakoaren berrikuspena» egin duela nabarmendu zuen.

Elkarrizketaren beharraz ados daude bi aldeak, baina ez hitz egin beharrekoaz, eta hori berretsi zuten, beste behin, Abalosen hitzek: «[Independentistek] Defendatzen duten markoak legediaren barruan egon behar du. Ez diegu eskatzen pentsatzen dutenari uko egin diezaioten, legediaren barruan defendatu dezaten baizik».

Hain justu, atzo goizean ekitaldi berean izan ziren Pere Aragones Kataluniako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa, Bartzelonan, eta aldeen arteko tentsioa gutxitu egin dela irudikatu zuten biek; keinu abegikor batekin lehenik, eta adierazpenekin ondoren. «Alda ditzagun mehatxuak proposamenengatik», esan zuen Sanchezek. Elkarrizketaren beharra nabarmendu zuen Aragonesek: «Kontuan izanda zer-nolako zailtasunak ditugun aurrean, etapa berri bati ekin behar diogu, eta irtenbideak jarri mahai gainean»,
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.