Ekainaren 28an eginen dute bozen bigarren itzulia Ipar Euskal Herrian

Martxoan lehen itzulia mantendu zuten, baina bigarrena atzeratu egin zuten, osasun egoeragatik. Bigarren itzulia 18 herritan egin beharko dute, segurtasun neurriekin

Herriko bozen lehen itzuliko argazki bat, martxoren 15ekoa. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak herriko bozen bigarren itzulia ekainaren 28an antolatuko dutela iragarri zuen atzo. Kontseilu Zientifikoak ez du aurkako iritzirik agertu, baina segurtasun neurri oso zorrotzak ezarri dituzte bozen egunerako, eta kanpaina egiteko ere bai. Ekainean birusa gehiegi hedatuko balitz, bigarren itzulia berriro atzeratzeko aukera izango luke Frantziako Gobernuak. Aldiz, uda pasatuta egingo balute, bi itzuliak berriz egin beharko lituzkete, osorik, 2021. urteko urtarrilean beranduenik.

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak zehaztu zituen bozketa egunean bete beharko dituzten segurtasun neurriak. Bozkalekuetan maskara derrigorrezkoa izanen da, metro bateko distantzia errespetatu beharko dute bozkatzera doazenek, eta desinfektatzeko gela jarriko dute zenbait lekutan. Bestalde, kanpaina numerikoa egitera bultzatu ditu hautagaiak, elkarretaratze fisikoak murrizteko asmoz. Eztabaidak prentsaren bidez egiteko gomendatu du, bestalde, Castanarrek. Kontseilu Zientifikoak baldintza gisa ezarri du ekainaren 28a baino lehenagoko asteetan «arrisku epidemikoa» neurtzea. Horren emaitzen arabera, azken momentura arte atzeratzen ahalko dute bigarren itzulia egiteko eguna.

Koronabirusagatik, iragan martxoaren 22an egitekoa zen bigarren itzulia atzeratzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak. Martxoaren 15eko lehen itzulia, aldiz, mantendu egin zuen. Ipar Euskal Herrian hemezortzi herritan soilik egitekoa dute bigarren itzulia. Gainontzeko 142 herrietan, lehen itzulitik gailendu ziren hautagaiak, bozen erdia baino gehiago lorturik.

Mila biztanletik gorako herrietan, bozen erdiak lortu zituzten zerrendek auzapeza hautatu eta kontseiluak osatu zituzten. Mila biztanle baino gutxiagoko herrietan, berriz, herri kontseiluak ez dituzte oraindik osatu; gaurtik aurrera ekin beharko diote kontseilua zehazteari; hilaren 28ra arte izango dute horretarako. Nabarmentzekoa da abstentzio handia izan zela herriko bozen lehen itzulian. Baionan, adibidez, hautesleen %61ek ez zuten bozkatu.

Frantziaren administraziopean diren 5.000 herritan egin beharko dute bigarren itzulia; guztira, hamasei milioi hautesle deituak dira botoa ematera.

Aulkien jokoa

Bigarren itzulia behar duten herrien artean daude Baiona, Miarritze, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Uztaritze (Lapurdi), besteak beste. Ziburun eta Urruñan abertzaleak gailendu ziren, baina bigarren itzuliko bozen erdiak lortu beharko dituzte herriko kontseiluko gehiengoa osatzeko. Baionan, abertzaleek koalizioak lortzen saiatu beharko dute gehiengo bat osatu nahi badute. Henri Etxeto hautagai sozialistak konfinamendu garaian adierazi zuenez, ez dauka abertzale eta ekologistekin batzeko asmorik.

Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoaren osaketa ez dute oraindik osatu ahal izan, eta bigarren itzuliaren ondotik eginen dute, herrietako emaitzen arabera. Kontseiluak osatuak dituzten herrietan, elkargoko hautagaiak ere aukeratu zituzten. Lehendakaria hautatzeko, berriz, ordezkari guztien izendatzea igurikatu beharko dute.

Lehen itzuli kutsakorra

Martxoaren 15eko lehen itzulia mantendu izanak hainbat kritika sortu zituen hautagaien artean. Lapurdiko eta Zuberoako herri batzuetan epidemia hedatu zuelakoan daude hautagai zenbait. Bokaleko (Lapurdi) dozena bat hautagai kutsatu ziren. Marie Ange Thebaud izan zen horietako bat,eta BERRIAri honela esan zion: «Birus hau nolanahi deskubritzen ari gara; ez dakigu gauza anitz. Baina, medikuen arabera, sintomak agertu baino hiru edo bost egun lehenago kutsatu nintzen. Hala bada, martxoaren 15arekin bat eginen luke». Francis Gonzalez auzapez ohia ere kutsatu egin zen, eta aste zenbait egin zituen ospitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.