Frederik Willem de Klerk

Apartheidaren azkenengo presidentea

Hegoafrikako agintari ohiak Bakearen Nobel saria irabazi zuen 1993an, Nelson Mandelarekin batera. Hilondoko bideo batean, barkamena eskatu du sistema arrazistak eragin duen saminarengatik.

BAS CZERWINSKI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Frederik Willem de Klerk (Johannesburgo, 1936 - Lurmutur Hiria, 2021) Hegoafrikako presidente ohia, apartheid aroko azken gobernuburua izan zena, atzo goizean hil zen, 85 urterekin. «Presidente ohia era baketsuan hil da, etxean, mesotelioma minbiziaren kontra borrokatu ostean», adierazi zuen haren izena daraman fundazioak, ohar batean. Bere aurkari politiko nagusi Nelson Mandela ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko liderra izandakoarekin batera ondu zuen bere ibilbideko lorpenik handiena: Hegoafrikako gutxiengo zuriaren agintean oinarritutako sistema politikotik herritar beltzei eskubide berak aitortuko zizkien demokraziarako trantsizioa egitea. Bakearen Nobel saria jaso zuten biek batera 1993. urtean, «mirarizko» elkarrizketa prozesu horrengatik.

Presidente ohiak barmaken mezu bat utzi du hilondoko bideo batean, «apartheidak Hegoafrikako beltzei, mestizoei eta indigenei eragin dien sufrimenduarengatik eta umiliazioarengatik».

De Klerk apartheidaren aldeko giroan hezi zen. Johannesburgon jaio zen, afrikaner familia bateko kide zen —nagusiki herbeheretarren ondorengoa den talde etniko zurikoa—, aita apartheida ezarri zuen Alderdi Nazionaleko senatari izan zen, eta Hegoafrikako presidente karguan ere izan zen, behin-behinean.

Gaztetan, zuzenbide ikasketak egin zituen, parlamenturako Alderdi Nazionalaren ordezkari hautatua izan aurretik. Ondoren, hainbat ministeriotako arduradun izan zen, eta 1989an presidente aukeratu zuten.

De Klerkek apartheid garaiko azken gobernua gidatu zuen 1994ra arte, Mandelak karguan ordezkatu zuen arte. Presidente hautatu ondorengo urtean, mugarritzat jotzen den hitzaldia egin zuen Hegoafrikako Parlamentuan. Trantsizio negoziatu bati hasiera eman zioten erreformak iragarri zituen. Besteak beste, ANC eta apartheidaren aurkako beste zenbait erakunde legeztatu zituen, eta preso politikoak askatzeko agindu zuen, Mandela bera tartean —27 urte egin zituen espetxean—. Horrez gain, heriotza zigorra ezabatu zuen.

Hitzaldiak segregazio politiken amaiera hasi zuen, eta herrialdean hasi zen elkarrizketa prozesuaren lehen urrats modura hartu ohi da, Hegoafrikan herritar guztiei legearen aurrean berdintasun formala aitortuko zien demokrazia konstituziogile bat ezartzeko bidean. De Klerken diskurtsoa ez zen parlamentari guztien gustukoa izan, eta hainbatek legebiltzarretik alde egin zuten orduko presidentea hizketan ari zen bitartean.

Orduko presidenteak hitzaldi hori egin eta bederatzi egun geroago irten zen Mandela Victor Verstergo kartzelatik, 1990eko otsailaren 11n. Espetxea utzi bezain laster, bakearen aldeko hitzaldi bat egin zuen, eta Hegoafrikako gutxiengo zuriarekin adiskidetzeko konpromisoa agertu. Aldiz, ohartarazi zuen gatazka armatua eragin zuten baldintzak ez zirela desagertu, eta negoziazio prozesu bat abian jartzea beharrezkoa zela borroka armatuaren beharrik izango ez zuen egoera berri bat sortzeko.

Lau urte geroago, Mandela Hegoafrikako presidente hautatu zuten. Herrialdeko lehen presidente beltza izan zen, lehenengo hauteskunde demokratikoen garailea. Eta De Klerk ordutik izan den azken presidente zuria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.