Salvini epaitzeko baimena eman dute, 'Open Arms' blokeatzeagatik

Zortzi botoren aldea egon da Italiako Senatuko bozketan. «Pertsonen bahiketa» egozten diote Legako buruari, salbamendu ontziaren lehorreratzea hogei egunez debekatzeagatik
Matteo Salvini Legako burua Italiako Senatuan, atzo.
Matteo Salvini Legako burua Italiako Senatuan, atzo. FABIO FRUSTACI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Munia El Marhoum Iruretagoiena -

2020ko uztailak 31

«[Matteo] Salvinik ez zuen interes publikoaren alde egin», esan zuen Matteo Renzi Italia Bizirik alderdiko buruak atzo, Italiako Senatuan. Senatuak erabaki behar zuen Lega eskuin muturreko alderdiaren buruaren aurkako beste epaiketa bat baimendu ala ez, atzoko kasuan Open Arms ontziaren lehorreratzea blokeatzeagatik. 149 senatarik bozkatu zuten baimentzearen alde, haien artean koalizio gobernua osatzen duten 5 Izar Mugimenduak (M5S), Alderdi Demokratikoak, Askeak eta Berdinak eta Italia Bizirik-ek. Aldiz, 141ek bozkatu dute baimena ematearen kontra.

Senatuko bozketako emaitzak ez du esan nahi Salvini zuzenean epaituko dutenik; baimen hori izanda, orain Palermoko Auzitegiari dagokio epaiketa egin ala ez erabakitzea. Italia Bizirik-en botoak erabakigarriak izan dira; izan ere, joan den maiatzean ezezkoa nagusitu zen Senatuko batzorde batek auziaz egin zuen bozketan, alderdi horren abstentzioari esker.

2019ko abuztuan Open Arms ontziaren lehorreratzea blokeatzeagatik epaituko lukete Italiako Barne ministro ohia. 150 migratzaile inguru egon ziren hogei egunez itsasoan, salbamendu barkuari Italiako Gobernuak lehorreratzeko baimena eman zion arte. Fiskaltzak ontzi batean «pertsonak bahitzea» egozten dio Salviniri, agintean zegoenean hartutako erabakia izan zelako. Legako buruzagiak bere burua defendatu zuen atzo, Europako Batasunari Italiako kostara heltzen diren errefuxiatuen «karga» banatzera behartzeko «legezko» modua zelakoan.

«Salvinik egindakoa krimena izan zen ala ez, edota gobernuko gainontzeko kideen laguntza jaso zuen ez dugu guk erabaki behar, hori justiziaren esku dago. Aldiz, interes orokorra kontuan hartu zuen erabaki behar dugu», esan zuen atzo Renzik. «Ontzi bat kostatik kanpo mantentzea, nire ustez, ez da publikoaren intereseko gauza», zehaztu zuen. Hark esandakoari erantzun zion Salvinik: «Epaiketara joan behar badut, burua tente joango naiz bertara».

Joan den otsailean antzeko bozketa bat egin zuten Italiako Senatuan. 2019ko uztailean Gregoretti ontzian zeuden 130 bat migratzaile blokeatu zituen Salvinik astebetez, haien artean adingabekoak, eta horregatik egozten dio Cataniako epaile batek «botere abusua eta pertsonak bahitzea». Lehenago ezin zuten Salviniren aurkako prozesu judizialik abiatu, immunitatea zuelako, baina otsaileko bozketan kendu egin zion Senatuak eskubide hori, eta, hortaz, Gregoretti-ren kasuan epaitua izango da.

«Oso lasai nago, eta egin nuenaz harro», esan zuen orduan Legako buruak. «Martiri» gisa aurkeztu zuen bere burua, defendatuz erabakia koalizio gobernuarena izan zela, eta ez berea bakarrik. Epaiketa horren lehen saioa atzeratu egin dute hiru aldiz koronabirusaren ondorioz; urriaren 3an izango da, aldaketarik ez badago.

Atzokoa, beraz, ez da Salviniren aurka baimendu duten epaiketa bakarra izan, eta, hala ere, Barne ministro ohia ez da arduratuta ageri; hura epaitzeko baimena emanda, Senatuak «opari handi bat» egiten diola esan zuen.

Epaiketa horiek, baina, kalte egin diezaiokete, batez ere bere ibilbide politikoari, La Repubblica Italiako egunkariaren arabera. Pertsonen bahiketagatik —adin gabekoak barne hartzen baditu, Gregoretti kasuan legez— 15 urteko espetxe zigorra ere ezarri ahal diote. Erruduntzat jo eta bi urte baino gehiagoko zigorra ezartzen badiote, senatari kargua kenduko liokete, eta berriro hautagai izateko aukera galduko luke Salvinik. Italiako egunkariak dioena kontuan hartuta, baliteke bere alderdiko buruzagitza zalantzan jartzea ere, 2023ko bozei begira.

Urtebete karguan

Salvini Italiako Barne ministro izan zen 2018ko ekainetik 2019ko irailera arte, eta immigrazioaren aurkako jarrera izan zen haren ikuspuntu ezagunetako bat.

Kargua hartuta egindako lehenengo mugimenduetako bat izan zen Libiako migratzaileak zeramatzaten salbamendu barkuei Italiako portuak ixtea. Ondorioz, Italiako agintarien eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko talkak egon ziren; haietako batzuk justiziaren eskuetan geratu dira. Gutxienez hiru ikerketa zabaldu dituzte orain arte Salviniren aurka «bahiketa» egotzita: Open Arms, Gregoretti eta Ubaldo Diciotti izeneko barkuena. Azken ikerketa hori Senatuak blokeatu zuen 2019ko martxoan; orduan Lega eta M5S koalizio gobernuaren babesa zuen Salvinik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga, atzo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ©Miguel Toña / Efe

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezartzeko asmoa du

Andoni Imaz

Urkullu jarduneko lehendakaria litzateke batzorde bereziaren burua berriro ere, eta aukera izango luke jendea bakartzeko eta joan-etorriak mugatzeko. Murgak eta Tapiak agerraldi bat egingo dute bihar, hartuko dituzten neurriak esplikatzeko.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa gaurko agerraldian. ©Chema Moya/EFE

Diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindu du Madrilek

Berria

Neurriak zorroztuko dituzte Hego Euskal Herrian, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta. Gainerako taberna edo jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

618 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, igo egin dira.

Osasun langileak PCR probak egiten Donostian, aurreko astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Azpeitiko Erdikalean ibili zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Abuztuaren 7tik 9ra bitartean kale horretan ibilitakoek egin beharko dute testa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna