Pakistanen oposizioak salatu du «demokrazia» dagoela jokoan

Auzitegi Gorenak argitu behar du legezkoak izan ote diren Khanek botereari eusteko bultzatu dituen neurriak. Epaia gaur ematen saiatuko dira, epaimahaiko buruaren hitzetan

Xahbaz Xarif Liga Musulmana alderdiko burua, atzo, Pakistango Auzitegi Gorenean, hedabideen aurreko agerraldi batean. SOHAIL SHAHZAD / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Krisi konstituzional betean murgilduta dago Pakistan joan den astetik, eta herrialdeko Auzitegi Gorenak erabaki garrantzitsu bat hartu beharko du egunotan: epaimahaiak aztertu behar du legezkoak izan ote diren Imran Khan lehen ministroak bere aurkako konfiantza mozio bat zapuzteko bultzatu dituen neurriak. Khanek oposizioaren jarduna blokeatu izana justifikatu du, argudiatuta bera agintetik kentzeko proposamenak atzerriko esku hartze bati erantzuten diola, eta AEBei leporatu die Pakistanen «erregimen aldaketa bat» behartzen saiatzea. Oposizioak ohartarazi du Auzitegi Gorenaren ebazpenak «demokraziaren» geroa baldintzatuko duela estatuan.

Krisi politikoa joan den igandean piztu zen. Parlamentuak egun horretan eztabaidatu behar zuen, Khan gobernutik kentzeko helburuarekin, oposizioko taldeek era bateratuan aurkeztu zuten zentsura mozioa. Gehiengoa dute ganberan, eta espero zitekeen proposamenak bozketan onartzeko adina boto jasoko zituela. Baina eztabaida bertan behera utzi zuen Qasam Suri parlamentuko presidenteorde eta Khanen alderdikideak, mozioak atzerriko konspirazio bati erantzuten ziola ziurtatuta. Khanek hauteskundeetara deituko zuela iragarri zuen segidan, eta Arif Alvi presidenteak ganbera desegin zuen, Khanek hala eskatuta.

Goreneko epaimahaiko buru Umar Ata Bandialek adierazi du auzitegiak ez duela «auzi politikoetan» sartu nahi, eta parlamentuko presidenteordearen erabakia legezkoa izan den ala ez aztertzera mugatuko dela. Oposiziotik, berriz, nabarmendu dute «demokrazia parlamentarioa» dagoela jokoan.

Khanen blokeoaren kontra salaketa aurkeztu zuten oposizioko taldeen argudioak entzun zituen atzo epaimahaiak, eta lehen ministroaren taldekoenak jasoko ditu gaur. Bandialek adierazi du epaia gaur bertan ematen saiatuko direla, baina ez du epemuga ziurrik ezarri.

Errusiak babesa agertu zion atzo Khani, eta AEBei egotzi zien Pakistanen «beste esku hartze saiakera lotsagabe bat» sustatzea. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramailearen esanetan, Khanek otsailaren 23an Moskura bidaiatuko zuela iragarri bezain laster, «amerikarrek eta Mendebaldeko beren kideek presio zakarra egin zioten lehen ministroari, bidaia bertan behera utz zezan». Khanek berak salatu du AEBetako agintari batek mehatxu egin ziola Pakistanek Washingtonen duen enbaxadoreari, Islamabaden «erregimen aldaketa bat» bultzatzearekin.

Oposizioak ukatu egin du atzerriko eragile baten esanetara jardun duenik, eta Xehbaz Xarif Liga Musulmaneko liderrak Pakistango armadako buruari eta ISI Inteligentzia Barne Zerbitzuei eskatu die akusazio horren oinarri izan daitekeen froga oro publiko egiteko. Khanek esana du AEBetako agintari baten eskutitz bat duela, konspirazioa baieztatuko lukeena, baina Pakistango Nazio Segurtasunerako Kontseiluak baztertu egin du balizko idatzi hori publikatzeko eskaria. Hala egiteak estatuaren «barne aferak nahastuko lituzke», erakundearen iritziz.

Ezegonkortasunerako arriskuaz ohartarazi du Xahid Khaqan Abbasi lehen ministro ohiak ere (2017-2018), baina beste arrazoi batzuengatik. Oposizioko Liga Musulmanaren buruak adierazi du Pakistan «anarkian» kateatu daitekeela Auzitegi Gorenak datozen egunetan ematekoa duen epaia urratzen bada.

Militarrak, isilik

Pakistanek 1947an Erresuma Batuaren kolonia izateari utzi eta independentzia lortu zuenetik, ez du lehen ministrorik izan bost urteko agintaldia amaitu duenik. Gehienez, lau urte iraun dute boterean. Khan 2018tik da gobernuburu, eta kriket izar ohiak lau urte beteko ditu karguan, abuztuan lehen ministro bada.

Herrialdearen bilakaera politikoan protagonismo handia izan dute militarrek. Estatuak dituen urteen erdiak eman ditu ia militarren agintearen menpe, eta armadak hiru aldiz eman du estatu kolpe bat gobernu zibil baten kontra, herrialdearen ezegonkortasuna etetea beharrezkoa zela argudiatuta. Oraingoz, armadak ez du adierazpenik egin herrialdeko krisi politikoaren inguruan. Azken urteetan, prozesu politikotik kanpo mantendu da, adierazpen publikoei dagokienez. Khanek berak hainbatetan ukatu du militarren babes politikoa duenik.

Pakistanek 220 milioi biztanle ditu, eta arma nuklearrak dituzten bederatzi estatuetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.