Piztear da bertsoen sugarra

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian 41 bertsolari lehiatuko dira aurten, irailaren 24tik abenduaren 18ra bitartean. BECen ibilbide luzea egin ostean, Iruñean egingo da lehendabizikoz final handia

Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarietako batzuk, atzo, Villabona-Amasan egin zuten aurkezpen ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Villabona-Amasa
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ate joka dator Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Iaz behar zuen berez, baina, pandemiaren eraginez, urtebete atzeratu behar izan zuten antolatzaileek. Bost urte igaro dira, beraz, azken txapelketatik. Orain arteko denborak bertso mundua hankaz gora jarri duela azaldu zuen atzo egin zuten aurkezpen ekitaldian Gontzal Agote talde antolatzaileko kideak. Nolanahi ere, nabarmendu du okerrenean ere izan dutela heldulekurik, eta elkartasunak, irudimenak eta autoantolakuntzarako gaitasunak lagundu diela aurrera egiten. «Berpiztu da bertso plaza. Gorriak ikusi ditugu, baina mendeku gosez gatoz».

Bertsoz abiatu zuten aurkezpen ekitaldia Irantzu Idoate eta Maddi Agirre bertsolariek, eta biek ala biek jakinarazi zuten, kantuz, piztear dela bertsogintzaren sugarra. Bea Egizabal umoregileak eman zion jarraipena ekitaldiari, eta hala, umorez egin zuen bertsolari txapelketaren argazki orokorra. Bertsoaren gaineko askotariko gaiak eraman zituen emanaldira. Aritu zen hizkuntzaren eta gaitegiaren eboluzioaz, eta baita zaleen sarrerak amaitzeko beldurraz ere. «Ni ez naiz bertsozalea, baina ez nago bertsoaren kontra», esan zuen jendaurrean. Eta egoera berean daudenentzat izen berri bat sortu zuen: bertsofriendly. Barrez leherrarazi zuen orduan aretoa.

Ekitaldian bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten bertsolarietako batzuk, eta badira aurpegi berriak 2017ko txapelketaz geroztik. Bertsozale Elkarteak adierazi du irrikaz daudela bertsolariak, eta publikoa ere hala sumatzen dutela. Antolakuntza aldetik, berriz, sortutako espektatibei arduraz eta taxuz erantzuten saiatuko direla aurreratu dute. «Pasatutakoak ahaztu gabe, berriro ere bertsogintza izan dadila hizpide».

Antolatzaileen helburua Euskal Herriko bazter guztietan bertsolaritzaren hazia ereiten jarraitzea da, eta, horretarako, hamalau saioko txapelketa antolatu dute aurten. Lehenengo fasean 36 bertsolari ariko dira, eta Getxon (Bizkaia) hasiko da. Talde bakoitzeko irabazleak hurrengo fasera igaroko dira zuzenean, eta puntu gehien lortzen dutenekin finalaurrekoen taldea osatuko da. Finalaurrekoetan, berriz, 2017ko zazpi finalistek eta lehenengo fasetik sailkatutako gainontzekoek hartuko dute parte. Azkenik, final handian Maialen Lujanbio gaur egungo txapeldunak eta finalerdikoetako zazpi bertsolaririk onenak ariko dira.

Lehenengoz Iruñean

Orain hamazazpi urte inguru, BECera (Bizkaia) mugitu zutenaurrez Donostiako belodromoan egin ohi zen final handia. Aurtengoan, berriz, Iruñeko Nafarroa Arenan egingo dute, Bertsogintza Euskal Herriko txoko gehiagotara hedatzeko asmoz.

Lujanbioren eskuetan dagoen txapela lortzea izango da parte hartuko duten bertsolari guztien helburua, eta txapelari eusten saiatuko da, jakina, Lujanbio bera. Denera, 41 bertsolari ariko dira lehia horretan, eta irailaren 24an, larunbatarekin, ekingo diote helburu hori lortzen saiatzeko bideari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.