Albistea entzun

Istorio bat zurezko kutxa batean

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede
Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian.
Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko otsailak 2 - Donostia

«Traste arrunten barruan, ondo begiratuz gero, istorio harrigarriak aurkitzen dira... edo asmatu egin daitezke». Iradokizun horixe du abiapuntu Pamiela argitaletxeak kaleratu berri duen Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu? album ilustratuak. Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek elkarlanean sortua da, eta Rosa Valverde artistaren artelanak ditu oinarri.

Pinturan ere aritu zen arren, badira artistaren lanen artean bereizgarri diren obra batzuk: arte kaxak. Azoka txikietan topatutako zein lagunek oparitutako figuratxoak egurrezko kaxetan sartzen zituen Valverdek; bere hartan, balio agerikorik gabeak denak. Artelanak sortzeko balio izan zioten, baina. Justuki, kaxa horien berri ematen du Lujanbioren eta Rodriguezen liburuak. Hala egiten diote gonbita irakurleari: «Istorio harrigarriak gordetzeko zurezko kutxa bat egingo dugu». Nola eraiki, baina? Eta zer sartu haietan? Bada, horixe kontatu dute bien artean.

Lujanbiok ondu du liburuko testua, eta, azaldu duenez, lehen aldia izan du gisa horretako lan bat egiten. «Apustu polita izan da». Argitu du liburua ez dela artistaren gaineko edo haren bizitzari buruzko dibulgazio lan bat. «Haren lanetik abiatuta zerbait librea egitea proposatu ziguten», azaldu du. Argitaletxeak berak eskainitako «askatasun» hori gehitu diote Valverderen lanari, eta oinarri horretatik sortu dute liburua. «Lekua utzi diegu gure irudimenari eta gure asmamenari, baina lotura estu-estu bat dauka Rosa Valverderekin eta haren kutxen sailarekin».

Ezker-eskuin, bat egiten duten bi hari paralelo ditu liburuak. Ezkerreko orrialdeetan, «objektu arrunt eta isolatuak» ageri dira, eta, hain zuzen ere, objektu horien itxuraz harago zer egon daitekeen asmatzea da liburuak irakurleari egiten dion proposamen jolastia. Eskuineko orrialdeek, berriz, kutxa baten konposizioa erakusten dute orriek aurrera egin ahala. Hartara, amaiera aldera bat egingo dute bi hari paralelo horiek. Rodriguezen lana nabarmendu du Lujanbiok: «Arrate Rodriguezen lana izugarri ederra da, eta gozamena da orain liburu bihurtuta ikustea».

«Oso Rosa Valverde geratu zaigu liburua», adierazi du Rodriguezek. «Mundu oso aberatsa zeukan Rosak, eta uste dut, traste horiei guztiei beste bizialdi bat emateaz gain, askotariko ideiaz betetako mundu hori ekarri dugula liburu honen orrien artera».

Rodriguezek gaineratu du haiek sortutakoa ez dela soilik haurrentzako album ilustratu bat. «Ez dakit oso ondo zehazki zergatik, baina marrazkiak askotan lotzen ditugu haurrekin. Liburu hau, haurrentzako ez ezik, helduentzako ere tresna interesgarri bat izan daiteke, nire ustez. Rosaren lanaren gainean gehiago jakiteko aukera ere ematen du».

Valverdek bere ibilbidean egindako lana sakonago ezagutu ahal izateko, hiru QR kode txertatu dituzte azken orrialdean. Youtubeko hiru bideo daude ikusgai horietan. Lehenengoak, zehazki, artistari Senperen (Lapurdi) egindako elkarrizketa erakutsiko dio irakurleari; bigarrenak, berriz, Valverderen lana ikertzeko argibideak; eta hirugarrenak, bestalde, artistaren kutxen inguruan Donostiako San Telmo museoak egin zuen erakusketaren aurkezpen ekitaldia.

Bagara saila

Pamiela argitaletxeko Bagara sailaren barruan argitaratu dute liburua. Emakume artisten lanak erakustea du xede bilduma horrek. Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla dira sailaren zuzendariak, eta lehen kolpean otu zitzaien Rodriguez izan zitekeela liburua ilustratuko zuena. Ansa: «Artistarekin iruditeria bisuala lotzen dugu, eta iruditu zitzaigun badagoela lotura bat Rosaren eta Arrateren lanen artean».

Rodriguezek baiezkoa eman, eta elkarrekin aritzea proposatu zion Lujanbiori. «Nik elkarlanean ulertzen ditut horrelako albumak, eta Maialenekin egitea sekulakoa izan da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.