Euskal sormena nazioartera zabaltzen jarri nahi du indarra Tabakalerak

Hiru milioi euroko aurrekontua izango du 2021ean. Profesionalentzako sarbideaz gain, herritarrak kulturara heltzeko bidea izatea ere badu helburu zentroak aurten

Tabakaleraren 2021. urteko programazioaren aurkezpena, atzo goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Kulturaren egoerak derrigortzen gaitu ahalegin hau egitera»: jarrera horrekin iragarri zituen atzo Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak erakundearen urte berrirako asmo berriak. Esan eta egin. Euskara nazioartekotzea, arte garaikidea profesionalizatzea, artisten arteko sareak sortzea eta sorkuntzarako baliabideak herritarren esku uztea izango dute helburu Donostiako Tabakalerak eta programa horietan parte hartuko duten eragileek aurten. Ormazabalen hitzetan, «Tabakalera euskal sorkuntza babesteko eta talentua garatzeko erreferentziazko gunea den heinean», erakusketa zentro izaeratik harago joateko asmoa du 2021. urtean: ekoizpen artistikorako zentro izan nahi du, eta, horretarako, tokiko eta nazioarteko artistei eskainiko dizkie bere espazio eta baliabide gehienak. 30 programatik gora eskainiko dituzte aurten, ikus entzunezkoetatik hasi eta arte plastikoetaraino; hiru milioi euroko aurrekontua dute. Tabakaleraz gain, egoitza bertan duten beste eragileek ere hartuko dute parte aurtengo programan: Etxepare Euskal Institutuak, Kutxa Fundazioak, Donostia Zinemaldiak, Elias Kerejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Zineuskadi/Mediak.

Ikus-entzunezkoak izango dira sorkuntzaren oinarrietako bat. Carlos Mugiro Elias Kerejeta Zine Eskolako zuzendariak jakinarazi zuen telesailen sortzaileentzako laguntza eskainiko duen programa bat jarriko dutela martxan, euskarazko telesailak bultzatu eta «nazioartekotzeko» asmoz. Horrez gain, aurrera jarraituko dute beste urte batzuetan martxan jarritako programekin, eta azpimarratu zuen euren asmoa dela sortzaileei etapa guztietan eskaintzea laguntza, ez soilik ekoizpenean: «Gure helburua ez da soilik filma amaitzea: zinemagilearen eguneroko lanean egon nahi dugu», adierazi zuen Mugirok.

Eragileen arteko lankidetza ere aipatu zuen, eta gogorarazi Zinemaldiak zer lan egin duen zinema eskolako ikasleen lanak sustatzeko; harreman zirkularrak eta belaunaldien artekoak sortzea da asmoa. Hain zuzen ere, Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordeak nabarmendu zuen Tabakaleran parte hartu duten sortzaile askoren lanen bozgorailu izan dela jaialdia. Horren adibidetzat jarri zuten NEST programa, zeinaren bidez Zinemaldiko ikasleei beren proiektuetarako laguntzak eskaini dizkieten.

Eusko Jaurlaritzak ere izan du zeresanik programazioan: aurreko urteetan bezala, Noka mentoring programa sustatuko du erakundeak. «Zinemaren sektorean emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna» sustatzea da programaren asmoa, eta Hego Euskal Herriko emakume zuzendari hasiberrien proiektuak bultzatuko ditu, tutoretza eskainiz.

Preseski, Etxepare Euskal Institutuak izango du euskal kultura sustatzearen ardura. Horretarako, alde batetik, euskal artisten eta sortzaileen mugikortasuna sustatuko duten diru laguntzak eskainiko ditu, eta, bestetik, literatur lanen itzulpenean oinarrituko diren laguntzak. Irene Larraza institutuko zuzendariak nabarmendu zuen 10 urtean 170 euskarazko libururen itzulpenean hartu duela parte institutuak, eta, hain zuzen ere, nazioarteko agente eta editoreak euskal literaturara gerturatzeko lanean dabiltzala. Horretan datza Euskal leihoak egitasmoa: euskal sortzaileen lanen nazioarteko presentzia bultzatzeko sortzen dituzten jarduera artistikoak.

Sorkuntzaren beste arlo batzuk ere landuko dituzte aurten. Kutxa Kulturren bidez, moda eta musikaren arloan profesionalizatu nahi duen orori aholkularitza eta sorkuntzarako guneak eskainiko dizkiete.

Herritarrentzat ere bai

Baina dena ez da kulturan ari direnen profesionalizaziora begirakoa izango; herritarrek ere izango dute euren tokia Tabakaleraen aurtengo programazioan. Arduradunen hitzetan, «herritar aktibo eta kritikoagoak osatzen laguntzea» helburu, Medialab plataforma jarriko dute eskuragai, publiko mota guztientzako programazioa eskaintzeko, eta sormena lantzeko tailerrak eta ahalduntze teknologikoa sustatuko duten topaketak ere antolatuko dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.