Joan Mari Irigoien. Idazlea

«Errespetua eskatzen dut; duinki hil nahi nuke, besterik ez»

Eutanasiaren aldeko jarrera maiz adierazi du Irigoienek bizitzako hainbat pasadizotan eta literatura lanetan; orain, ozendu egin nahi du. Gaitzak eragiten dion pairamendua lar handitu aurretik joan nahi du: irribarrez.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2019ko abenduak 20

Argitu orduko iluntzen duen egunotako batean izan da. Etxeko ateak zabaldu ditu Joan Mari Irigoien idazleak (Altza, Donostia, 1948). «Hilzorian, bestela ondo». Zer moduz dagoen galdetuta, erantzun horixe eman du; arrangura keinurik gabe, beti ezaugarri izan duen umore txinparta ninietan dantzan. Baldar ebaki ditu hitzak. Alboko esklerosi primarioa diagnostikatu ziotela badira hainbat urte, eta, hitzak ahoskatzeko ez ezik, zailtasunak ditu mugitzeko ere. Eutanasiaren aldeko aldarria ozen hedatzen ari da, eritasunak aurrera egin ahala hel dakizkiokeen egoerez arduratuta. Publikoki hitz egin izan du gaiaz, etxekoei ere argi adierazia die, eta idatzita dauka aurretiazko borondateen agirian: «Jakin badakit une honetan eutanasia ez dela legezkoa, baina azpimarratu nahi ditut gai horren inguruan behin eta berriz adierazi ditudan sinesmen osoa eta borondate argi eta irmoa». Medikuekin dituen harremanetan, halaber, usu adierazi die pairamenduak agurra orbandu gabe amaitu nahi duela bere mundualdia. «Oraingoz, ez; umorea badut». Idazteko gaitasuna ere bai: orduak ematen ditu. «Baina hasten direnean problemak, orduan nahi dut». Bidean lagunduko liokeen mediku edo erizainen bat nahi luke lagun, baina legez kanpokoa da eskatzen ari dena. Miresmenez dihardu Nicolas Bonnemaison medikuaz; Baionako erietxean ziharduela, 2010. eta 2011. urteetan zazpi gaixo hil hurreni sufrimendua arintzeko sedazioa eman zien, eta epaitu eta zigortu egin zuten horregatik 2015ean. Buruan loratzen zaizkion eran ezin ditu ebaki hitzak; BERRIAren galdetegia idatziz erantzun du horregatik.

Nola heldu zen gaixotasunaren diagnostikoa?

Hasieran, disartria bat izan zen, eta bizpahiru urte egin nituen zer nuen jakin gabe, harik eta tratatzen ninduen neurologoa jubilatu eta beste neurologo batekin hasi nintzen arte. Azken honek, berriz, proba batzuk egin zizkidan, baita diagnostikoa eman ere halako batean: «Alboko esklerosi primarioa duzu, itxuraz...». Medikuak, zoritxarrez, bete-betean asmatu zuen.

Zer eboluzio klase izan du gaixotasunak?

Irudimen handiko gizona nauzu, eta nire gorputzaren giharrak ahulduz eta ahulduz joango zitzaizkidala entzun ahala irudikatu nuen pelikula osoa. Alboko esklerosi primarioa, azken batean, ELAren [AEA alboko esklerosi amiotrofikoa] antzeko gaixotasun bat da, baina garapen geldoagoa duena.

Zer inpaktu izan zuen zugan?

Galdera horri erantzun baino lehen, heriotzaz eta heriotzarekin ditudan harremanez hitz egin beharko nizuke. Kontua da, izan ere, nik 8-10 urte nituela hil zela Altzako Mirasun baserriko amona xaharra, eta kontua da gertaera hark sekulako zirrara eragin zidala, halako moldez, non istantean ulertu bainuen hildakoa Mirasungo amona zela, bai, baina ni ere izango nintzela, egunen batean, film hartako protagonista. Denbora, baina, gaitz guztien erremedioa da, eta pixka-pixkanaka ikasi nuen, neure bide-desbide haietan barrena —heriotzaren aurkako borroka egunerokoan, beraz—, lagun onak izan nitzakeela umorea eta ironia. Adibide bat ere emango dizuet. Zuek badakizue eutanasiaren aldekoa naizela, baina zer hobe nire problema hari umoreaz aurre egin baino? Hara zer poema idatzi nuen osasunez hobeto nengoen garaian:

Printzesa urrun baten izena duzu, Eutanasia,
baina nik hurbilago nahi zintuzket,
maite-maite baitzaitut,
eta ez baitut burutik baztertzen
zu neure egitea noizbait,
         edo ni zeure, hobeki…

Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza;
zu, ene azken hatsa;
zu, ene Buda errukibera;
zu, ene balizko sufrimenduen aringarri;
zu, ene maitaleen maitale.

Barkatu atrebentzia,
hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…

Ordutik osasun sistemaren partetik jasotako arta zer-nolakoa iruditu zaizu?

Bai medikuengandik eta bai erizainengandik jaso dudan tratua aparta izan da. Denbora batean, errebisioak-eta egiteko, Basurtuko ospitalera joaten nintzen, non mediku talde batek egiten baitzidan osasun azterketa. Orain, berriz, nola zerbitzu horiek Donostiako ospitalera ere hedatu diren, bertan egiten ditut egin beharrekoak, Bilbora joan gabe.

Zaintza aringarriekin zer harreman mota izan duzu?

Behin batean, eroriko baten ondorioz, aldaka hautsi nuen: nik hartu nuen mina...! Baina traumatologo jaunak haustura detektatu, operatu, eta min guztiak kendu zizkidan. Geroztik, ez dut oinazealdirik izan, baina giharrak gero eta ahulagoak sentitzen ditut, eta susmoa dut fase ilunago batean sartuko ez ote naizen aurki... ea ene pronostiko honetan huts egiten dudan. Gainerakoan, zaintza aringarrietako buruarekin elkarrizketa bat izan nuen, bai, eta hark argitu zidan zer-nolakoa izan daitekeen aurrerantzean izan dezakedan panorama.

Zer-nolakoa izan da autonomia galera?

Indarren araberakoa. Orain esango dudana ez du inork ulertuko, nik bizi izan dudan esperientzia bizi izan ezean. Urte batzuk egin ditut gaitzarekin, eta sinesten al didazue egunez egun sentitu izan dudala neure beheraldia, apurka-apurka izan bada ere eta ñabarduraz ñabardura? Egun batean, hatz edo behatz baten artikulazioa gogortzen bazait... lasai, biharamunean beste txikikeriaren bat nagusituko baitzaizu: sudur-puntan garatxo bat atera baietz, kar-kar-kar...! Hanken mugimenduak ere horrela joan zitzaizkidan, murriztuz eta murriztuz, mugatuz eta mugatuz... Eta, hala ere, pozik, oinez ibiltzeko gai izatetik karroz ibiltzera pasatu bainintzen, gidabaimen berririk ordaindu gabe, gainera...

Zer gogoeta eragin dizkizu fase bakoitzak?

Orain artekoa ezin hobeto eraman dut, alai eta umoretsu. Baina arestian esan dizuet ez ote nagoen fase ilunago bat urratzeko tenorean, geldiunerik gabeko paralisiak eraginda. Baina gehiegizka ari naiz, ausaz...

Medikuen artean aurkitu duzu foro egoki bat bizitzaren amaieraren inguruan sortu zaizkizun gogoeten inguruan solastatzeko?

Nik, gizon bakartia naizen arren, ez dut inongo zailtasunik medikuekin nire gaitzaz hitz egiteko, halako eran, non medikuren baten kontsultara joatea tokatzen zaidanean, beti izaten baitut harekin hitz-asperturen bat. Emaztea emakume zorrotza dut, eta, horretaz mintzatzen garenean, honela esaten dit: «Hitz-aspertu bat izan duzula medikuarekin...? Aspertu zuk, bai, medikua, orduan!». Baina, foro eta hitzaldi guztien gainetik, garbi ikusten dut zer nahiko nukeen bere momentuan... irri batekin agurtu nahi bainuke neure inguruko jendea... edo ahalegindu gutxienez, gauza hauek ezin baitira %100ean ziurtatu. Lotsagarria baita jende batek, bere ametsa betetzeko —heriotza ahalik eta goxoena helburu—, nola ibili behar izaten duen, legea saihesteko tranpak eta iruzurrak eginez... Bonnemaison jaunaren kasua datorkit burura, eta batera datozkit pena eta lotsa, lotsa eta pena... baita negar-malko batzuk isurtzekoa ere, aldian behin. Hori dela-eta, ulertzen dut mediku batzuen jarrera, izugarria baita zenbat pairatu eta sufritu zuen Bonnemaison jaunak bere ausardiagatik! Baina, bide batetik ez bada, beste bide bati ekin beharko genioke, osasunaz arduratzen diren kolektibo guztiak —sendagileak, erizainak, politikariak, instituzioak, eta abar— zirikatuz eta estutuz, bazter orotatik.

Juan Carlos Ruiz / Foku

Norekin partekatu izan dituzu zure kezka horiek?

Edonorekin. Baina esan dizuet hitz egiteko zailtasunak ditudala, eta, batzuetan, halako gogogabezia bat nagusitzen zait. Hitzek nekarazten nautenean, ordea, hortxe gelditzen zaizkit eta hortxe gelditzen zaizkie mintzakideei irriak eta begiradak, sarri askotan hitzek baino gehiago hitz egiten dutenak.

Eutanasia legez zigortuta dago. Zure egoeran, zer sorrarazten dizu debeku horrek?

Nazka. Politikari batzuek bularreko haurtzat hartzen gaituzte, baina orain, 71 urte ditudala, eta burua, ustez, bere lekuan, errespetua bakarrik eskatzen dut, duinki hil nahi bainuke, besterik ez. Nire eskubideak jokoan daude, eta eman diezazkidatela bitartekoak, kauenzotz!

Egindako galderez gain, beste deus ere erantsi nahi zenuke?

Bai. Nik badakit nondik natorren, eta badakit zer iturri edo zer tradiziotatik edan dudan, neure galdera existentzialei erantzun egokia (?) emateko. Argi daukat, alde horretatik, kristau tradizioa izan dudala erreferentzia nagusi. Beste alde batetik, egia da Kristo hil zutela, baina zergatik hil zuten? Neure pertzepziotik, gizarte-nahasle bat zelako, justiziaren eta mundu hobe baten bila zebilena. Beste era batean egingo dut galdera: zertara etorri zen Kristo, oinazea santifikatzera edo hura murriztera? Nik ez dut dudarik. Kristok, izan ere, herrenak sendatzen zituen, baita gaixo errukarri sentitzen ziren guztiak ere. Kristo ez zen, beraz, masokista inpenitente bat, baizik eta oinazearen aurka borrokatzen zen gizon ezin eskuzabalagoa. Kristok, masokista bat izan balitz —Jainkoa zen neurrian, masokista infinitua ere izango zen—, ez zituen herren zeudenak sendatuko, alderantziz baizik: herrenei gelditzen zitzaizkien hanka-apurrak xehe-xehe moztuko zizkien, edo besoak, belarriak, begiak errotik erauzi, eta abar, eta abar. Argudio absurdoagorik hauek baino...! Baina lau haizeetara oihu egin gabe ezin egon... bai baitakit heriotzara eramango nauen abentura-desbentura honetan, burua ere gal dezakedala noizbait. Bada, gauzak hala gertatuz gero, dakienak daki zer egin behar didan: ahalik eta azkarren egin diezadala, hori bai...

[Elkarrizketatuak postdata hau erantsi nahi izan du elkarrizketa amaitzeko]

P.D.: Nik badakit badabilela, hango eta hemengo osasun zentroetan, jende jator askoa eta aurrerakoia, indarrean dauden osasun legeen esparruan mugitzen dena: txaloak, eta omenaldiak, eta monumentuak, beraz, jende horrentzat...! Baina ez daitezela gutaz ahaztu, eutanasiarena zaintza aringarriena baino metodo hobetzat jotzen dugulako, edo seguruagotzat, edo, azken orduan ere, gure askatasunean eta gure osasuna erabakitzeko ahalmenean gehiago sinesten dugulako. Bestela esanda: gaixo batek zaintza aringarriak nahiago dituela, eutanasiak kontzientzia problemak sorrarazten dizkiolako...?, bada, eman diezazkiotela!, baina ez ditzatela eutanasiazaleon eskubideak eragotz!

Orain arte esandakoa laburbilduz, sinetsia nago gizarteak beste pauso bat eman beharko lukeela alor honetan ere, eutanasia eta suizidio lagundua legeztatuz. Badakit, halaber, eutanasiaren aldeko lege batek kontrol eta segimendu berezi bat beharko lukeela, baina behin legeak aldatzen hasita, hobera egin beharko genuke, ezta...?

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordiziako herritar batzuk maskarak jantzita, atzo. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Agerraldiak ugaritu egin dira

Irati Urdalleta Lete, Iosu Alberdi Igor Susaeta

Beste bi foku agertu dira Nafarroan: Tuterakoan 23 pertsonak eman dute positibo, eta Iruñekoan, bostek. Ordiziakoan 58 dira kutsatutakoak; Murgarentzat, ez dago konfinamendua ezartzeko beharrik

 ©JON URBE / FOKU

Maskara, paisaiaren parte, era orokortuan ez bada ere

Arantxa Iraola - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria - Edurne Begiristain -Olatz Silva

Birusak hedatzen segitzen duela erakutsi dute azken egunotako datuek; izurriari euste aldera, beraz, maskararen erabileraren aldeko ahotsak ozentzen ari dira. Ez da uniformea erabilera. Errenterian, Hendaian eta Urruñan, Gasteizen eta Barakaldon izan da BERRIA erabilera aztertzeko.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna