Aurrekontuak adostea proposatu dio Eusko Jaurlaritzak EH Bilduri

48 milioi euroko diru poltsa negoziatzea eta pentsio apalak osatzea proposatu dio. EH Bilduk uste du Jaurlaritza «mugitu» egin dela baina proposamena ez dela «nahikoa»

Jaurlaritzaren eta EH Bilduren ordezkariak, atzoko bileran, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk bilerak izan ditu EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin aurrekontuen inguruan eztabaidatzeko, eta, sailburuak adierazi duenez, bilera horien emaitza oso desberdina izan da: EH Bilduri «proposamen serioa» egin dio aurrekontuak hitzartzeko, 48 milioi euroko diru poltsa baten norakoa negoziatzeko aukera emanez; Elkarrekin Podemosen jarreratik, aldiz, «urrunago» daudela esan du Azpiazuk, eta haien proposamenetako batzuk «demagogikoak» direla.

Aurrekontuen negoziazioan, pentsioen gaia izan da EAJren eta EH Bilduren desadostasunetako bat. Aurrekontuetan pentsio apalenak osatzeko eskatzen zuen EH Bilduk; Jaurlaritzak erantzun zion pentsioak Espainiako Estatuaren eskuduntza direla eta arlo horretan sartzekotan aurrekontuen egitasmoak«ziurgabetasun juridikoa» izan zezakeela. Azpiazuk oraindik ere uste du pentsioen gaia Espainiako Estatuari dagokiola, baina bide bat topatu du pentsiorik apalenak osatzeko: diru sarrerak bermatzeko errenta %3,5 igotzea.

«Horrela, diru sarrera bermatzeko errenta jaso ahal izateko gehieneko saria gutxigatik gainditzen duten pentsiodun askok aukera izango dute euren pentsioa osatzeko laguntza eskatzeko», azaldu du Azpiazuk.

Neurri horrek 24 milioi euroko gastua ekarriko luke. Eusko Jaurlaritzak proposatzen du beste lau milioi bideratzea guraso bakarreko familien eta hiru seme-alaba edo gehiago dituztenen diru sarrerak osatzera.

Enplegua sortzeko dirua inbertitzea zen EH Bilduren beste eskaera nagusia aurrekontuen proiektuari baiezkoa emateko. Arlo horretan, 20 milioi euro —eta beste horrenbeste 2020an— eskualderik zigortuenak suspertzera, soldata arrakala txikitzera eta antzeko politiketara bideratzea proposatu du Jaurlaritzak.

Orotara, 48 milioiko diru poltsa —eta beste 32 milioi 2020an— zertan gastatu negoziatzea proposatu dio Jaurlaritzak EH Bilduri. «Ahalegin osoa» egin du Jaurlaritzak, Azpiazuren esanetan, «eskura dauden baliabide guztiak mahai gainean» jarri dituelako. Izan ere, Jaurlaritza prest dago diruaren banaketaz hitz egiteko, baina betiere «gastua handitu gabe».

«Eztabaidaren erdigunean»

EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek esan duenez, Jaurlaritzak egindako proposamenak erakusten du «mugitu» egin dela, pentsioak eta enplegua «eztabaidaren erdigunean» jarri dituelako. Hala ere, oraindik uste dute proposamena ez dela «nahikoa», eta iragarri dute datorren astean negoziatzen jarraituko dutela

Jaurlaritzaren eta Elkarrekin Podemosen arteko bilera ez da hain emankorra suertatu. Azpiazuk esan du koalizioaren proposamen gehienak ez direla «bideragarriak», egungo esparrua «gainditu» egiten dutela edo, besterik gabe, «demagogikoak» direla, eta haiekin ados jartzeko aukera gutxi ikusi du.

Elkarrekin Podemosekoak ere ezkor agertu dira bileraren ostean, baina oso bestelako arrazoiak direla eta. Koalizioaren bozeramaile Lander Martinezek esan duenez, Azpiazuk «akordioa lortzeko borondate eskasa» erakutsi du, eta haien proposamenei jarri dizkien oztopoak «politikoak» dira.

Hortaz, «zail» ikusten du Jaurlaritzarekin akordiorik hitzartu ahal izatea. «Ez gaude beherapenetan», azaldu du Martinezek; «arazoa ez da euro bat gehiago edo euro bat gutxiago. Guk aurrekontuak onartu ahal izateko, Jaurlaritzak erabateko bira eman beharko lieke bere politika sozialei, eta ez dugu horretarako borondaterik ikusten».

Martinezek iragarri du gaur aztertuko dutela egoera sakonago, eta iragarriko dutela negoziazioak «bukatutzat» ematen dituzten edo beste saialdi bat egitea erabakitzen ote duten.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos koalizioez gain, beste aukera bat badu Jaurlaritzak aurrekontuak aurrera ateratzeko: PPren babesa bilatzea, aurreko urteetan egin bezala. Baina aukera hori ere gero eta urrunago dagoela ematen du.

Datorren astelehenean egingo dute bilera Jaurlaritzaren eta PPren ordezkariek, baina PPk ezinbesteko baldintzatzat jarri du aurrekontuak onartu ahal izateko EAJk apur dezala Autogobernu Lantaldean EH Bildurekin duen ituna estatus politiko berriaz, baina EAJk uko egin zion horri, PPk hori lortzeko proposamena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuenean, herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.