Legebiltzarraren gehiengoa bat etorri da espetxe eskumenen alde

PP ez beste talde guztiak ados daude. Nabarmendu dute espetxe eredu berriaren helburua «gizarteratzea» izan behar dela, eta ardatza, aldiz, «pertsonen duintasuna»

EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanova eta Jone Goirizelaia, Maria Jesus San Jose sailburuarekin berbetan, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean espetxe ereduari buruz egindako eztabaida monografikoa garratza izan da zenbaitetan: talde parlamentarioek kritikak egin dizkiote elkarri, eta EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte EH Bilduren proposamen gehienak —115etik 82—, nahiz eta horietako batzuekin ados egon eta «forma akatsak» argudiatu. Baina EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE bat etorri dira punturik garrantzitsuenetan—esaterako, espetxeen inguruko eskumenak berriz eskatzea—; denek nabarmendu dute adostasun horrek duen garrantzia.

EH Bilduk proposatuta egin dute bilkura monografikoa, eta horren helburua zen Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ezarri beharreko espetxe ereduaren lehenengo ardatzak zirriborratzea, Espainiak horren inguruko eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku uzten dituenerako.

Ardatz horietan ere bat etorri dira talde gehienak: espetxe eredu berriak «gizarteratzea» izan behar du xede; aintzat hartu behar dira presoen eskubideak, «duintasunaren printzipioa» eta genero ikuspegia; eta erregimen irekiak lehenetsiko ditu ahal den neurrian.

«Espetxea ez da irtenbidea»

Jone Goirizelaiak azaldu dituEH Bilduren proposamenak. Esan duenez, espetxea ez da «irtenbidea» gizarte arazoak konpontzeko: «Instituzio gisa, espetxea krisian dago, porrot egin duelako giza eskubideen alorrean eta gizarteratzeko xedean». Hala ere, onartu du gaur egungo gizartean kartzelaren abolizioaren inguruko eztabaida ez dagoela behar bezain heldurik; horregatik, bestelako espetxe eredua eskatu du, «diseinu diferente eta propioa» izango duena.

Hainbat neurri proposatu ditu presoen eskubideak aintzat hartzeko: bizitzeko, familiarako, kulturaniztasunerako, adierazpen askatasunerako eta osasunerako eskubideak, ordaindutako lan duina izateko eskubidea eta abar. Halaber, kexu agertu da EAJk eta PSE-EEk iragarri dutelako gehienen kontra bozkatuko zutela. Hala ere, esan du EH Bilduk babestuko zituela EAJ eta PSE-EErenak: «Segitzen dugu pentsatzen gureak zehatzagoak direla, eta berriro defendatuko ditugu aukera dugun guztietan», esan du, baina erantsi du EH Bilduk «akordio zabala» sustatzea lehenetsi duela.

Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Josek iragarri du txosten bat egiten ari direla gaiaren inguruan, eta proposamen horren helburuak eta printzipioak zerrendatu ditu: espetxean daudenen eta biktimen «duintasuna», kartzelaren erabilera murriztea, gizarteratzea, genero ikuspegia, politika publikoen integrazioa eta abar.

Espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku uztea defendatu du berriro. «Eskuduntza hori transferitzea konstituzioa eta estatutua betetzea besterik ez da», esan du sailburuak.

Goirizelaia oso kritiko agertu da San Joserekin; esan du haien proposamena «oso berde» dagoela, eta txostenik ez ekartzea leporatu dio.

EAJko Joseba Zorrillak, aldiz, EH Bilduri zuzendu dizkio kritikarik zorrotzenak: «autokritikarik» ez egitea leporatu die, espetxeen kudeaketaren eskumena eskatzea 1979an estatutuaren kontra agertu ziren arren eta ez ezkutatzea zein den haien «lehentasuna». «Guk, ezker abertzaleak ez bezala, preso guztiak ditugu gogoan gure proposamenak egiten ditugunean», esan du Zorrillak. Berretsi du «beti» eskatu dutela espetxeen eskuduntza, eta erantsi du gai honetan ez direla «hutsetik» abiatzen, Jaurlaritzak bere esku dituen gaietan—presoen osasun arloan, esaterako— badagoelako aldez aurretik egindako lan bat.

EAJk eta PSE-EEk 44 neurri proposatu dituzte, eta aurrera atera dituzte denak, gehienakEH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. Elkarrekin Podemoseko eledun Juan Luis Uriak nabarmendu du taldeen arteko adostasuna uste baino handiagoa dela, eta presoak hurbiltzearen, gaixo larriak kaleratzearen eta gradu progresioan urratsak egitearen alde mintzatu da.

Presoen hurbiltzea

Alexia Castelo (PSE-EE) ziur dago espetxe eskumena transferituko dela, «hauteskundeen ostean PSOEren gobernu bat egongo delako Espainian», baina ohartarazi du: «Alderdi penala eta espetxeen alderdia desberdindu behar dira. Horretarako proposamenak ez dira hemen [Legebiltzarrean] egin behar, Espainiako Kongresuan baizik. Eskumenaren transferentziak ez du ekarriko presoak hurbiltzea».

PPko Nerea Llanosek zalantzan jarri du espetxeen gaia «gizartearen lehentasunezko kezken artean» ote dagoen, eta, aldi berean, EH Bilduren asmoen inguruan ere duda egin du: «Zuentzat hau gai politikoa eta alderdikeriazkoa da; zuen kezka ez dira presoak, preso batzuk baizik». Zuzenbide estatuaren «kalitatea» gutxietsi nahi izatea leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.