Kataluniako prozesu subiranista

«Bigarren fronterako» deia

Gasteizen izan da Roger Torrent; esan du «presio mekanismo guztiak» ezarri behar direla Espainiak erreferendum bat negoziatzeko. Elkarrizketa jo du gatazken konponbide gisa

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, atzo, Gasteizko Europa jauregian eginiko hitzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Euskal Herriak rol garrantzitsua dauka. Euskadik bigarren fronte bat zabaldu behar dio [Espainiako] Estatuari, oinarrizko eskubideen eta askatasunen defentsan». Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak mezu hori zabaldu zuen atzo Gasteizen, Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak antolatutako konferentzian. Ezinezko erreferendumetik, ezinbesteko erreferendumera izenburuko hitzaldia egin zuen Torrentek, eta bide horretan eman beharreko pauso batzuk mahaigaineratu: «Beharrezkoak diren presio mekanismo guztiak aktibatu behar ditugu, [Espainiako] Gobernuari gehiago komeni dakion erreferendum bat negoziatzea hura galaraztea baino».

Bide horretan «botere faktikoen» aurka ere egin beharko dela azaldu zuen: «Horrek agerian utziko du ez garela BOEren [Espainiako Aldizkari Ofizialaren] kapitalismoan oinarritzen». Nola behartu hori? «Herria mobilizatzeko gaitasun izugarria, hauteskunde gehiengo argiak, nazioarteko konplizitate esanguratsuak, sektore estrategikoetan burujabetza eta estatuan indar progresisten babesa» erakutsita. Horrekin batera, uste du beharrezkoa dela agerian uztea Espainiaren gobernabidea «ezinezkoa» izango dela Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazkari «irtenbide demokratiko bat» ematen ez badio.

Torrentek aitortu zuen independentismo katalana norabide estrategiko bat adosteko prozesuan dagoela; beraz, hura egituratzeko, nabarmendu zuen hiru ideiaren inguruan daukatela adostasun handiena: «Erabakitzeko eskubidea, jazarpenaren aurka agertzea, eta errepublikaren ideia».

Torrenten aurretik, Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak hartu zuen hitza, eta azpimarratu «elkarlanerako garaiak» direla: «Herri txikiok geure buruaren jabe izan nahi badugu, elkarrekin aritzera behartuta gaude. Ezinbestekoa da indarrak biltzea». Alvarezek uste du lankidetza hori bi esparrutan behar dela: «Lehen-lehenik, oinarrizko eskubideen eta askatasunen defentsan. Eskubideen urraketei elkarrekin egin behar diegu aurre. Bigarrenik, indarrak bildu behar ditugu elkar babesteko burujabetzaren bidean».

Alvarezek erakundeei egin zien erreferentzia: «Ona litzateke herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahiak batera defendatzeko». «Sentsibilitate politiko ezberdinen, euskal eta kataluniar herrietako ordezkarien eta gizarte mugimenduen» artekoa behar du lankidetza horrek, Gure Eskuren arabera. Alvarezen ostean baina Torrenten aurretik, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohia mintzatu zen, eta nabarmendu zuen «euskal herritarren kopuru handi bat harro» dagoela «kataluniarrek abiatutako bideaz».

Aurrez, Urkullu eta Tejeria

Euskal Herrira eginiko bisitan, agenda betea izan zuen Torrentek atzo. Eguerdian, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak harrera egin zion, eta eta parlamentuko lehendakari Bakartxo Tejeria «ziur» azaldu zen bisitak bi herrien eta parlamentuen arteko harremana «indartzen lagunduko» duela. Torrentek «esker on zintzoa» agertu zien mahaikideei, eta parlamentuak «hitzaren egoitz, elkarrizketaren tenplu» gisa definitu zituen: «Hau da gaur eta beti aldarrikatzen duguna: gatazkak konpontzeko tresnarik onena elkarrizketa politikoa da».

Bazkalostean, berriz, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak egin zion harrera, Ajuriaenean. Bi ordezkariek ez zuten adierazpenik egin bileraren ostean, baina, Jaurlaritzako iturriek zabaldu zutenez, Espainian «elkarrizketaren kultura» ezartzeko «zailtasunez» jardun zuten, Kataluniaren eta Espainiaren arteko «gatazka politikoarentzako irtenbide demokratiko bat» bilatzeko beharraz aparte.

Urkulluk Kataluniako prozesu subiranistan izandako bitartekaritza rolaz mintzatu zen goizean Torrent, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Urkullu zeregin horretan aritu zen, nagusiki, 2017ko urrian, eta, joan den astean Eusko Legebiltzarrean eginiko hitzaldi batean, bere burua eskaini zuen arlo horretan laguntzeko: «Asmoa da egoerari eztabaidatutako irtenbide negoziatu bat bilatzen eta ematen laguntzea». Hitz horiez galdetuta, Torrentek erantzun zuen «behar» duten «elkarrizketa eremua sortzen lagunduko» duela Urkulluk.

Herenegun heldu zen Torrent Euskal Herrira, eta, egun berean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearekin egin zuen batzarra. «Egoera politikoa aztertzeaz gainera, helburu bera duten bi herriren arteko elkarlanaz aritu gara: burujabetza eta errepubliken eraikuntzan aurrera egitea», idatzi zuen Otegik sare sozialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.