G7koen goi bilera Miarritzen. Osasun zerbitzuak

Manifestariak artatzeko prest

Mobilizazio garaietan izan daitezkeen zaurituak artatzeko hainbat talde arituko dira. Sorospenean adituak izateaz gain, «antikapitalistak» ere badirela azpimarratu dute

Karrikako mediku talde bat lagun bat artatzen, Naoneden, hilaren hasieran. THIBAULT VANDERMERSCH / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Street Medic edo karrikako medikuak. Manifestazioetan gertatzen diren istiluetako zaurituak artatzeko antolatuak diren sareak dira. Historikoki, Pantera Beltzen mugimenduan hasi ziren arta talde alternatibo horiek. Poliziaren bortizkeriaren biktimei lehen arreta emateko helburua zuten. Hortik haratago, beltzentzako osasun zentro autogestionatu eta independenteak plantan ezartzen zituzten. Geroztik, karrikako mediku talde askok nazioarteko hainbat mugimendu sozialetan parte hartu dute, eta egunotarako ere osatu dituzte, G7koen aurkako protestetan izan daitezkeen zaurituak artatzeko.

Notre-Dame-des-Landesko BBG babestu beharreko gunean, esaterako, Poliziak Cesar operazioa burutu zuen 2012an. Hainbat zauritu izan ziren, eta Karrikako Medikuak egon ziren bertan. Jaka Horien manifestazioetan, arta taldeak ugaritu egin dira. Eta, mugimenduaren pareko, iritzi eta jatorri politiko anitzetako jendea bildu da bertan. Talde batzuek, adibidez, beren burua «neutrotzat» dute. Secours Volontaire 64-65 taldea Akitaniako departamentuan aritu da arta lanetan. Melanie —ez du abizenik eman— kidearen ustez, «poliziak ere gizakiak dira, eta, beharrezkoa delarik, hor gaude gure zerbitzuak eskaintzeko». Kontatu duenez, taldekide batek polizia baten besoko zauria sendatu zuen atxilotua izan aurretik.

Maiatzean, Street Mediceko hainbat kolektibok komunikatu baten bidez jakinarazi zuten ez dutela horrelako jarrerarik onartuko beren ildo politikoaren barruan. Engaiamendu politikoa berretsi dute: «Militanteak gara; jendea artatzen ez ezik, Poliziaren eta estatuen indarkeriaren aurkako borrokan ari gara». Jaka Horien garaian izandako «molde» batzuk «irmoki» salatu dituzte; «hala nola karrikako mediku batzuek militanteak Poliziaren aurrean salatzea, borroka molde batzuei oztopoak jartzea eta baita jarrera baztertzaileak izatea ere». Melanie, «neutro» horietariko bat da, baina erran du ez duela gehiago street medic terminoa baliatzen bere burua izendatzeko. Ulertu du «ikuspegi ezberdinak» badirela.

Street Zad Action Medic taldea Notre Dame-des-Landesko istiluetan egon da. Kamilak erran duenez —asmatutako izena da, kideek beren nortasuna gorde nahi baitute—, «edonor izan daiteke karrikako medikua», eta, formakuntzari dagokionez, «talde militanteetan» prestatzen direla erran du.

Formakuntza «militantea»

«Ekintza zuzenak gertatzen diren testuinguruetan trebatzen gara; bakoitzak ezagutza maila ezberdina du, eta elkarrengandik ikasten dugu». Formakuntzarako talde berezitu bat ere bada: Street Medic Formation. Christophe —asmatutako izena da— taldeko kideak adierazi du «artaz gain formakuntza militantea» ere lantzen dutela. Nabarmendu du karrikako mediku batzuei «neutraltasunak» kalte egin diezaiekeela: «Guk arta zirkuitu alternatibo bat irudikatzen dugu, manifestarien segurtasuna bermatzen duena, baina Jaka Horien mugimenduko praktika batzuek salaketa izan dela erakutsi dute, eta, beraz, jendeak gureganako konfiantza gal dezake».

Arriskuen gainetik

G7koen aurkako mobilizazioetara hainbat talde etorriko dira. Jaka Horien mugimenduan izan diren zaurituen kopurua dela eta, «egoera kezkagarria» ikusten du Melaniek, eta harekin bat egin dute Street Medic Formation eta Street ZAD Action Mediceko kideek. Gehienetan, launakako taldeetan ibiltzen dira manifestaldien denboran. Karrikako mediku «neutroak» ezagutzeko, gurutze gorriak jantzi ohi dituzte bizkarrean edo kaskoan, eta motxila daramate bizkar gainean. Lehen artak emateko materiala sartzen dute hor: negarra eragiteko gasen aurkako likidoak edo zauriak babesteko konpresak, besteak beste. Beren burua «militante ezkertiar eta antikapitalistatzat» dutenek, ordea, ez dute ezaugarri berezirik, eta diskrezioa bermatzen saiatzen dira, Poliziarekin «arazoak izatea saihesteko».

Jarduteko moduari dagokionez, zauritu bat gertatzen delarik, lehen eginkizuna arriskuz kanpoko toki batera eramatea da. Istiluen erdian geratzen delarik, bi «zailtasun» dituztela aipatu du Street Medic Formationeko kideak. Alde batetik, zauritua babestu behar dute, eta, bestetik, euren burua. Izan ere, hiru karrikako medikuek diote Poliziaren bortizkeria jasaten dutela «beste manifestariek bezain beste».

G7koen aurkako mobilizazioetan egotea erabaki dute. «Frantziako Poliziaren jarrera ikusita, badakigu istiluak egongo direla eta zaurituak izateko arriskua badagoela». Beste kontragailur batzuetan egona da Street ZAD Action Mediceko militantea, eta aurreikusten du asteburua «kolpe gogorra» izango dela. Oroitarazi du azken hilabeteetan Polizia indarkeriak«azken hogei urteotako zauritu kopuru bera» egin dituela, eta segurtasun operazioaren «desproportzioa» deitoratu du.

Autofinantzaketa bidez funtzionatzen dute, eta jendeak emaniko materiala baliatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.